Guztira 32 urteko espetxe zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatzen zuten lau sopelarrendako, joko areto baten kontrako ekinaldi batzuetan parte hartzea egotzita. Sopelako 4ekin 1 plataformak jakinarazi duenez, lau auzipetuak absolbitu egin dituzte, akusazioarekin akordio bat lortu eta gero. Hiru delitu egitea leporatzen zieten lau herritarrei: mehatxu jarraituak, hertsatzeak eta kalte jarraituak.Â
Plataformak kontatu izan duenez, 2020. eta 2021. urteak «bereziki mugituak» izan ziren herrian, bi proiekturen kontrako herri dinamikak baitzeuden martxan: batetik, eraikitze lanetan zen supermerkatu baten kontra, eta, bertzetik, joko areto baten aurka. Horrez gain, «gatazka nabarmena» piztu zen herriko udaltzaingoaren eta zenbait gazteren artean. Hala, «bi erpineko operazio bat» izan zela salatu zuen taldeak, eta herri mugimenduan aktiboki lanean ari ziren «zenbait gazte izutu nahi» zituztela, horretarako «frogak manipulatuz eta adierazpen faltsuak eginez».
Hain justu, 2021eko abuztuan, Sopelako EH Bilduk (Bizkaia) salatu zuen uztailaren 22an Espainiako Poliziak hiru gazte atxilotu zituela eta hirurei Arrigorri joko aretoan kalteak egin izana egozten zietela. Alderdiak urgentziazko mozio bat aurkeztu zuen, baina ez zuen beste alderdien babesik izan, eta bertan behera gelditu zen. Hala, plataformak elkartasun kanpaina bat jarri zuen abian, argudiatuta egoera «oso larria» zela eta zigor eskaera, berriz, «zentzugabea».
Bost urteren ondoren, lau herritarrek akordio bat erdietsi dute joko aretoko jabearekin, eta hala eman diote amaiera orduan hasitako «amesgaiztoari», gaur zabaldutako prentsa oharrean nabarmendu dutenez. Hain justu, gorabehera handiak bizi izan dituzte bost urteotan; izan ere, auzia birritan artxibatu zuten, eta fiskala auzitik erretiratu zen. Kasurako, epaiketa pasa den otsailaren 4rako zegoen aurreikusita, baina urtarrilaren 13an auzi saioa atzeratu zuten, eta ez zuten beste datarik zehaztu.
Horren harira, joan den urtarrilaren 31n mobilizazio jendetsua egin zuten Sopelan, plataformak deituta, lau herritarrak «amarru polizial baten biktima» zirela salatzeko. Halaber, Sopelako Udalak «kezka» adierazi zuen auzipetutako herritarren egoera judizialagatik. Haren arabera, auzipetuen aurka eskatutako zigorrak «bereziki gogorrak» ziren, eta «ziurgabetasun pertsonal eta sozial nabarmena» eragin zien laurei.
Hain justu, egoeraren berri emateko atzo egindako prentsaurrekoan, plataformak berriro ere salatu zuen urteotako prozesua «erabat bidegabea» izan dela. Halere, uste du akusazioarekin akordio bat erdietsi izana har zezaketen erabakirik «koherenteena» izan dela, iritzi baitio epaiketa egin izan balute arriskua izango zela lau herritarren etorkizuna «baldintzatuta» gera zedin.
Elkartasunari eskerÂ
Akordioaren berri emateko ez ezik, jaso duten elkartasuna eskertzeko ere probestu dute abagunea. Nabarmendu dute babes handia izan dutela bost urteotan antolatutako egitasmoetan, eta auzipetuen herrikide, lagun eta senide guztien borrokari esker lortu dutela aurrera egitea.
Sopelatik harago, eskerrak eman dizkiete «Euskal Herriko hamaika txokotan aktibatu eta elkartasuna ehundu duten» milaka herritarrei. Eta gogoratu dute eragile eta mugimendu politiko batzuk oraindik ere badirela «jazarpenaren biktima»; zehazki, Berangoko Elkartasun Komitea eta Aroztegiko kideak aipatu dituzte. Are, jakinarazi dute haiei emango dietela urteotan herritarren ekarpen ekonomikoei esker bildutako erresistentzia kutxaren zati bat.
Horiek horrela, honaino iritsi da Sopelako 4ekin 1 plataformaren ibilbidea. Halere, etorkizunean ere borrokan jarraitzeko deia egin dute: «Borroka da egunerokoan bizi ditugun egoera bidegabe guztien aurrean herritarrok dugun tresnarik indartsuena».