Ekainaren 15ean hasiko da hondartza sasoia Bizkaian

Ohiko zerbitzuak egokituta zabalduko dituzte hondartzak Bizkaian. Zarautzen zazpi zatitan bereiziko dute. Donostian astelehenean irekiko dituzte. Lapurdin gaur zortzi zabaldu zituzten.

Sopelako Atxabiribil hondartza, hutsik, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon olano
2020ko maiatzaren 22a
18:59
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundia kostaldeko udalerrietako ordezkariekin batzartu da, COVID-19 izurriaren aurrean hondartzetan nola jokatu erabakitzeko. Diputazioak jakinarazi duenez, adostu dute hondartzetan zerbitzu guztiei eustea baina horietako batzuk egoerara «egokitzea».

Esaterako, zaborrontziak kenduko dituzte, eta dutxa kopurua murriztu, jendearen arteko distantzia bermatu ahal izateko. Garbiketa lanak ere indartuko dituzte. Gainera, sorosleek ikuskatuko dute zenbat jende elkartzen den hondartzetan. Herritarrek metro eta erdiko tartea gorde beharko dute euren artean, harean nahiz uretan. Diputazioa eta udalak datorren asteartean elkartuko dira berriro, udalek aldundiari eman diezazkioten hondartza bakoitzerako egin behar dituzten proposamen zehatzak.

Zarautzen (Gipuzkoa), berriz, zazpi zatitan bereiziko dute hondartza, eta horietako bat itxi egingo dute itsasgorarekin, Xabier Txurruka alkateak jakinarazi duenez.

Lapurdiko kostaldean, larunbatetik dute aukera herritarrek hondartzara joateko. Bertako hondartzak, ordea, «dinamikoak» izango dira; ibiltzea eta bestelako jarduerak baimenduak izanen dira, baina ez da hondarretan geldirik egoteko aukerarik izanen. Obretan diren Bidarteko Erretegia eta Zokoako gotorlekua salbu, Lapurdiko bertze hondartza guztiak irekiak daude dagoeneko. Donostian, datorren astelehenetik aurrera zabalduko dituzte hondartzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.