«Eusko Jaurlaritzak sektore euskarafoboen presioari men egin, eta uko egin dio hizkuntza eskubideak parekatzeari. Ondorioz, aurrerantzean ere gaztelania izango da lehentasunezko hizkuntza. Herritarron kasuan, euskaldunok geure burua nabarmentzen jarraitu beharko dugu euskaraz artatuak izateko»; azterketa kritikoa egin zuen atzo ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritza administrazioan euskara normalizatzeko ontzen ari den dekretuaz. Txosten bat aurkeztu du sindikatuak, adierazteko zer proposamen egin dituen arlo horretan. Txostenean esaten da dekretuan badaudela aurrerapauso batzuk jasota, baina puntu ilun hainbati ere erreparatzen zaie.
Ikusi gehiago: Hizkuntza ereduak desagertzeko eskatu du euskaltegien sektoreak
ELA-Gizalaneko zuzendaritzako kide Aintzane Orbegozok eta sindikatuko Euskara arduradun Pello Igeregik hartu zuten hitza atzo txostena aurkezteko agerraldian. Bilbon izan zen. Salatu zutenez, gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerbitzu publikoetan ohikoa da hizkuntza eskubideak urratzea. «Egun, herritarrek ez dute bermerik administrazioetan euskaraz artatuak izateko». Onartu zuten alorrez alor egoera aldatzen dela, baina uste dute badirela «zapalkuntza sistematiko» baten adierazpenak. Osasun sistemako zenbait arlotan, esaterako, edo justiziaren eremuan. Langileen eskubideen zapalketa bat ere badagoela ikusten dute. «Langile publikoak behartuta daude, oro har, gaztelaniaz lan egitera. Horregatik exijitzen da gaztelaniaren ezagutza lanpostu publikoen %100ean, eta euskararena soilik lanpostu batzuetan», deitoratu zuten. Eta esan zuten Jaurlaritza ontzen ari den araudi berriak ez dakarrela sakoneko aldaketarik. «Dekretu proiektuak egoera hori normalizatu eta arautzen du, berriz ere».
Zehazki, salatu zuten, adibidez, dekretu proiektuak «debekatu» egiten duela euskara oinarrizko ezagutza gisara eskatzen den lanpostuetan ezagutza handiagoa meritu gisara aintzatestea. Horrek esan nahiko luke, sindikatuaren arabera, B2 maila eskatzen bada ez dela «meritu gisara» puntuatuko maila jasoago bat, adibidez. Hortik kritika: «Inork imajina dezake oposizioetan ikasketetan gradua eskatua bai, baina espresuki eta legez debekatzea meritu gisara master bat puntuatzea? Bada, hori da Eusko Jaurlaritzak proposatzen duena».
Hamabost urtean
Zuztarreko aldaketak behar direla iritzita, bi hizkuntza ofizialak «parekatzeko» garaia dela uste du ELAk. Eta proposamen zehatz bat egin dio Eusko Jaurlaritzari bide horretan: hamabost urteko trantsizio epe bat diseinatzea egungo egoeratik elebitasunera igarotzeko, langileak euskalduntzeko neurri eta baliabideekin. «Helburuetan irmoak eta bidean malguak izateko garaia da», azaldu zuen Igeregik. Ekiteko esan zion Jaurlaritzari: «Bestela, gaztelaniaren nagusitasuna normalizatu egiten da». Bide horretan, sindikatuak dei egin die herritarrei larunbat honetan Bilbon Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen normalizazioaren aurkako epaiak salatzeko egingo duen manifestazioan parte hartzera.
Euskara. Sindikatuak
ELAk Jaurlaritzari egotzi dio administrazioan euskara lehenesteko urratsa ez egitea
Txosten bat egin du funtzio publikoan euskara normalizatzeko ontze bidean den dekretu proiektuaren harira, eta hainbat puntu ilun jaso ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu