Jaurlaritzak kezka agertu du EHUk espero baino ikaspostu gutxiago aterako dituelako euskaraz Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean

EHUk ohar batean zehaztu duenez, urrian egindako lehen bileran dagoeneko aurreratu zioten Osasun sailburuari egungo baliabideekin ez dela bideragarria euskaraz beste berrogei toki eskaintzea, «euskaraz kalitatezko irakaskuntza bermatu nahi baldin bada».

EHU
Medikuntza eta Erizaintza fakultatea. EHU
arantxa elizegi egilegor
2025eko maiatzaren 29a
21:51
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kezka adierazi du EHUk erabaki duelako datorren ikasturtean soilik beste hamasei ikaspostu eskaintzea Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean euskarazko lerroan. Izan ere, sailburuak gogorarazi duenez, beste berrogei toki eskaintzea adostu zuten iaz aurreko errektoretza taldearekin, eta orain %60 gutxiago eskainiko dituzte. Alberto Martinez Osasun sailburuak nabarmendu du hamasei ikaspostu horiek «beharrezkoak» direla, baina ez «nahikoak». Martinezen esanetan, konpromisoa ez betetzeak «hezkuntza kalitatea murriztea» dakar.

EHUk kaleratu berri duen ohar baten arabera, berriz, iazko urrian aurreko errektoretzak egindako bileran dagoeneko aurreratu zioten sailburuari beste berrogei ikaspostu eskaintzea ez dela bideragarria, ez behintzat egungo baliabideekin: «Gaur egun euskaraz beste berrogei toki eskaintzea ez da errealista, kalitatezko irakaskuntza bermatu nahi baldin bada euskaraz. Kopuru hori datozen ikasturteetan urtetik urtera handitzea proposatzen du unibertsitateak; sailburuari martxoan izandako bileran azaldu bezala».

Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatean datorren ikasturtean euskarazko beste berrogei toki eskaintzeko akordioa izan zen iaz Osasun sailburu berriak eta EHUk lortutako lehen akordioetako bat. Orduko hartan sailburua bera bildu zen EHUko orduko errektore taldearekin. Akordioaren azken helburua zen orotara laurehun toki eskaintzea, eta gazteleraz eta euskaraz eskaintzen diren ikaspostu kopurua parekatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.