Elkarretaratze jendetsu batek «indarkeria poliziala» salatu du Tolosan

Inauterietan Ertzaintzaren jaurtigai batek begian zauritutako gaztearen aitak esan du semeari gertatu zaiona ez dela «bidezkoa», eta jakinarazi du foam jaurtigai batek beste gazte bat ere jo zuela aurpegian oldarraldi berean.

Ertzaintza - Tolosa
Tolosako elkarretaratzea, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2024ko otsailaren 17a
13:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tolosako Trianguloa plaza lepo betea zela, Jon Pazosek ozen esan du ez dela «bidezkoa» semeari gertatu zaiona. «Inauterietan, jai giroan, pozik eta eliza honen pareta honetan [seinalatuz] gertatu zena ezin da berriro pasatu. Xuhar lurrera bota zuten foam jaurtigai batekin». Hamar minutuko isilune luzea egon da plazan, eta hura bukatu ondoren hasi da hizketan Pazos, txalo zaparrada baten artean.

Villabonako 16 urteko gazte zaurituaren aitak «tresna guztiak» eskatu dizkie erantzuleei «erantzunak» eman ditzaten, «guzti-guztiak eta gardentasunez». Pazosek gogoratu du astelehen goizeko Ertzaintzaren oldarraldia ikertzen ari direla, eta jakinarazi du jazoeren kalean kamera bat dagoela, «kale osoaren irudiak» grabatzen dituena: «Hor dago egia guztia; azaldu dezatela».

Halaber, orain arte ezagutzen ez zen beste informazio bat helarazi du: Ertzaintzaren oldarraldi berean, beste foam jaurtigai batek beste gazte bat ere jo zuen; «hura ere 16 urtekoa da, eta aurpegian, sudur inguruan» jo zuela zehaztu du. «Ezin da onartu horrelako eredu polizial bat gaur egungo gizartean; nahikoa da», erantsi du, emozioak hartuta.

«Kale horretan kamera bat dago irudiak grabatzen dituena: Hor dago egia guztia; azaldu dezatela».

JON PAZOS Gazte zaurituaren aita

Berretsi du semeak zauri «oso handiak» dituela eskuin begian. «Erretina askatua dauka, eta ondorioak ekarriko dizkio: begiaren ikusmena ez da izango lehengoa». Maila batean behintzat ikusmena galduko duela azaldu du. Asteartean ebakuntza egingo diote gazteari, «erretinaren haustura hori zabaldu ez dadin begi guztian», baina ez dakite «azken ondorioak» zeintzuk izango diren.

Eskerrak emanez bukatu du Pazosek, «jasotako elkartasun guztiagatik, bihotz-bihotzez».

Erkorekaren erantzukizuna

Tolosako elkarretaratzera deitu dutenen izenean, gazte zaurituaren lagun batek «erantzukizuna» eskatu dio Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, «arlo humanoan zein politikoan». «Erkoreka jauna, kale horretan indarkeriaz sartu ziren ertzainek eta agindu hori eman zuen ertzainburuak erantzukizunei aurre egin behar diete, eta zuk ere bai», jarraitu du. Ertzaintzaren oldarraldiak «ondorio atzeraezinak utziko dizkio Xuharri», haren esanetan. «Segurtasunaren bermatzaile behar duenak eragin zituen ondorio atzeraezinak».

Ertzainei hitz egin die, «trafikoan, salbamenduan, kalean edota bulegoan daudenei», eskatzeko «ez daitezela isildu»: «Esan zerbait, altxa ahotsak; Ertzaintzaren zilegitasuna jokoan dago». Eta gogor aritu da «basakeria hau justifikatzeko gai» izan ei direnekin: «Etxera joan; ez zaituztegu nahi, eta ez zaituztegu behar».

Indarkeria polizialik ez; bada garaia aldatzeko lelopean egin da protesta, eta haren bozeramaileak Erkorekari gogoratu dio gertatutakoari «kirurgia operazio profesionala» esan diotela «Ertzaintzaren gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek». Erantsi du «operazio kirurgikoak Osakidetzako zirujauek» egiten dituztela: «Lente kristalino kaltetuen, lagrimal apurtuen eta erretina askatuen ebakuntzak medikuek egiten dituzte, ez poliziek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.