LAB eta Steilas sindikatuekin lortutako akordio baten ondorioz, hainbat udal haur eskola Haurreskolak partzuergoan integratuko dira datorren ikasturtean bertan, eta ondorioz, langileak eta zerbitzua bera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku geratuko. ELA sindikatuak erabakia kritikatu du, eta azpimarratu onartutako proposamenak ez dakarrela soilik titulartasuna aldatzea: «Kasu askotan, baliteke lan baldintzak okertzea eta kaleratzeak izatea». Horrez gain, sindikatuak salatu du erabaki hori hartzeko bilerara ez zituztela deitu kaltetutako langileak, ezta horien ordezkari sindikalak ere.
LABek defendatu egin du, ordea, akordioa; Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako (Gipuzkoa) eta Gaubeako (Araba) haur eskoletako langileen interesen aldekoa izango dela argudiatu du. «Ez da kaleratzerik egongo eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu arte». Urteotan zentro horietako langileen artean egon den «ziurgabetasuna» gainditzeko bide bat dela esan du sindikatuak. «LABentzat berri ona da Haurreskolak partzuergo publikora udal gehiago atxikitzea eta atzo lortutako akordioak horri bide eman dio». ELAren kritikak salatu ditu: «gezurrak» zabaltzen ibiltzea leporatu dio.
ELA sindikatuak akordioaren ondorioen gainean abisua eman du: «Karrerako funtzionarioek beren izaera galduko dute; gaur egun lanpostu huts batean dauden langileei urtebete baino ez diete lanpostua gordeko, eta gero lekualdatze lehiaketara aterako da; gainerako bitartekoentzat —ordezkoak, programak...—, ez dago neurririk, eta, beraz, haien postua arriskuan dago; eta akordioak ez ditu jasotzen udal bakoitzeko soldata eta lan errealitateak».