Emakume bat eta haren bost seme-alaba etxegabetu ditu Ertzaintzak Bilbon

AZET etxebizitza sindikatuak deituta, 08:00etan bertaratu dira etxebizitzaren atarira, etxegabetzea geldiarazteko helburuz, baina ordurako Poliziak ingurua hartua zuen. Etxegabetzea galarazteko, bi auzokide balkoira kateatu dira.

Etxegabetutako emakumea, auzokideen babesa jasotzen, kaleratua izan ostean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Etxegabetutako emakumea, auzokideen babesa jasotzen, kaleratua izan ostean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Aitor Biain - Gotzon Hermosilla
Bilbo
2025eko uztailaren 7a
12:20
Entzun 00:00:0000:00:00

«Idazkari judizial hori, badakigu entzuten ari zarena: zurekin hitz egin nahi dugu, etxegabetzea bertan behera uzteko modua negoziatzeko». AZET etxebizitza sindikatukoek bozgorailutik egindako deiak gorabehera, azkenean etxegabetu egin dituzte Bilboko San Frantzisko auzoan bizi diren emakume bat eta haren bost seme-alaba adingabeak. AZET etxebizitza sindikatuak deituta, 08:00etan herritar ugari bertaratu dira etxebizitzaren atarira, etxegabetzea geldiarazteko helburuz, baina ordurako Poliziak ingurua hartua zuen. Etxegabetzea oztopatzeko protesta egin dute dozenaka herritarrek.

Goiz-goizetik, Ertzaintzak San Frantzisko kalea moztu du, eta protestan ari zirenak poliziek ezarritako hesiaren aurrean paratu dira, Etxegabetzen dutenak herriaren etsai, Tamara eta familia auzoan leloa idatzita zeukan pankarta bat eskuetan. Elkarretaratzeak iraun duen bitartean, oihuka eta zarataka aritu dira: «Etxegabetzeak gelditu», «kaleratzeei aurre egiteko, klase elkartasuna», «inor ez etxerik gabe», «kaleratzen dutenak herriaren etsai», «etxebizitza ez da negozioa» eta antzeko leloak oihukatu dituzte. Goizak «luze» joko zuela iragarri dute sindikatuko kideek, eta kafea, zukuak eta galletak eskaini dizkiete bertaratutakoei.

Etxebizitzan zenbait lagun zeuden, etxegabetzeari buru egin nahian, eta haietako bi balkoian kateatu dira, kanpoko aldetik. 09:15ean iristekoa zen idazkari judiziala, eta harekin negoziatu nahi izan dute AZETeko kideek, baina ez dute horretarako aukerarik izan. Idazkariarekin batera, udaltzain gehiago eta suhiltzaileak ere iritsi dira, kateatuta zeuden gazteak balkoitik ateratzeko asmoz. «Suhiltzaile, izan solidario» oihukatuz eta «suhiltzaile, esan ezetz» abestuz erantzun dute protestan ari zirenek.

Suhiltzaileak hesiz inguratu dute ataria, koltxoneta bat jarri dute espaloian, eta gero eraikinera sartu dira. «Suhiltzaileek erabaki dute jabetza pribatua defendatzea bizitzak defendatu ordez, eta, barruan dauden kideek jakinarazi digutenez, tresneria guztia hartuta sartu dira etxebizitzara», esan dute AZETeko kideek. Hori dela eta, suhiltzaileen telefonoa eman dute, jendeak dei zezan suhiltzaileen parte hartzea zela-eta desadostasuna adierazteko. Haietako zenbaitek lortu dute suhiltzaileen egoitzakoekin telefonoz hitz egitea, eta hangoek adierazi diete ez zekitela «ezer» auziaz.

Txaloak eta besarkadak

10:30ean lortu dute atea zabaldu, etxebizitzara sartu eta barruan zeudenak kanporatzea, balkoian kateatuta zeudenak barne, kaleko jendeak «gora auzokide solidarioak» eta «ez etsi, zuekin gaude» oihu egiten zuten bitartean. Kaleratutakoak handik gutxira iritsi dira elkarretaratzera. Etxegabetutako emakumea ere haiekin zihoan, negarra begietan. Txaloka eta besarkadaka hartu dituzte.

Etxegabetzea salatzeko, manifestazioa egingo dute gaur 18:30ean; Mariaren Bihotza plazatik abiatuko da.

Oraingo honetan Bizkaiko Foru Aldundiak eman du etxebizitza husteko agindua, Tutoretza Erakundearen bitartez. 

Ostiralean hiru pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak protesta iragartzeko eta etxegabetzea salatzeko pankarta bat jartzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.