«Gure gizartea eta hezkuntza sistema errotik da segregatzailea». Eskola segregazioak kezka pizten du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, desorekak eragiten ditu ikastetxeen artean, eta ELA sindikatuak txosten bat egin du, zenbait proposamen bilduta, desoreka horiek murrizte aldera. Hauxe sindikatuak egin duen argazkia, Eusko Jaurlaritzaren datuetan oinarrituta: oreka lortzeko, ikastetxez aldatu beharko lirateke behar bereziak dituzten ikasleen %27, jatorriz atzerritarrak diren ikasleen %41 eta indize sozioekonomiko eta kultural apala duten ikasleen %38. Sindikatuak beste eragileekin eta sindikatuekin eztabaidatu nahi du bere proposamena, «gutxieneko adostasuna lortu eta Eusko Jaurlaritza behartzeko benetako neurriak hartzera segregazioari aurre egiteko». Hauek dira ELAren proposamen nagusiak:
1
Egiturazko neurriak
Sindikatuaren esanetan, bi auziri heldu behar zaie luze gabe. Bat: «Lehentasuna eman behar zaie pobreziari aurre egiteko politikei, eta aberastasunaren banaketa bermatu behar da zerga politikak iraulita eta politika sozialak indartuta». Eta bi: «Ezinbestekoa da lurralde antolaketa sakon aldatzea, ez daitezen herrika eta auzoka banatu pobretutako herritarrak eta aberatsagoak». Gainera, esan dute Eusko Jaurlaritzak hezkuntza arloko eskuduntza «aldarrikatu eta defendatu» behar duela, «euskal gizartearen erabakimen askearen araberako hezkuntza sistema izateko». Ezinbestekotzat daukate, halaber, hezkuntzan baliabide ekonomiko gehiago inbertitzea ere.
2
Hezkuntza sareak integratzea
«Hiru saretan banatutako sistemak segregazioa eragiten duenez, erabat publikoa izango den hezkuntza sistema propio baterako trantsizioa gidatu beharra dago». Hots, uste dute prozesu bat hasi behar dela sare publikoak, itunpekoak eta pribatuak bat egiteko, «osoki publikoa izango den hezkuntza sistema propio baterako bidean eta egungo lanpostuak bermatuta». Halere, beharrezkoa iruditzen zaie horretara iristerako beste zenbait neurri hartzea. Besteak beste, hezkuntza doakoa izatea; sindikatuek eta gizarte eragileek aukera izatea ikastetxeen kontu ekonomikoak ikuskatzeko, eskolak doakoak direla bermatze aldera; eskola komunitateak «publifikaziorako borondatea» erakutsiz gero horri bide emateko «araudi egonkor bat» ontzea; eta betebeharrak urratu eta okerrak zuzendu ezean, ikastetxeei itunak kentzea.
3
Matrikulazio sistema orekatzailea
Nabarmendu dute «oinarrizko arazoak gainditu bitartean» matrikulazio sistemaren bidez bermatu behar dela ikasleen banaketa orekatua izatea. Honatx horretarako proposamenak: ikasleak zaurgarriak diren zehazteko inkesta bat egin ordez —hala egiten da egun—, gurasoen egoera sozioekonomikoari buruzko «datu objektiboak eta fidagarriak» aintzat hartzea; ikastetxeen eragin eremuak aldatzea, batez ere hirietan, «bermatzeko zaurgarritasun handiko eta txikiko auzoen artean eratzen direla»; behin ikasturtea hasita iristen diren ikasle zaurgarriak zaurgarritasun apaleneko ikastetxeetara bideratzea; eta matrikulaziorako udal bulegoak sortzea.
4
Baliabideak ikastetxe guztientzat
ELAren esanetan, ikastetxe guztiek behar dituzten «oinarrizko instalazioen katalogoa» egin beharra dago, eta ezarritako mailara iristen ez diren ikastetxeetan berrikuntza prozesu bat martxan jarri, baita eskola garraioa eta jantoki zerbitzuak doakoak izatea bermatu ere, besteak beste.
5
Ikastetxeen autonomia, inklusiorako tresna
«Ikastetxeen autonomia, hezkuntza komunitatearen parte hartze demokratikorako baldintza izateaz gain, tokian tokiko beharrei erantzuteko tresna ere bada», dio sindikatuak. Horrenbestez, garrantzitsua iruditzen zaie ikastetxeen autonomia indartzea: eskola komunitatea osoak —etapa guztietako ikasleek, gurasoek, profesionalek, administrazioek, auzo elkarteek...— eskumen gehiago izatea, eta, besteak beste, ikastetxearen proiektuaren eta ikasleen beharren arabera langile profilak ezarri ahal izatea.
Gainera, inklusioari lotuta, nahi dute ikastetxeen konplexutasun indizea moldatzea eta hura «irizpide objektiboen» araberakoa izatea; ratioak jaistea batezbestekotik gorako konplexutasuna duten eskoletan; eta guztia «behar bezala bideratzeko», zuzendaritza taldeak egonkortzea.
6
Lan baldintza «egokiak»
«Gero eta konplexuagoa da errealitatea, eta, horri aurre egiteko, lan baldintza egokiak behar dira. ELAk eskatu du, besteak beste, ikasgeletako ratioak jaistea, langileen behin-behinekotasuna %5etik beherakoa izatea, «konplexutasun handiagoa» duten ikastetxeetan lan egiten dutenentzat «lansari berezi bat» ezartzea eta burokrazia lanak murriztea.
7
Euskara ardatz
ELAk argi du hezkuntzak bakarrik ez duela bermatuko haurrek eta gazteek euskaraz jakitea, baina «ezinbesteko ekarpena» egiten du eta handiagoa ere egin dezake, sindikatuaren irudiko. Ildo horretan, marraztu dute bidea: euskarazko murgiltze eredua ezartzea sare publikoko, itunpekoko eta pribatuko ikastetxe guztietan; ikasleak ikasgeletan banatzeko orduan, haur euskaldunek beste haur euskaldunekin harremanak izango dituztela bermatzea, «erdalduntze goiztiarra eragozteko»; soziolinguistika lantzea, adinera egokituta; euskal curriculumaren lanketa egitea...
8
Bestelako neurriak
Kontuan hartzeko beste hainbat neurri ere badaude, ELAren irudiko: erlijio irakasgaia kentzea, «merkantilizazioari» izkin egitea, eskolaz kanpoko jarduerak ikasle guztientzat eskuragarri izatea, gurasoak euskalduntzeko programak martxan jartzea, pantailen erabilera «aztertzea»...