Azaroaren 14an, hiru urte beteko dira Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile instruktoreak Altsasuko zortzi gazteak atxilotzeko agindu zuenetik. Senide eta altsasuarrek hiru urteotan bizitako amesgaiztoari aurre egin diote uneoro, eta Auzitegi Gorenaren epaia kaleratu berri den honetan ere, aurrera jo nahi dute, auzia salatu asmoz.
Altsasuko auzia, hiru urteko labirintoa izenburupean, azarorako hainbat ekitaldi berezi antolatu dituzte. Etzi, Altsasuko Burunda frontoian, makrokontzertu batekin ekingo zaio hilabete horretarako aurreikusitako emanaldiei. Makrokontzertuaren leloa Txikitasunetik egia erein da, eta hainbat taldek parte hartuko dute (A quemarropa, Nafarroa 1512, Txulapos Muertos, Azken Sustraiak, Iruñerria Jamaica Clash, Suia eta Ama Rebel...) Hainbat gazte elkartek aurreko urriaren 16an auzia salatzeko egindako prentsaurrekoan aurreratu zen jada hitzordu hori.
Sierraren erakusketa preso politikoei buruz
Astelehenean, 18:30ean, Sergio Serra artistaren erakusketa inauguratuko da Preso politikoak Espainia garaikidean izenburupean. 2018an, Madrilgo Arco Arte Garaikideko Azokan ikusgai izan zen erakusketa hori baina zentsuratua izan zen eta erretiratu egin zuten antolatzaileek: zuri beltzeko 24 argazki pixelatu dira, eta 74 preso politikori egiten diote aipamen —argazkietako batean Altsasuko gazteak ageri dira—. Sierra arte munduan ezaguna da, kapitalismoaren gehiegikeriak salatzen dituelako.
Altsasuko antolatzaileek esker on berezia azaldu diote Txatxo Beneti, arte bilduma horren jabeari. Gainera, erakusketari jarraipena eman nahirik, zabaldu egin nahi dute ideia eta zentsuratutako argazkiak gehitu nahi dizkiote. Dei berezia egin diote herritarrei parte hartzeko. Erakusketa azaroaren 30ean amaituko da, eta bideo laburpen bat emango dute.
Azaroaren 8an, ostiralean, 18:30ean, Altsasuko auziak ezkutatzen duena aztertuko dute lau kazetarik mahai inguruan: Aritz Intxusta Gara-ko kazetaria, Joseba Santamaria Diario de Noticias-eko zuzendaria, Bea Talegon Diario 16-ko kazetaria eta Bertha Gaztelumendi kazetari eta EHUko ikerlaria. Xabier Lapitz ETBko aurkezlea izango da moderatzailea. Bi kantekin, mahai inguruari amaiera emango dio Gontzol Mendibilek. Abestetako baten izenburua Altsasu da.
Azkenik, azaroaren 24an, 19:30ean, Burunda frontoian, kontzertu berezi bat egingo da Aske izenburupean. Miren Amuriza bertsolariak eta Dani Martirena kazetariak. Kantari, bertsolari, musikari eta dantzariek parte hartuko dute. Tartean, Oreka Tx, Altsasuko dantzariak, Aiora Errenteria, Jon Maia eta Hodei Barroso, Aurora Beltran, Tximeleta eta, bukatzeko, Lluis Llach. Sarrerak bost euro balioko du.