ELAk salatu du Zubietako espetxean muturreko tenperaturak pairatzen ari direla

Instalazio berrian «egitura akatsak eta garbitasun falta» antzeman dituztela azaldu du sindikatuak, eta esan du administrazioa ez dela ari kontrol eraginkorrik egiten.

Eusko Jaurlaritzako agintariak Zubietako kartzela berrian, inaugurazioan. FOKU
Eusko Jaurlaritzako agintariak Zubietako kartzela berrian, inaugurazioan. FOKU
xabier martin
2026ko ekainaren 26a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zubietako espetxe berrian «muturreko tenperaturak» pairatzen ari dira egunotan, ELA sindikatuak salatu duenez. Sindikatu horrek salaketa formala erregistratu du Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuan eta Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritzan. Bertan azaldu du Zubietako espetxean eta bertako gizarteratze zentroan duten egoera larria dela «osasunari eta segurtasunari» dagokienez. «Tenperatura altuek, sistemen akats orokorrek eta lehen asteko administrazioaren kontrolik ezak arrisku nabarmenean jarri dituzte instalazioetan lan egiten duten langileak eta presoak», zabaldu dute ohar baten bidez.

Are, ELAk dio egoera «kritikoa» dela azpiegituraren «zati handi batean eta funtzionamendu orokorrean». «Atzerapenak eta ezeztatzeak izaten ari dira presoen eta haien familien arteko komunikazioetan, ate batzuek huts egiten dute, eta ekonomatuak ez daude martxan». Gabezia horiek guztiek «tentsio izugarria» eragin dute kartzelan, eta «erregimeneko bi istilu larri» gertatu dira, sindikatuaren arabera.

Horrez gain, moduluen kabinetan, sarreretan eta erizaindegian «30 gradutik gertu» daude bero bolada honetan. «Garbitegian ez dute klimatizazio sistemarik, instalatzea ahaztu baitzitzaien». Halaber, gizarteratze zentroan langileak «30 gradutan ari dira lanean, aire giroturik gabe». Horri gehitu behar zaio, ELAk dioenez, komunak ez dituztela garbitzen, eta bulegoak eta gainerako gelak ere ez. «Langileek beraiek sartu behar dute zabor organikoa beren auto partikularretan esparrutik kanpora botatzeko. Gainera, administrazioak kendu egin du zegoen hozkailu bakarra».

Langileak, arriskuan

Horiek horrela, kritika larria egin dio sindikatuak azpiegitura berriaren proiektuari: «Ustez modernoa eta abangoardiakoa den azpiegitura bat saldu zaio euskal gizarteari, baina ez dira bermatzen ari oinarrizko ingurumen eta segurtasun baldintzak». Martxan den ereduak bi modutako zigorra dakar, ELAren arabera: «Langileak prekarizatzen eta arriskuan jartzen ditu, eta presoak baldintza duingabeetan gaizki bizitzera kondenatzen ditu».

Horregatik guztiagatik, ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegin dio «pasibo izateari uztea» eta zenbait neurri hartzea berehala. Esaterako, klimatizazio sisteman presaz esku hartzea, garbiketa plan bat egitea eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Legea aplikatzea. «Arazo horiek konpondu arte langileak lekualdatzeko» eskaera egin du ELAk, eta jarduera gelditzea «postu kritikoetan», osasunerako eta segurtasunerako «berehalako arriskua» badela uste baitu.

Neurri zuzentzaileak lehenbailehen aplikatu ezean, ELAk Lan Ikuskaritzara bideratuko du salaketa, erantzukizunak argitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA