Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kezka agertu zuen atzo Euskal Herriko Unibertsitateak espero baino ikaspostu gutxiago aterako dituelako euskaraz Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Bada, EHUko errektoretzak erabaki hori berretsi du, eta Jaurlaritzaren planteamendua «ezinezkoa» dela gaineratu du, «baliabideak falta» dituelako.
Joseba Pineda EHUko Osasun gaietako komisionatua da, eta 2017tik 2025era Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa izan da. Hark azaldu duenez, ez dago «nahikoa baliabiderik» Jaurlaritzak eskatutako ikaspostuak datorren ikasturtean gehitzeko: «Tokia falta zaigu fakultatean, praktika klinikoak euskaraz emateko gune gehiago behar dira, eta euskaraz kalitatezko hezkuntza bermatzeko giza baliabideak ere falta dira».
Errektoretza taldeak euskararekin «erabateko konpromisoa» duela azpimarratu du Pinedak, eta haien esku dagoen guztia egingo dutela «kalitatezko euskarazko hezkuntza» eskaintzeko.
Osasun Sailak atzo salatu zuenez, Jaurlaritza akordio batera heldu zen iaz unibertsitatearekin euskarazko beste 40 ikaspostu eskaintzeko, espainolezko eta euskarazko ikasleak parekatze aldera. Bada, 2025-2026ko ikasturterako euskaraz ikasteko beste hamasei toki eskaini ditu EHUk, eta «urtetik urtera handituz» joateko konpromisoa hartu du.
Unibertsitateak argudiatu duenez, bestalde, akordioa aurreko errektoretza taldearekin adostu zuen Jaurlaritzak, eta talde hark jada mahaigaineratu zuen ez zela bideragarria. Gainera, azken negoziazioak martxoan Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Sailarekin izan zirela azpimarratu du EHUk. Negoziazio horietan euskarazko beste hamasei toki eskaintzea adostu zuten bi aldeek. Horrenbestez, harridura adierazi dute Osasun Sailak plazaratutako kezkagatik.
Are gehiago, Pinedak esan duenez, iragan urrian jada jakinarazi zioten Eusko Jaurlaritzari «ezinezkoa» zela 2025-2026ko ikasturtean euskarazko beste berrogei toki sortzea.