«Faxismoaren eta nazismoaren kontra borrokatu zirenen duintasuna, oroitzapena eta ez errepikatzeko bermea gailendu behar dira beti». Hitz horiekin eman dio hasiera Irungo (Gipuzkoa) ekitaldiari Angel Victor Torres Espainiako Memoria Demokratikoko eta Lurralde Politikako ministroak. Izan ere, urte hasieran izendatu zuten Irungo Etorbideko zubia memoria demokratikorako leku, eta gaur egin dute haren ekitaldi ofiziala. Irun eta Hendaia (Lapurdi) lotzen dituen zubi historikoa da toki hori, eta errepublikanoek hortik egin zuten gerratik ihes. Hortaz, Torresek erran du «beharrezkoa» zela biktimei aitortza bat egitea, «egindakoa ez dadin ahanzturan gelditu». Espainiako Gobernuaren eta Irungo Udalaren artean adostu zuten zubia memoria demokratikorako leku izendatzea.
Bertze deus baino lehen, Torresek eskerrak eman dizkie «etorkizun bat bilatzeko eta ordena demokratikoa, askatasuna eta eskubideak defendatzen jarraitzeko zubitik pasatu ziren emakume, gizon eta haur guztiei». Horixe baita, haren irudiko, «estatu demokratiko osasuntsu» batek egin behar duena: «Aitortu, eskertu eta omendu». Gazteek iraganaren berri izatearen garrantzia azpimarratu du gero, eta esplikatu du «aurrerapauso handi bat» dela gazteek iritzia eta botoa eman ahal izatea. «Hori gure herrialdean ez zen gertatu lau hamarkadaz».
Loreekin apaindu dute zubia, eta txalapartaz eta Espainiako II. Errepublikako banderez girotu dute ekitaldia. Torresez gain, han izan dira Cristina Laborda Irungo alkatea, Fernando Martinez Memoria Demokratikorako estatu idazkaria eta Maria San Jose eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako sailburu sozialistak ere, besteak beste.