Elkarretaratze bat egin dute Algortan, Unai Etxebarriari elkartasuna adierazteko

Atezainak esker ona adierazi die bildutakoei.

200 pertsona inguru elkartu ziren protestan. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2020ko abuztuaren 31
07:32
Entzun

Granada Espainiako futbol taldeak Unai Etxebarria bota ostean, atzo berrehun lagun inguru elkartu ziren haren jaioterrian, Algortan (Getxo), atezainari elkartasuna adierazteko. Gu Ere Bai elkarteak deituta egin dute protesta.

Granadak lehengo astean bota zuen Etxebarria taldetik, BERRIAk baieztatu ahal izan duenez, jokalariak ospakizun batean Altsasuko gazteen aldeko elastiko bat janzteagatik. Ospakizunetako argazkiak zabaldu eta berehala egin zuen protesta Vox eskuin muturreko alderdiak, eta klubak espedientea ireki zion Etxebarriari. Gero erabaki zuen kontratua etetea.

Patxi Gaztelumendi Gu Ere Bai elkarteko ordezkariak elkarretaratzean esan zuen adierazpen askatasuna aldarrikatu eta elkartasuna adierazi nahi ziotela jokalariari. Etxebarriak sare sozialetan eskerrak eman zizkien han bildutakoei.

Granadako hedabide batzuek kirol gorabeherekin lotu dute Etxebarriak taldean ez jarraitzea; haien arabera, beste atezain bat fitxatu du Granadak, eta, hortaz, lekurik gabe geratu da getxoztarra. BERRIAk jakin duenez, ordea, kanporaketa zuzenean lotua dago elastikoaren aferarekin. Jokalariak ez du adierazpenik egin nahi izan.

Granadaren bigarren taldean aritu da Etxebarria orain arte. Iaz iritsi zen taldera, Athleticek utzita. Lehen taldeko deialdian ere izan da partida batean baino gehiagotan, baina ez du jokatu. Beste urtebeterako kontratua zeukan oraindik, 2021eko ekainera artekoa, baina bertan behera uztea erabaki du taldeak.

EAJk Espainiako Kongresura eramango du Etxebarriaren kaleratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.