Hezkuntza. 'Heziberri 2020' plana

Elkarlanerako bigarren aukera

Euskal Curriculuma oinarri hartuta, 'Heziberri 2020' proiektua abiarazi du Eusko Jaurlaritzak, eragileekin elkarlanean. Curriculuma berritzea du xede. LOMCEren mamua gainean du, ordea.

Hezkuntzako eragileak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Heziberri 2020 abiatzeko izandako bilkuran, urrian. JUANAN RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elkarlanean jarduteko aukera jarri zuen Euskal Curriculuma egiteko bideak, Eusko Jaurlaritza eta eragileak biltzekoa. Badu antzekotasunik oraingoarekin. Heziberri 2020 plana egiteko, gobernua eta eragileak —denak ez dituzte hasieratik sartu— mahai baten jiran bildu dira. Curriculum berria egiteko asmoa du Hezkuntza Sailak, eta, are, hezkuntza lege bat egiteko pausoak ere eman nahi ditu. Aurreratuta daude lan zenbait: planaren oinarrizko agiria, eredu pedagogikoa biltzen duena, adostu dute; dekretuak egiten ari da orain Jaurlaritza, eta aste gutxiren buruan amaituko du zirriborroa. Asmo guztiek, baina, jirabiran dute itzal bat: LOMCE, Espainiako hezkuntza erreforma. Mugatu egingo ditu aukera asko.

Euskal Curriculumaren ildoa du planak. Heziberri 2020 izenaren aurretik, Jaurlaritzak txosten bat aurkeztu zien eragileei, izenburu honekin: Oinarrizko Hezkuntzarako Euskal Curriculumaren eredu pedagogikoaren markoa gauzatzeko plangintzaren hastapenak. Izena soilik ez, izpiritua ere antzekoa dute biek. Oinarri pedagogikoak aztertuta, bistan dago bietan garrantzi berezia ematen zaiola ikasleek oinarrizko konpetentziak garatzeari, baita irteerako profila zehazteari ere —eskola garaia bukatzean zer maila izan behar duten ikasleek—.

Kontuan hartzekoa da Euskal Curriculuma lantzen aritu ziren eragile batzuk ari direla orain ere —ikastolak, adibidez—, eta pertsonak ere bai: Xabier Garagorrik, esaterako, ardura izan du bietan.

Euskal Curriculumaz gain, hala ere, beste bi iturburu batzuk ere baditu Heziberri planak: Jaurlaritzaren gobernu programa eta Europako Batasunak 2020rako zehaztutako helburuak. Hor baitu alde handienetako bat: Heziberri gobernuaren proiektua da; Euskal Curriculuma Ikastolen Elkartearen, Udalbiltzaren eta Sortzen Ikasbatuaz-en ekimenez hasi zen.

Adostasunik ez alderdietan

Bide korapilatsua izan du Euskal Curriculumak, eta halakoa izango du, hain segur, Heziberri planak ere. Adostasun politikoa lortzea du erronketako bat. Eusko Legebiltzarrean babesik apenas duen oraingoz. Alde batean daude PSE-EE, PP eta UPD: ez dute beharrezko ikusten plana, eta salatu dute «ikasleak doktrinatzea» dela asmoa, Euskal Herria kontzeptua ageri delako. Beste aldean dago EH Bildu: planaren izaera ez du kritikatu, baina uste du motz geratzen dela, ez duelako balioko LOMCEri aurre egiteko.

Hezkuntza erreforma da, hain zuzen, mehatxu handiena. Curriculuma asko zehaztu du Espainiako Gobernuak, eta joko esparrua nabarmen eskastu die erkidegoei eta ikastetxeei —auzitara joko du horregatik Jaurlaritzak—. EAJren gobernuak behin eta berriz esan du legearen barruan arituko dela, eta Heziberri plana ez dela LOMCEren aurkakoa, baizik «bide paraleloa» egitekoa. Zenbateko aukera duen horretarako, dekretuetan erakutsiko du Jaurlaritzak berak. Uztail alderako iritsiko dira lehen zirriborroak. Ondoren hasiko du hezkuntza legea egiteko bidea. Adostasuna lortzea giltzarria izango da. Nahitaezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.