ELAk astebeteko greba partzial batera deitu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletan

Sindikatuak salatu du espetxeak «gehieneko gaitasun operatiboaren» gainetik daudela, eta funtzionario kopuruak, halere, behera egin duela. Ekainaren 9tik 15era bitarte egingo dituzte lanuzteak, eguerdian.

ELAko ordezkariak, gaur goizeko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ELAko ordezkariak, gaur goizeko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 28a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

ELA sindikatuak astebeteko greba partzial baterako deia egin die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako funtzionarioei, Eusko Jaurlaritzako Justiziako eta Giza Eskubideetako Sailaren «itxikeriari» erantzuteko. Ekainaren 9tik 15era bitarte, hiru orduko lanuzteak egingo dituzte, 13:00etatik 16:00etara, eta gehitu dute eutsi egingo dietela mobilizazioei Jaurlaritzak eskaerei erantzun ezean. Izan ere, sindikatuaren arabera, preso kopuruak nabarmen egin du gora Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik, eta funtzionarioenak, aldiz, behera, eta, hain zuzen, uste dute horrek «birgizarteratzea» eragozten duela, eta «langileen eta presoen segurtasuna arriskuan jarri».

ELAren hitzetan, espetxe eskumenaren transferentziak modua eman behar zuen bai alde batera uzteko «legeak berak ezartzen dituen birgizarteratze helburuak gauzatzeko ezgai den estatu eredua», eta bai martxan jartzeko espetxe politika propio bat eta zigorrak betetzeko eredu «gizatiarrago bat»: «Hezkuntza, osasun, lan, justizia eta berdintasun politikak integratuko zituena, eredu euskalduna eta gure herriaren idiosinkrasiarekin bat zetorrena». Uste du, baina, lau urte eta erdi geroago ez dela halakorik lortu.

Apirilean guztira 1.779 preso zeuden Zaballako, Basauriko eta Martuteneko kartzeletan; Jaurlaritzak ezarritako «gaitasun optimoa» halako 2,5, eta «gehieneko gaitasun operatiboa» halako 1,4. Izan ere, 2021eko urritik hona, preso kopuruak gora egin du urtez urte, eta orduan baino ia laurehun gehiago daude orain. Egoera bereziki «kritikoa» da Bizkaian, ELAren arabera. Azaldu dutenez, zenbaitetan lau lagun egon dira ziega berean bizitzen.

Presoak ugaritu arren, baina, funtzionarioak ez dira ugaritu. Kontrakoa: 2021eko urrian, 609 langile zeuden, eta gaur egun, berriz, 591. Hala, ELAk salatu du «langile falta larria» dagoela hala hiru espetxeetan nola Aukerak-ek kudeatzen dituen zentroetan. Zehazki, beste 295 behargin behar dira, Eusko Jaurlaritzak berak ezarritako langile zerrendaren arabera.

Gainera, ELAren ustez, gobernuak «bere kasa» osatutako zerrenda hori motz geratzen da. Besteak beste, aipatu du Araban, Langraiztik Zaballarako aldaketa egin zenean, lanpostu zerrenda berari eutsi zitzaiola, presondegia nabarmen handiagoa izan arren. Hala, sindikatuak uste du han beste 75 langile inguru behar direla.

Hain zuzen, zerrendari lotua dago ELAk Justizia Sailari egindako lehen eskaera. Exijitu dio sei hilabeteko epean beste zerrenda bat adostea sindikatuekin, presoen «behar errealak» eta gizarteratzeko helburua kontuan izanik. Gainera, azaldu du beharrezkoa dela hura adostu bitartean kontratazio lanei heltzea ere, gaur egun ezarrita dauden 886 lanpostuak betetzeko.

Behin-behineko 152 langile

Sindikatuak gehitu du behin lanpostuen zerrenda adostuta behin-behinekotasunari erantzun behar zaiola. Izan ere, salatu du Jaurlaritzak orain arte tresna hori baliatu duela langile gabeziari erantzuteko. Gaur egungo 529 langileetatik 152 behin-behinekoak dira, horien bi herenak baino gehiago emakumeak. Hala, sindikatuak exijitu du LEP lan eskaintza publiko bat egitea 2026a amaitu baino lehen.

ELAk lan baldintzen inguruko negoziazio mahai bat ere abiatu nahi du. Azken hitzarmena ACAIP-UGT sindikatuarekin adostu zuen Jaurlaritzak, gutxiengoan, baina hura ere 2024aren bukaeran iraungi zen. «Lau urte igaro diren arren, langileek oraindik ez daukate lantaldearen eskaerei erantzuten dien behin betiko lan baldintzarik», salatu du.

ELAk nahi du akordio horrek aintzat hartzea espetxeetako lanaren «garrantzia, zailtasuna eta erantzukizuna», baina elementu hori aurrez ere indarrean sartzea galdegin du. Hala, sindikatuak eskatu du osagarri berezi bat jar dadila behin betiko balioespena egin bitartean.

Sindikatuen eskaeren artean dira euskara ikasteko plan espezifikoak ezartzea, ordutegien eta txanden araubidea sindikatuekin adostea, instalazioak hobetzea eta eskubide sindikalak bermatzea, besteak beste. Baita profesionalen prestakuntzarako Euskal Espetxeetako Ikasketa Eskola sortzea ere. Hain zuzen, prestaketa faltarekin lotuta, ELAk salatu du Zaballan erregimen itxiko modulua martxan dagoela, Justizia Sailak ukatu arren. «Modulu hori irekitzeak prestakuntza espezifikoa eskatzen die horretan diharduten funtzionarioei, baina ez daukate halakorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.