Elkartasun kantaldi batekin amaitu dute Aroztegiko auzipetuen aldeko diru bilketa

Aroztegiko Elkartasun Komitearen arabera, erantzuna «bikaina» izan da. Dena den, ohartarazi dute borroka ez dela akitu, akusazioak helegitea aurkeztu baitu Espainiako Auzitegi Gorenean.

Aroztegiko Elkartasun Komiteak antolatutako elkartasun kantaldia, atzo, Lekarozen. AROZTEGIKO ELKARTASUN KOMITEA
Aroztegiko Elkartasun Komiteak antolatutako elkartasun kantaldia, atzo, Lekarozen. AROZTEGIKO ELKARTASUN KOMITEA
Isabel Jaurena.
2026ko apirilaren 20a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bosgarren aldiz loratu da gaur udaberria Aroztegian, inoiz baino indartsuago eta inoiz baino ederrago». Eta bosgarren aldiz oroitu dute herritarrek Lekarozko (Nafarroa) lur horietan egin zen erresistentzia kanpaldia. Izan ere, elkartasun kantaldia egin zuten atzo herrian, eta, hala, auzipetuen aldeko dirua biltzeko kanpainari bukaera eman. Duela bi urte jaso zuten zazpi auzipetuek zigor eskaera: guztira, hogei urteko kartzela zigorra, 56.000 euroren isunak eta 43 milioi euroko kalte ordaineko mehatxua, desobedientzia zibil baketsuagatik. Eta iazko irailean iritsi zen epaia: kartzela zigorrik ez, baina milaka euroko kalte ordaina eta 62.000 euroko isuna ordaindu beharko dituzte. Zigorrari «herri gisa» erantzun asmoz, dirua biltzeko kanpaina abiatu zuten, 70.000 euro lortzeko helburuz; eta atzoko ekitaldia kanpaina horren hetsiera izan zen.

Zehazki, 2021eko apirilean egin zituzten Aroztegiko protestak, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), obrak geldiarazteko: Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako Lekarozen (350 biztanle). 

Aroztegiko Elkartasun Komiteak ohar bidez egindako balorazioaren arabera, atzoko ekitaldiaren erantzuna «bikaina» izan da, jende kopuruari eta ekarpen ekonomikoari dagokienez. Mila lagun inguru elkartu ziren bertan, Euskal Herriko abeslari andanaren emanaldiak entzuteko: Ibil Bedi, Zea Mays, Bidenabar, Joseba Tapia, Kattalin eta Ane Barcena, Pello Reparaz, Iñigo Astiz eta Gorka Urbizu. Atzokoa ez ezik, kanpaina osoan jaso duten erantzuna ere eskertu dute: «Bi aste behar izan genituen diruaren erdia lortzeko, eta hamaika izan dira bilketaren harira Euskal Herriaren luze-zabaleko herri mugimenduko eragileek antolatu dituzten ekitaldiak; haien aletxoa jarriz gure borrokan».

Bidenabar taldearen emanaldia atzo, Lekarozen. AROZTEGIKO ELKARTASUN KOMITEA
Bidenabar taldearen emanaldia atzo, Lekarozen. AROZTEGIKO ELKARTASUN KOMITEA

Halere, ohartarazi dute borroka ez dela bukatu. Izan ere, akusazioak helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean; hortaz, «zazpi herritarren kontrako errepresioak» aitzinera jarraitzen du. «Oinarri ederra eskaintzen digute bildutako 70.000 euroek, baina izan daiteke gerora ere gehiago behar izatea; edo aise makurrago, zazpi auzipetuen kontrako zigor eskaera handiagoa izatea. Berriz ere indarrean baitago kartzelaren eta 43 miloi euroen mehatxua», erran dute. 

Eskerrak eman dizkiote bide horretan elkartasuna erakutsi duen herritar, eragile eta kolektibo orori, eta, bereziki, Sopelako 4ekin 1 plataformako kideei, «erakutsitako elkartasunagatik eta hondar astean bidali duten ekarpenarengatik».

Zazpien absoluzioa ez ezik, UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana behin betiko bertan uztea ere galdegin dute bortz urteotan —2039 bitarteko epea du—. Izan ere, horrek baldintzak sortzen ditu obrak berriz ere martxan jartzeko. «Aroztegia udaberriro loratu dadin lanean segituko dugu, behar den guzietan kolektiboki erantzunez eta herriaren aldeko borrokara elkartuz, desobedientzia zibilaren eta ekintza zuzenaren bidez. Borroka baita handiena! Ospatu dezagun lortutakoa!», borobildu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA