ELAk babes politikoa eskatu du, Gipuzkoako zahar etxeetako negoziazioa pizten lagunduko duen esperoan

Sindikatuek eta patronalak hilaren 17an egingo duten bilerara joateko deia egin die Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdiei. Bitartean, sektoreko langileak grebara deitu dituzte: otsailaren 26rako eta 27rako, eta martxoaren 17rako eta 18rako.

Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileen manifestazio bat, iragan abenduan. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileen manifestazio bat, iragan abenduan. JON URBE / FOKU
kristina martin
2026ko otsailaren 5a
16:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak deia luzatu die Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdiei: joan daitezela hilaren 17an Donostian izango den Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) bilerara. Alderdi politikoen babesa nahi du sindikatu horrek, zahar etxeetako eta eguneko zentroetako lan baldintzen negoziazioa aktibatuko duen esperantzan. Sindikatuek eta patronalak parte hartzen dute LHKn, eta azken urtean negoziazioak ez atzera ez aurrera daudela salatu du ELAk. Negoziazioak fruitua emango duen argitu bitartean, greba deialdiei eutsi die sindikatuak: otsailaren 26rako eta 27rako, eta martxoaren 17rako —greba orokorra— eta 18rako.

ELAk ohar batean azaldu duenez, Gipuzkoako zahar etxeen sektoreko negoziazio mahaia duela urte bat baino gehiago osatu zen, baina denbora tarte horretan «patronalak ez du inolako proposamenik egin egoera prekarioari aurre egiteko». Horregatik, «ardura eta ekimen politikoa aktibatzeko asmoz», bilerara deitu ditu ELAk batzarkide taldeak, negoziazio mahaiko gainontzeko sindikatuekin batera, otsailaren 17rako.

Enpresekin negoziazioa «blokeatuta» dago, eta erakunde publikoekin ere ez dute bilerarik izan zahar etxeen eta eguneko zentroen sektoreko langileen ordezkariek. ELAk gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu akordioari bide eman zioten EAJk eta PSE-EEk —foru gobernuan—, Elkarrekin Ahal Dugu-ren babesarekin. Hain zuzen ere, Elkarrekin Ahal Dugu-k aurrekontu proiektua babesteko jarritako baldintza nagusia zera izan zen: foru aldundiak hamar milioi euroko diru saila jartzea zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileen soldatak igotzeko eta ratioak hobetzeko. Izan ere, ELAk nabarmendu duenez, sektoreko langileen ia erdiek kontratu partzialak dituzte, eta soldata arrakala 10.000 eurotik gorakoa da urtean.

Greba mugagabean

Hilaren 17ko bileraren emaitzaren zain, «sektorean hobekuntzak eskatzen jarraitzeko» greba deialdiei eutsiko die ELAk: otsailak 26 eta 27, eta greba orokorraren hurrengo eguna: martxoak 18. Bestalde, greba mugagabeak ere egiten ari dira zazpi egoitzatan: Txara II, Villa Sacramento eta La Paz —hirurak Donostiakoak—, Errenteriako Jesusen Bihotza, Zumarragako Argixao, Zumaiako San Juan eta Ordiziako San Jose egoitza.

Horrekin lotuta, ELAk salatu du Eider Mendoza diputatu nagusiak greba egunetako gutxieneko zerbitzuak igotzea eskatu duela nahiz eta zerbitzu horiek %90rainokoak izan ziren. Sindikatuak berretsi du ez dutela lortuko egoiliarren arreta egokia bermatzea gutxieneko zerbitzuak areagotuta. ELAren ustez, horretarako ratioak hobetu behar dira, eta foru aurrekontuaren akordioan jasotako konpromisoei eutsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.