Hezkuntza

EHUk ikasle desgaituen arta egokirako gomendioa beteko duela esan du EAEko Arartekoak

Unibertsitateak adierazi dio unibertsitateko irakaskuntza guztietara «zabalduko» duela aukera berdintasuna bermatzeko arautegia, eta onbidean 2023-2024ko ikasturtean jarriko dela aldaketa indarrean.

jarraia229614.jpg
arantxa iraola
2023ko ekainaren 19a
16:45
Entzun

Gomendioa egina zion EAEko Arartekoak EHU Euskal Herriko Unibertsitateari: unibertsitate irakaskuntza guztietara zabaldu behar du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei aukera berdintasuna bermatzeko arautegiaren aplikazio eremua. Noelia Dacostaren kexu bat izan zen gomendio horren sorburua; EHUko ikaslea da, %82ko desgaitasun bat du, garun paralisia duelako, eta hilabete ugari daramatza salatzen bere oinarrizko premiak asetzen laguntzen dion laguntzailerik gabe egin behar izan duela EHUren master bat. Gradu ikasketak-eta egiteko izan zuen laguntza, baina ikasturte honetan EHUren berezko titulu bat ikasten ari da, eta amaren laguntzarekin egin behar izan du; izan ere, titulua ofiziala ez dela argudiatuta, ukatu egin zioten laguntza unibertsitatean. Arartekoak plazaratu berri duen ohar baten arabera, ordea, gomendioa betetzeko asmoa azaldu du unibertsitateak, eta, onbidean, heldu den ikasturtean da aldaketa hori indarrean jartzekoa.

EHUko Gasteizko campusean Gizarte Langintza ikasketak bukatuta dauzka egun Dacostak. Gizarte Zerbitzuen Kudeaketa eta Berrikuntza graduondoa egiteko orduan izan ditu arazoak, eta, EAEko Arartekoaren arabera, aintzat hartu beharrekoa da haren kexua. «Behar bereziak dituzten ikasleek diskriminaziorik gabeko eta aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea dute». Horregatik «eskertu» egin du orain unibertsitateak araudia «ahalik eta azkarren» aldatzeko hartu duen erabakia.

Maiatzean azaldu zuen azkenekoz kexua ikasle gazteak, Eusko Legebiltzarrean. EHUk eskaria aintzat hartzeko asmoa zuela esan zioten agerraldi hartan, baina mesfidati hartu zuen albistea. «Nire begiekin ikusi arte ez dut sinetsiko». Gaineratu zuen araudia aldatuta ere berarentzat «berandu» datorrela egokitzapena: «Pozten naiz nire atzetik datozenentzako lagungarria izango delako, baina niri jada ez zait iritsiko laguntza hori».

Dacostak behin baino gehiagotan eman du bere zailtasunen berri. Master hau egiteko ez ezik, lanean hasteko ere laguntzak falta direla esan izan du, eta asko zailtzen duela horrek desgaitasunak dituztenak lan munduan sartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.