Hezkuntza

EHUko irakasleen eta ikertzaileen grebak «oso erantzun zabala» izan duela diote sindikatuek

Salatu dute ordezko irakasleen lan baldintzek zuzenean eragiten dietela gainerako irakasleei eta ikasleei. Urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitu dituzte EHUko langile guztiak.

Sindikatuek deituta Donostian egin duten elkarretaratzea, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 11
10:33
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasgeletan isiltasuna izan da nagusi gaur, irakasle, ikerlari eta ikasleek kalera ateratzea erabaki baitute. «Ordezko irakasleak lanaldi osora», «800 euroko soldata, miseriazko soldata» eta halako aldarrikapenak entzun dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioetan. LAB, CCOO, ELA eta Steilas sindikatuek deitu dute lanuztera, irakasleen eta ikertzaileen lan baldintza «kaskarrak» salatzeko. Hala, sindikatuek adierazi dute grebak «oso erantzun zabala» izan duela. EHUk ere grebaren oihartzunari buruzko datuak eman ditu, eta erran du berrehun pertsona inguruk bat egin dutela grebarekin, eta EHUn 5.500 pertsonak osatzen dutela irakasleen eta ikerlarien kolektiboa.

Greba eguna izan arren, zentroak irekita egon dira, teknikariak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak ez baitzeuden grebara deituta. Ikasleak bai, ordea, EHUko Ikasle Kontseiluak berak etenaldi akademikora deitua zuen-eta. «Izan ere, EHUko langileok pairatzen ditugun arazo, prekarizazio eta lan baldintzen okertzeak ondorio zuzena dauka ikasleengan ere», adierazi dute sindikatuek Donostiako elkarretaratzean.

Hori ongi daki Galder Sierrak. Zientzia Politiketako irakaslea da, Leioako Campusean. Adierazi du LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa martxan denetik unibertsitatean duten egoera «nahiko etsigarria» dela, «batez ere unibertsitateko errektoretzak lege horretatik egiten duen interpretazioa delako lanaldi osoko ordezkapena kentzea». Egoerak irakasle ordezkoei ez ezik gainerako irakasle egonkorrei eta ikasleei zuzenean eragiten diela dio: «Norbaitek ordezkapena baldintza hauetan egiteari ezezkoa ematen dionean, gure lankideek eman behar dituzte klase gehiago, eta haien lan karga pila bat handitzen da. Edo, zuzenean, ikasleek ez dute eskolarik jasotzen».

Elkarretaratzean, erran dute ordezkapenak egiteko baldintzak izan direla greba deialdia egiteko arrazoi nagusia –lanaldi partziala, eta 800 euroren truke–, baina ez bakarra. Izan ere, azken urteetan EHUko irakasleen eta ikertzaileen lan baldintzek okerrera egin dutela adierazi dute, eta zenbait adibide eman dituzte: «lan zama handitzea, aldi baterako ikertzaileei eta irakasleei ikerketa seiurtekoak ukatzea, erretiroen akordioak deuseztatzea eta burokrazia handitzea», besteak beste.

Esperantzarik gabe

Ados dago Sierra, erran baitu unibertsitatean prekaritatearen gaia ez dela berria. Hala ere, garai batean «progresio bat izateko esperantza» zutela argitu du. «Lehen, ordezkapen kaskarrenak hartuz hasten ziren irakasleak, 800 euro edo gutxiagokoak, baina puntuak handitzen zituzten poliki-poliki, eta ordezkapen hobeak lortu. Beraz, espektatibak behintzat bazituzten. Legearen interpretazio honekin, baina, hori eten egin da», erran du. Gehitu du guztiei eragiten dien egoera «etsigarri» horrek ondorio nabarmenak dituela: «Oso formatuta dagoen eta unibertsitatean ibilbide luzea duen jendeak bere ibilbide akademikoa etetea planteatu du».

Egoera ikusita, sindikatuek EHUko zuzendaritzari eskatu diote norabidea aldatzeko, aldebakartasuna alboratzeko eta langileen kontrako neurriak gelditzeko. «Bikaintasuna behin eta berriro aipatzen badute ere, Shanghai zerrendarekin liluratuta badaude ere, lan baldintza duinik ez duen plantilla batekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu», borobildu dute. Eusko Jaurlaritzari, berriz, EHUra behar bertze baliabide bideratzeko eskatu diote, eta langileen soldatak duintzeko.

Aldarrikapen bat ere egin dute agerraldian: «Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde: eredu bat euskal jendartearen zerbitzura dagoena eta lan baldintzak duinak dituena». Hala, sindikatuek urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitu dituzte EHUko langile guztiak.

Elkarretaratzeez gain, hainbat ekintza ere egin dituzte grebaren harira. Bilbon, erraterako, EHUko irakasle eta ikertzaileak ontzi batera igo dira, eta pankarta bat zabaldu dute. Eva Ferreira errektoreordearen eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren aurrean egin dute, bi agintariak Bilboko Itsas Museoan baitzeuden.

Koordinakundea

Sindikatuek ez ezik, EHUko Prekarioen Koordinakundeak ere grebaren balorazioa egin du, eta «arrakastatsua» izan dela dio. Haien erranetan, parte hartzea %85 ingurukoa izan da irakasle guztiei dagokienez, eta «are handiagoa» ordezko irakasleen kolektiboan. «Datu horiek agerian uzten dute bai sindikatuen, bai ordezkatzen dugun plataformaren aldarrikapenen babes zabala, eta erakusten dute unibertsitate komunitateak ez duela ulertzen egungo errektore taldeak arazo horren inguruan duen itxikeria», adierazi dute.

Horrez gain, erran dute kolektiboa osatzen duten irakasleek eta ikertzaileek «determinazioa» dutela «salaketa eta mobilizazio dinamika» horiekin jarraitzeko harik eta egoera konpontzeko beharrezko neurriak hartu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.