ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dituzte Arabako zahar egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak. Urriaren 22an eta azaroaren 4an eta 5ean egingo dituzte lanuzteak, eta, aurreko hilabeteetan eginikoak gehituta, hamahiru greba egun izango dira aurten; 2019. urtean sektoreko lan hitzarmena berritzeko mahaia martxan jarri zenetik, 50 greba egun.
Duela bi aste inguru bildu zen aldeen arteko negoziazio mahaia, baina Arabako Foru Aldundiko ordezkariak ez ziren egon, sindikatuek salatu dutenez. «Aldundiak uko egin zion joateari, eta, beraz, sektorearekin eta gatazkarekin duen erantzukizuna bere gain hartu gabe jarraitzen du», adierazi dute bi sindikatuek ohar bateratu batean.
AKRA Kataluniako laguntza baliabideen elkarteak, Gesca Bizkaiko laguntza zentroen kudeatzaileak eta Lares Nafarroako adinekoen egoitza eta arreta zerbitzuen elkarteak osatzen dute Arabako zahar etxe pribatuetako patronala, eta sindikatuek txarretsi dute oraindik ez dutela aurkeztu proposamenik negoziazio mahaian. Salatu dutenez, patronalek ez dute ezein proposamenik egin estatuko hitzarmenak ezartzen dituen «baldintza prekarioak» hobetzeko. «Egoera jasangaitza da», ohartarazi dute.
Zahar etxe pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan aritzen diren langileak euren lan baldintzak hobetzearen alde ari dira borrokan. Sindikatuek emandako datuen arabera, Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen soldatak lanbide arteko gutxieneko soldataren (SMI) parekoak dira, eta kontratuak partzialtasun handikoak, urtean 1.784 ordukoak; «gehiegizko ratioak» eta lan osasuneko prebentzio eskasa dituztela ere adierazi dute.
Afera konpontzeko borondate politikoa ere galdegin dute. Gogora ekarri dute ia urtebete igaro dela EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk ekinaldi bat onartu zutenetik gatazka konpontzeko diru sail bat jartzeko, baina gatazkak bere horretan dirauela adierazi dute. ELA eta LAB sindikatuen iritziz, langileek borrokatzen jarraitu beste aukerarik ez dute, eta mobilizazioak dira horretarako bidea.