Industria Digitalizazioaren eta Zibersegurtasunaren Ingeniaritzako Gradua izango da datorren ikasturteko berritasuna EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen eskaintzan. Gradua Bilboko Ingeniaritza Eskolan irakatsiko dute, eta ikasleek komunikazioak, telematika, automatizazio industriala, adimen artifiziala eta zibersegurtasuna landuko dituzte. Gradu berri hori gehituta, guztira 108 gradu eskainiko ditu, eta ehun graduondo baino gehiago. Eskaintza guztiaren berri emateko, hiru orientazio azoka egingo dituzte: urtarrilaren 31n, Donostian; otsailaren 7an, Gasteizen; eta otsailaren 14an, Bilbon.
Gradu berri bakarra eskainiko dute, baina aurretik zeuden batzuek aldaketak izango dituzte. Nabarmenena gaur egun eskaintzen duten Itsasketako Graduarena da. Gradu horri izena aldatuko diote, eta aurrerantzean Itsasontzien Makineriako eta Mantentze Lanerako Gradua izango da. Horretaz gain, orain arte izan duen plana aldatuko diotela ere esan dute. Bestalde, «gizartearen erronkei erantzuteko», Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua, Nautika eta Itsas Garraioko Gradua eta Enpresa Kudeaketa eta Marketineko Gradua berrituko dituzte.
Graduondokoei dagokienez, EHUk guztira 108 unibertsitate master, etengabeko prestakuntzako 35 master, unibertsitate espezializazioko hamar titulazio, eta 67 doktorego programa eskainiko ditu. Areago, azaldu dute aurten 70 mikrokredentzial eskainiko dituztela.
Zalantzak argitzeko
Aurten ere, unibertsitate aurreko ikasleen zalantzak argitzeko, unibertsitateak orientazio azoka batzuk antolatu ditu. Bertan, ikasleek gradu guztiei buruzko informazioa eskuratzeko aukera izango dute, baita graduondokoei buruzkoa ere.
Hiru saio egingo dituzte:Â urtarrilaren 31n, Donostian; otsailaren 7an, Gasteizen; eta azkena, otsailaren 14an, Bilbon. Bertan egongo diren erakusmahaietarako sarbidea librea izango da, baina informazio saioak entzuteko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Informazio gehiago, EHUren webgunean.