Ehunka lagunek manifestazioa egin dute Durangon polizia jazarpenaren aurka

Amnistiaren Eguna antolatu du Aske taldeak, eta manifestazio batekin amaitu dute. Goizean eta arratsaldean hitzaldiak egin dituzte poliziek gizarte kapitalistan duten funtzio sozialari buruz eta arma ez-hilgarriei buruz.

Aske taldeak antolatutako manifestazioa, atzo, Durango. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aske taldeak antolatutako manifestazioa, atzo, Durango. ARITZ LOIOLA / FOKU
2026ko ekainaren 6a
20:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amnistiaren Eguna egin du gaur Aske taldeak Durangon (Bizkaia), eta, bertan, Poliziaren auziari erreparatu nahi izan dio. Goizean mahai inguru bat egin dute Poliziak gizarte kapitalistan duen funtzio sozialari buruz, eta arratsaldean, arma ez-hilgarriak aztertu dituzte. Behin hori amaituta, ehunka lagun elkartu dira manifestazioan Poliziaren jazarpena salatzeko asmoz, Errepresioaren aurrean amnistia osoa lelopean.

Aske taldearen arabera, polizien auziari buruzko eztabaida politikoa zabaldu egin behar da. Haien ikuspegitik, batzuek Poliziaren indarkeria «beti modu itsuan» babesten dute, eta beste batzuek argudiatzen dute bortizkeria «ardi beltz batzuen gauza» dela. Alta, Askeren arabera, beharrezkoa da funtzio sozialari erreparatzea. «Polizia honen funtzio soziala jazarpenaren bitartez statu quo-ari eustea eta langileen desmobilizazioa sustatzea da. Horretarako, militantzia politikoaren aurkako kriminalizazioa sustatzeko eta gizartean beldurra hedatzeko beharra dute».

Gai hori izan dute hizpide goizean Mark Neocleusek eta Ivan Montemayorrek. Arratsaldean, berriz, mahai inguru bat antolatu dute gomazko piloten eta foam jaurtigailuen inguruan. Jon Pazos, Iker Arana eta Aske antolakundeko kide bat aritu dira gaiaz. Nabarmendu dutenez, poliziek gero eta gehiago erabiltzen dituzte arma ez-hilgarri horiek. Gainera, azken hilabeteetan areagotu egin da halako armen ondorioz zauri sendaezinak pairatu dituztenen kopurua.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE