ELAren irudiko, EAJk hizkuntz eskakizunetan egin nahi duen aldaketak «gaztelaniaren nagusitasuna» finkatuko du

ELAk EH Bilduren bidea hobetsi du: euskararen eta gazteleraren exijentzia «parekatzea» enplegu publikorako sarbidean.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, gaur, kongresuan. MIGUEL TOÑA / EFE
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari orokorra, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2025eko ekainaren 24a
20:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken boladan epaileek euskara eskakizunen aurka kaleratutako epaiak tarteko, EAJk joan den astean proposatu zuen derrigortasun indizea kentzea eta lan eskaintza publikoetan erakunde bakoitzak finkatzea euskara eskakizunak. ELAk aldaketaren kontra egin du, «gaztelaniaren nagusitasuna» finkatuko duela iruditzen baitzaio: «Administrazioetan euskara eskakizunak kentzea gaztelaniaren hegemoniari eusteko mehatxua da».

Sindikatuak gaitzetsi duenez, egun, herritarrek ez dute bermatua zenbait zerbitzutan euskaraz egin ahal izatea, besteak beste Ertzaintzan, justizia administrazioan eta Osakidetzan. «Langileek ere ez dute euskaraz lan egiteko aukerarik». Gogora ekarri dituzte euskara eskakizunen aurkako azkenaldiko ebazpenak ere: «ELAren iritziz, EAJren proposamenak ez du balioko euskara pairatzen ari den epai euskarafoboei aurre egiteko».

Hori ikusita, zera proposatu du sindikatuak: euskararen eta gazteleraren exijentzia «parekatzea» —gogorarazi du gazteleraz jakin beharra dagoela lanpostu publiko bat edukitzeko—, eta horretarako «arrazoizko epe bat» jartzea. Eta administrazioetan euskaraz ez dakiten langileei —bereziki behin-behinekoei— euskara ikasteko baliabideak bermatzea eta «ibilbide pertsonalizatuak» diseinatzea. «Salbuespenak egiteko aukerak ere aurreikusi behar dira euskara ikasteko saiakera egin eta porrot egiten dutenentzat edo erretiroa hartzear dauden langileentzat».

Nabarmendu dute hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak «erabat bateragarriak» direla. Horregatik, EH Bilduk aurkeztutako aldaketa «oinarri gisa» hartzea beharrezkoa iruditzen zaie. Koalizioak EAEko Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko proposamena egina du, euskaraz eta gazteleraz jakitea «orokorra» izan dadin enplegu publikorako sarbidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.