80 urte bete dira gaur AEBek Hiroshiman (Japonia) bonba atomikoa bota zutela. Larunbatean izango da Nagasakira botatakoaren urteurrena. Bakearen Aldeko Unibertsitateen Errektoreen Konferentzia egin dute Hiroshiman, HU-Higashisenda campusean, eta bakearen aldeko adierazpen bat sinatu dute 11 unibertsitatek. Tartean izan da EHU ere, eta Joxerramon Bengoetxea errektoreak parte hartu du konferentzian.
Bakearen aldeko manifestuaren sinatzaileek konpromisoa adierazi dute unibertsitateen arteko elkarlana sustatzeko, ikasleen eta ikertzaileen trukea baliatuta, bakearen aldeko kulturan sakontzeko. Adierazpena sinatu dute Japoniako, Alemaniako, Taiwango, Malaysiako, Italiako, Poloniako, Suediako eta Euskal Herriko unibertsitateek.
Bengoetxeak gogora ekarri ditu duela 88 urte Gernikan (Bizkaia) izandako bonbardaketa, eta bai Hiroshimak bai Gernikak urteotan egindako ahalegina memoriari eusteko: «Euskal Herrian badakigu horretaz zerbait, ez bakarrik Gernikagatik, baita ondoren izandako gertaera guztiengatik ere: izandakoari buruzko desinformazio ofizialari aurre egiteko eta errealitate historiko ezkutua azaleratzeko. Euskaldunok diktaduratik pasatu ginen, eta baita trantsizio luzean iraun zuten indarkeria urteetatik ere».
Zer egin dezakete unibertsitateek bakearen alde? Bengoetxeak uste du unibertsitateak behartuta daudela haien esku dagoena egitera, gertaera horiek ez errepikatzeko eta gertatutakoa ez ahazteko. «Unibertsitateek zor berezia dute jakintza horiek gordetzeko, ikertzeko eta gure ikasleak prestatzeko euren eguneroko bizitzan justizia, zuzentasuna eta ulermena landu ditzaten», azaldu du EHUko errektoreak. «Izan ere, hezkuntza eta ikerketa funtsezko zutabeak dira etorkizun ekitatibo eta iraunkorrerako, elkarrizketa kritikoa sustatzen dutelako, elkar ulertzea elikatzen dutelako eta lankidetzarako eta bizikidetzarako baldintzak sortzen laguntzen dutelako; guztiak ere, bakea mantentzeko beharrezko osagaiak».
Hiroshiman, Bengoetxeak gogoan izan du Israel Gazan egiten ari den sarraskia. Nazioarteko erantzun bateratua behar dela esan du.