Koronabirusak eragindako osasun krisiak jarduna egokitzera behartu ditu eragile gehienak, baita Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika ere. Egoera horretan, Gure Esku-k Gelditu. Hausnartu. Erabaki izeneko solasaldi digitalen ziklo bat jarri du martxan. «Bizi dugun osasun krisiak salbuespenezko egoera batera eraman gaitu; gure gizartearen indarguneak eta ahuleziak muturrera eraman eta azalera ekarri ditu. Hamaika auzi zeuden mahai gainean krisi honen aurretik ere, baina ezin uka egoera honetan gai askok eta askok esanahi berezia hartu dutela», nabarmendu dute.
Internet bidezko solasaldiotan, bi edo hiru hizlari elkarrekin hizketan ariko dira, ordu erdiz; dagokien gaiaren arabera, egoera analizatuko dute, eta azalduko dute zer aldaketa egin eta zer erabaki hartu behar diren euren ustez. Duela bi aste, kultura izan zuten hizpide, Kultura: apustu egiteko garaiaizeneko saioan. Joan den astean, berriz, Espazio publikoaren itxiera izeneko saioa egin zuten.
Gaur, Elikadura eta kontsumoa: teoriatik praktikara solasaldia antolatu dute. Bi solaskide aritu dira saioan: Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialari, EHUko ikertzaile eta irakasle, eta EH Kolektiboko kidea, eta Gotzone Sestorain Zabaleta baserritar eta Etxalde sindikatuko eta Leitzako kontsumo taldeko kidea. Elikadura burujabetza sustatzeaz aritu dira, besteak beste.
Datozen egunetan egingo dituzten gainerako solasaldiak hauek dira:
Sistemaren krisia
Maiatzaren 7an —19:00etan— *Gaztelaniaz
Amaia Perez Orozco ekonomialari eta aktibista feminista eta Jule Goikoetxea filosofo politiko, ikertzaile, irakasle eta aktibista feminista.
Elkarrizketak zuzenean ikusi ahalko dira, baita gerora ere, Gure Esku-ren Youtubeko kanalean.
Horrekin batera, Gure Esku-k komunitatearen babesa beharrezkotzat jo du aurrera egiteko: «Aurretik ere bagenekien, baina orain ere agerian geratu da gutako bakoitzak besteen beharra duela, inor ez dela independente, eta autosufizientzian oinarritutako gizarte ereduek ez dietela erantzuten herritar guztion beharrei». Erantsi dute bazkideak direla Gure Esku-ren sostengu ekonomiko bakarra, eta kanpaina berezi bat martxan jartzeko asmoa agertu dute, «komunitatearen babesa indartzeko asmoz».
Kaleko mobilizazioak, udazkenera
Era berean, Hamaika Gara dinamikaren sustatzaileetako bat da Gure Esku, eta egitasmo horren barruan mobilizazioak antolatu zituzten maiatz-ekainetarako. Horiek udazkenera atzeratu dituzte, osasun krisiak behartuta, baina gogorarazi dute martxoaren 11n abiatutako sinadura bilketa zabalik dagoela oraindik ere.