Foro Sozialak Hitzorduak izeneko topaketa antolatu du Nafarroako Parlamentuan, eta hau du leloa: "Hitz egiteko, entzuteko eta parte hartzeko garaia da". Helburua da jatorri eta ideia desberdineko pertsonak biltzea, "baita urteetan elkarri bizkarra eman diotenen artean ere".
Bi mahai inguru antolatu dituzte. Lehenik eta behin, datorren azaroaren 20an, Elkarbizitza demokratikoa Nafarroan, aukerak eta erronkak izenburupean lehen topaketa egingo da. Bertan, Joseba Santamaria Diario de Noticias egunkariko zuzendaria izango da moderatzaile, eta hiru solaskidek parte hartuko dute: Guillermo Mujika teologo eta Foro Gogoa erakundeko sortzaileak; Vicente Madoz psikiatra eta Argibide fundazioaren sortzaileak, eta Camino Osle NUPeko irakasleak.
Azaroaren 26an beste mahai inguru bat egingo da, Elkarbizitza eraikitzeko entzun, biolentzia desberdinen biktimen testigantzak izenburupean. Batetik, Roberto Manrique ETAren biktima izango da, eta, bestetik, Idoia Zabalza, Estatuko indarkeriaren biktima izan zen Mikel Zabalzaren arreba.
Foro Sozialak gaur nabarmendu du hasi berri den legealdiak balio behar duela "Nafarroan elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko" . Foro Sozialak azaldu du irabazle eta galtzaileen logika ezarri nahi dutenen aldean, gizartearen gehiengoak babestutakoaren alde daudela: "Etorkizuneko eredu bat, inklusiboa, elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzaren alde begiratzen duena". Horretarako hiru korapilo nagusi daudela deritzote: biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa, "bereizkeriarik gabe"; preso eta iheslariaren auziaren konponbidea; eta memoria kritiko partekatua.
Helburu horretan, aurreko legealdian egindako urratsak aurrera jotzeko heldulekua direla deritzo. Alde batetik, PSNk, Geroa Baik, EH BIlduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak eta sindikatuek gaixo diren presoak hurbiltzeko adierazpen bat sinatu zuten. Halaber, hilabeteotan hainbat bilera egin dituzte alderdi eta gizarte eragileekin, hiru korapilo horietan adostasunak bilatzeko.