Elkarretaratzera deitu dute Hego Euskal Herrian, Espainiako tren istripuaren biktimei elkartasuna adierazteko

Eudelek eta Donostiako, Bilboko eta Gasteizko udalek gaur 20:00etan biltzeko deia egin dute. Iruñeko Udalak, berriz, bihar 12:00etarako egin du deialdia.

Tren istripua, gaur goizean, Urdan (Espainia). CHEMA MOYA / EFE
Tren istripua, gaur goizean, Urdan (Espainia). CHEMA MOYA / EFE
maddi iztueta olano
2026ko urriaren 28a
16:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainia erdialdean, Urdan (Toledo), tren istripu bat gertatu da gaur goizean, eta, Gaztela-Mantxako erkidegoaren arabera, gutxienez 68 lagun hil dira. Harridura eta samina eragin du albisteak, eta biktimak omentzeko elkarretaratzera deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetako eta zenbait herritako udalek.

Eudel Euskal Udalen Elkarteak minutu bateko isiluneko elkarretaratzera deitu du, gaur 20:00etarako, tren istripuaren biktimen senide eta gertukoei «elkartasuna» adierazteko. Dei horrekin bat egin dute, besteak beste, Donostiako, Errenteriako eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) udalek. Donostiako Udalak jakinarazi du, gainera, udalbatzak minutu bateko isilunea egingo duela bihar goizean ere. Gasteizko eta Bilboko udalek ere bat egin dute elkarretaratzeko deiarekin, eta gaur egingo dute, 20:00etan, udaletxe aurretan. 

Iruñeko Udalak, tren istripuaren biktimengatik samina adierazi, eta elkartasuna adierazi die istripuaren ondorioz hildakoen eta zauritutakoen senide eta lagunei. Horrez gain, eskerrak eman dizkie erreskate taldeei eta larrialdi zerbitzuei. Iruñeko Udalak bihar eguerdirako deitu du elkarretaratzera: 12:00etan bilduko dira, udaletxearen aurrean. Abantoko Udalak ere (Bizkaia) bihar goizean egingo du minutu bateko isilunea, osoko bilkuraren hasieran. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA