EHUk euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean

«Eusko Jaurlaritzak adierazitako konpromisoari esker» lortu dute akordioa egitea. Orotara euskarazko berrehun ikaspostu eskainiko ditu EHUk Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikina, Leioan (Bizkaia). OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikina, Leioan (Bizkaia). OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko uztailaren 10a
20:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko Unibertsitateak iragarri duenez, datorren ikasturtean 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu euskaraz Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. EHUren Gobernu Kontseiluak hartu du erabakia, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen batzarrak proposatuta, eta, azaldu dutenez, «Eusko Jaurlaritzak adierazitako konpromisoari esker» eta Osasun Sailarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin izandako «elkarlanaren» ondotik gertatu da hori. Orotara, EHUk berrehun ikaspostu eskainiko ditu Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko euskarazko lerroan, eta beste horrenbeste gaztelaniazkoan.

Horrela konpondu dute azken asteotan EHUk eta Osasun Sailak izan duten desadostasuna medikuntzako euskarazko ikaspostu kopuruaren inguruan. Hasieran, EHUk adierazi zuen hamasei ikaspostu gehiago eskainiko zituela Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko euskarazko lerroan, baina Osasun Sailak «kezka» azaldu zuen erabaki hori zela eta, gutxiegi zirela iritzita, eta Alberto Martinez Osasun sailburuak esan zuen hamasei ikaspostu horiek «beharrezkoak» zirela, baina ez «nahikoak».

Jaurlaritzaren nahia zen EHUk berrogei ikaspostu gehiago eskaintzea euskaraz, baina EHUren iritziz eskaera hori ez zen bideragarria orduan zeuzkan baliabideekin: «Gaur egun euskaraz beste berrogei toki eskaintzea ez da errealista baldin eta kalitatezko irakaskuntza bermatu nahi bada euskaraz».

EHUk txosten bat egin zuen, euskarazko eskaintza handitu ahal izateko beharrezko zituen neurriak zehazteko, eta orain, plazaratutako oharrean adierazitakoaren arabera, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du txosten horretan agertzen ziren eskaerak aintzat hartzeko, eta bermatu egingo du azpiegiturei, giza baliabideei eta praktika klinikoei lotutako baldintzak betetzea. «Modu horretan, besteak beste, neurriak hartuko dira ikasleak graduko praktika klinikoa egitera iristen direnean eskolak euskaraz izan daitezen», azaldu du EHUk.

Ekainaren hasieran, osasun arreta euskalduntzeko agiri bat plazaratu zuten EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Aintzat osasungintza euskalduntzeko mugimenduak. Han agertzen ziren zortzi eskabideetako bat zen medikuntza ikasketetan «euskara bermatu eta lehenestea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.