ELAk euskarafobiaren kontrako gida argitaratu du, eta salaketa txoko bat martxan jarri

Sindikatuak 11 euskarafobia kasu zerrendatu ditu, horiek guztiak euskaldunen hizkuntza eskubideen kontra egiten dutela ulertarazteko.

ELAk apirilean Nafarroako Gobernuaren aurrean eginiko protesta, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
ELAk apirilean Nafarroako Gobernuaren aurrean eginiko protesta, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
2026ko uztailaren 14a
11:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELAk Euskarafobia gida argitaratu du, euskaldunen hizkuntza eskubideak babesteko. Batetik, euskararen kontrako «bazterketa eta erasoak ikusarazteko» asmoa du, eta, bestetik, salatzeko tresna berriak eskaintzekoa. Bigarren horri dagokionez, «salaketa txokoa» jarri du martxan, langileek hizkuntza eskubideen urraketak erregistratzeko bide bat. 

Lan munduan eta beste esparruetan gertatzen diren «jokabide euskarafoboak identifikatu eta ulertarazi» nahi ditu sindikatuak. Horretarako, 11 puntuko gida bat osatu du sindikatuak, eta euskarafobiaren alderdi ezberdinak jaso ditu. Horien artean, «supremazismoa», «euskarafobia ekonomikoa», «euskarafobia progrea» eta «euskarafobia administratiboa» zerrendatu dituzte. Azken horretan, Espainiako eta Frantziako estatuei «berdintasunaren izenean» ezarritako hizkuntza «uniformizazioa» leporatu diete.

Sindikatuaren arabera, zenbait arlotan, Espainiako eta Frantziako estatuek gaztelera edo frantsesa inposatzen dituzte, eta, sarritan, hizkuntza hegemonikoak ikastera behartu. Adierazi dutenez, horrek euskara «borondatezko eremuetara mugatzea» dakar. Gainontzeko eremuetan euskaldunen hizkuntza eskubideak murriztu edo «zuzenean ukatu» egiten direla salatu du sindikatuak. 

ELAren aburuz, euskararen egoera «zapalkuntza historiko eta sakon baten» ondorioz dago horrela. Horren aurrean, sindikatuak konpromisoa hartu du «euskarafobiaren aurka jarrera aktiboa» hartzeko eta langileen hizkuntza eskubideak defendatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA