Osasun arreta euskalduntzeko manifestu bat egin dute, zortzi eskabiderekin

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Aintzat osasungintza euskalduntzeko mugimenduak gaur egin dute aurkezpena, Donostia ospitalearen atarian egindako agerraldi batean. Azaldu dutenez, osasungintzako 501 langilek egin dute bat manifestuarekin.

Manifestuaren aurkezpena, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Manifestuaren aurkezpena, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko ekainaren 3a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Osasun arretan hizkuntzak berebiziko garrantzia duela gogoratu dute: «Kalitatezko osasun arreta bermatze bidean, eskura dagoen ebidentzia zientifikoak argi uzten du komunikazioa gakoa dela, eta, horrenbestez, gaixoak hautatutako hizkuntzan izan behar dela». Horiek horrela, osasun arreta euskaraz «eskaini, eman eta bermatzeko» bidea egin behar dela aldarrikatu dute. EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek eta osasungintza euskalduntzeko Aintzat mugimenduak batera ondu duten manifestuan jasota dauden eskeak dira horiek, eta kolektibo zabal baten nahia erakusten dutela erantsi dute: izan ere, osasungintzako 501 langilek egin dute bat mezuarekin.

Gaur egin dute bi mugimenduetako ordezkariek manifestua plazara ateratzeko agerraldia. Donostia ospitaleko atarian izan da. EHEko Intza Gurrutxagak eta Aintzat mugimenduko Unai Larrinagak irakurri dute testua. Atzean, babesa ematera joan dira hainbat kide. Horietako hainbat osasun langileak dira, eta bata zuriarekin agertu dira. Manifestuan jasotako eskabideak Euskal Herri osoko alderdi politiko, sindikatu, unibertsitate eta bestelako eragileentzat direla zehaztu dute, eta aintzat hartzeko eskea egin diete. Zortzi puntutan jaso dituzte.

«Kalitatezko osasun arreta» bermatze aldera zortzi puntuak beharrezkoak direla adierazi dute: «Bada garaia euskaldunak ere kontuan hartzeko». Propio aipatu dute manifestuan Eusko Jaurlaritza osasun sistema eraldatze aldera bultzatzen ari den osasun ituna, eta akordio zabal horretan hizkuntza irizpideak ere aintzat hartu behar direla gogoratu dute: «Ez da herri itunik egongo, ezta elkarbizitzarik ere, euskarazko osasun arretarik ezean».

Berriki Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hainbat keinu egin ditu osasun sistema euskalduntzeko ahaleginetan ari dela erakusteko. Batetik, kezka agertu du EHUk espero baino ikaspostu gutxiago aterako dituelako euskaraz Medikuntza eta Erizaintza fakultatean. Bestetik, Madrili eskatu dio baloratzeko euskara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mediku egoiliar aritzeko hautaprobetan. «Azkenean, denborak esango du zertan geratzen diren keinu edo urrats horiek», azaldu du gaur Larrinagak. Gogora ekarri du, ordea, sektorearen aspaldiko eskabide bat: mediku egoiliar izateko hautaprobak, eta osasun arloko gainerako profesionalek egiten dituzten gainerako etsaminak ere, euskaraz egiteko aukera eman behar da. Izan ere, egun gaztelaniaz bakarrik egin daitezke proba horiek. Garrantzitsua da aldaketa: «Horrela, ikasketak euskaraz egin dituztenen baldintzak besteenekin parekatuko lirateke». Izan ere, gradu ikasketak euskaraz egin eta gero, hautaproba prestatzeko hizkuntza aldaketa egin behar izaten dute gaur egun osasun arloko graduetako ikasleek. Ohartarazi du hautaproba horiek euskalduntzeko egiten diren lanketak ondo zaindu behar direla. Itzulpenak egin beharrean «euskaraz benetan sortzeko» modua egin behar da.

manifestuaren zortzi puntuak

  • Arretaren kalitatea eta ekitatea. «Osasun arreta euskaraz» izatea paziente euskaldunen oinarrizko eskubidea dela gogoratu dute: «Edonon, edonoiz eta ahozko zein idatzizko harremanetan».
  • Lehen mailako arreta. «Leku guztietan» eman behar da lehen mailako arreta euskaraz. «Lehentasunez eta urgentziaz» UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean dauden herrietan bermatu behar da.
  • Euskarazko zirkuituak. UEMAko herrietatik eta lehen mailako arretatik abiatuta, «euskarazko zirkuituak» martxan jarri behar dira. Ospitaleetako arretan ere horretarako bideak ireki behar dira.
  • Ikasketetan euskara bermatu eta lehenetsi. Osasun arloko profesionalak prestatzen diren sektore guztietan bermatu eta lehenetsi behar da euskara: lanbide heziketan, unibertsitateetan eta arloarekin lotura duten gainerako formakuntza eremu guztietan.
  • Euskaraz, pazienteek eskatu gabe. «Eskubidea» da euskarazko osasuna arreta jasotzea, horretarako eskaera «berezirik» egin gabe. 
  • Historia klinikoak ere, euskaraz. Baliabideak «indartu eta normalizatu» behar dira osasun profesionalek euskaraz egiteko pazienteen historia klinikoak.
  • Ebaluatzeko orduan, euskara aldagaietako bat. Ebaluazio prozesuetan, oro har, euskarazko arreta emateko gaitasuna eta horri buruzko formakuntza baloratzeko urratsak egin behar dira.
  • Baliabideak sortu eta garatu. Arreta euskaraz bermatzeko baliabideak sortu behar dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.