Ekainaren 15ean irekiko dute Zubietako kartzela, eta aste horretan lekualdatuko dituzte presoak

Ekitaldi instituzional bat eginen dute irekierarako, eta handik astebetera itxiko dituzte Martuteneko ateak: ekainaren 24an.

Martuteneko kartzela, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Martuteneko kartzela, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko maiatzaren 21a
12:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Honakoa da prozedura: lehendabizi Zubietako kartzela berria ireki, presoak lekualdatu gero, eta, azkenik, orain arteko kartzela, Martutene, itxi. Bada, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak jakinarazi du ekainaren 15ean irekiko dela espetxe berria, eta ekitaldi instituzional bat eginen dutela horretarako. Ateak ireki ondoko egunetan lekualdatuko dituzte presoak, nahiz eta, «segurtasunagatik», ez duten zehaztu zein egunetan izanen den. Baina erran dute noiz itxiko dituzten Martuteneko ateak: hilaren 24an. 

Sei modulutan banatuko dute Zubieta, eta horietako bat emakumeentzat erreserbatuko dute espresuki. Orotara, modulu guztiak kontuan hartuta, 234 gela izanen dituzte. Hirugarren graduko presoentzat gizarteratze zentro bat ere edukiko du espetxeak, 50 logelakoa. 500 presorentzako kabida du Zubietak, Martutenen sartzen zirenen halako bi.

Berehala itxiko dute Martutene, baina hura eraisteko oraindik denbora falta da; Eusko Jaurlaritzaren arabera, heldu den urte hasieran ekinen diete lan horiei. Behin eraitsi ondotik, babes ofizialeko 400 bat etxebizitza eginen dituzte han. Iragan otsailean agerraldi bat egin zuten espetxearen kanpoaldean, eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak adierazi zuen kartzela zaharraren orubean ez dela merkatu libreko etxebizitzarik eraikiko. «Akordio bat lortu dugu hasieran aurreikusitako etxebizitza libreak etxebizitza tasatuak izan daitezen, eta etxebizitza horien prezioa klase ertainentzako eskuragarria izan dadin». Han izan zen Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua ere, eta azaldu zuen Zubietako espetxea mugarri bat izanen dela «euskal espetxe eredua» finkatzeko. «Eredu hori erakusten ari da konstituzioa modu humanoagoan eta eraginkorragoan bete daitekeela», erran zuen.

Horren ondotik, espetxea eraikitzeaz arduratu den Siepse sozietate publikoak Espainiako Gobernuari transferitu zion eraikina, eta, gero, transferentzia batzorde bat osatu zuten Eusko Jaurlaritzari emateko hura kudeatzeko eskumena. Bi hilabete inguru behar izan ditu hark egokitzapen lanak egiteko, harik eta, gaur, irekiera data bat jarri ahal izan dion arte. 

Berandu iritsi da

Edonola ere, nola bataren irekiera hala bertzearen itxiera, berandu ailegatu dira. Izan ere, 2021ean erran zuten urte horretan bertan hasiko zirela espetxea eraikitzen, eta 2023rako bukatuta izanen zituztela lanak. Lehiaketa publiko bat egin zuten eraikuntza lanak zer eraikuntza enpresari esleitu erabakitzeko, eta Acciona, Cycasa eta Murias eraikuntza enpresen aldi baterako elkarteak irabazi zuen lehiaketa, Espainiako Espetxe Azpiegitura eta Ekipamenduen Sozietateak hala erabakita. 40 milioi euro inguruko kostua aurreikusi zuten eraikuntzarako. 

Martutene eraisteaz, berriz, bertze batzuk arduratuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoak idatzi du kartzela eraisteko proiektua, eta Espainiako Gobernuko Casa47 erakundea arduratuko da hura exekutatzeaz. Alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzea eta kudeatzea da erakunde horren xedea.

Baina erakunde publiko gehiagok ere egin beharko dute lan, eta, horretarako, bi hitzarmen sinatu beharko dituzte. Bata Visesak Casa47ri eraiste proiektua uzteko, eta, bertzea, Espainiako Barne Ministerioak erakunde horri Martuteneko kartzelaren jabetza emateko. Behin hori dena eginda, espetxea botatzeko lehiaketa publikoa jarriko du martxan Casa47 erakundeak. Denis Itxasoren arabera, aurrekontua lau milioi euro ingurukoa izanen da. 

Espetxe bat botatzearen eta bertze bat eraikitzearen kontu hori guztia, baina, ez da orain iritsitako zerbait, ezta hasieratik adostasun erabatekoa izan duen proiektua ere. 2012ko martxoan, erraterako, Arrats, Salhaketa eta AHTaren eta errauste plantaren kontrako plataformak prentsaurreko bat egin zuten, eta Zubietako espetxe berriaren proiektuaren «erabat aurka» agertu ziren. Ordurako nahasten hasiak ziren urak, bertzeak bertze, hilabete bat lehenago Espainiako Gobernuak aldi baterako eten egin zituelako kartzela eraikitzeko lanak. Arrazoia: diru falta. Argudiatu zuten murrizketen eraginez espetxeak ez lukeela funtzionario berriak hartzeko baliabide nahikorik izanen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA