Emakume bat eta haren semea etxegabetu dituzte Iruñeko Jarauta kalean

Polizia 06:45ean joan da Jarauta kalera, atzo behin-behinean atzeratu zen etxegabetzea egiteko. Iruñeko Udaleko iturriek esan dute «beste etxebizitza batera» eraman dituztela; Etxebizitza Sindikatuaren arabera, agenteek «legez kanpo» jardun dute.

Emakume bat eta haren semea etxegabetzen ari dira Iruñeko Jarauta kalean. KONTSEILU SOZIALISTA IRUÑERRIA
Emakume bat eta haren semea etxegabetzen ari dira Iruñeko Jarauta kalean. KONTSEILU SOZIALISTA IRUÑERRIA
Mikel Arberas - Maddi Iztueta Olano
2025eko ekainaren 20a
07:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Emakume bat eta haren semea etxegabetzeko agindua emana zuen atzo Iruñeko epaitegi batek, baina prozesua eten egin zuten behin-behinean. Jarauta kaleko 82. zenbakian bizi dira biak. Bada, gaur, 06:45ean Espainiako Poliziako eta Udaltzaingoko agenteak bertaratu dira atzorako aurreikusita zegoen etxegabetzea egiteko. Inguruko kaleak itxi dituzte, eta hainbat pertsona identifikatu dituzte. Gedarrek jakinarazi duenez, segizio judiziala eta sarrailagile bat ezkaratzera sartu dira. Horren aurrean, ahalik eta lagun gehien gerturatzeko deialdia zabaldu dute.

Agenteek ez dute «inolako» abisurik eman familia kanporatzera agertu aurretik, ezta hara iristean etxegabetze agindurik erakutsi ere, Etxebizitza Sindikatuak ohar bidez gaur jakinarazi duenez. Hortaz, sindikatuak salatu du etxegabetzea «legez kanpo» gauzatu dela. Informazio horren arabera, emakumeak uko egin dio etxebizitza uzteari, baina, halere, etxegabetzearekin aurrera egin dute. 

Etxebizitza Sindikatuko ordezkari Iker Narbonak atzo azaldu zuenez, familia ataka estuan eta «oso egoera gogorrean» dago: besteak beste, semeak %75eko buruko desgaitasuna baitu. Gainera, Narbonak berak eta sindikatuak jakinarazi dute etxegabetu asmo duten familiari «iruzur» egin diotela. Ama-semeak iazko urte amaieran joan ziren bizitzera Jarauta kaleko 82. zenbakira, alokairuan. Ondoren jakin zuten, ordea, etxea alokatu zien pertsona ez zela benetako jabea; horren ondorioz, pisuaren benetako jabeak familiaren aurkako salaketa bat jarri zuen joan den martxoan.

Sindikatuak salatu du etxegabetze prozesua «oso azkar» egin dela, Espainiako 5/2018 Legea aplikatuta. Hain justu, lege horrek bide ematen du kaleratzeak egiteko aurrez epaiketarik egin gabe; Etxebizitza Sindikatuaren aburuz, horrek «inolako babes juridikorik gabe» uzten ditu ama-semeak. 

Etxegabetzea geldiarazteko xedez, atzo ere dozenaka lagun bildu ziren Jarauta kaleko 82. zenbakiaren aurrean, Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak deituta. Narbonak atzo azaldu zuenez, epaitegiko ordezkariak «kaleko jantzita eta inori ezer esan gabe» azaldu ziren. Gaur goizaldeko gertaeraren ondoren, mobilizazio berriei adi egoteko eskatu du sindikatuak, eta jakinarazi «salaketak» aurkeztuko dituela, etxegabetzea «legez kanpo» egin dela iritzita. 

Bestalde, kaleratutako oharrean, gogorarazi dute azken hamar egunetan Iruñean gauzatu duten bigarren etxegabetzea izan dela gaurkoa. Iragan asteazkenean, ekainaren 11n, 57 urteko emakume bat etxegabetu zuten San Lorentzo kalean. Sindikatuaren arabera, emakumeak %75eko desgaitasuna zuen, eta minbiziaren aurkako tratamendua jasotzen ari zen. 

Informazio argirik ez

Iruñeko Udaleko kideek ez dute, diotenez, etxegabetzeari buruzko «informazio handirik». Gaurko gertakariaren inguruan galdetuta, jakinarazi dute ama-semeak Iruñeko Udalak kudeatutako etxebizitza batera eraman dituztela; hori bai, ez dute jakin erantzuten pisua non dagoen, ezta zer-nolako baldintzetan bizi beharko duten ere. Xehetasunik eman gabe, aipatu dute familia «aldi baterako» egongo dela leku horretan.  

Iturri horiek atzo esan zuten zerbitzu sozialek bizitoki alternatibo bat eskaini diotela familiari, Etxe Bat programaren barruan; baina familiak ez diola erantzun proposamen horri. Programa horrek logela bat alokatzeko aukera emango lieke, beste pertsona batzuekin partekatutako etxebizitza batean; baina, aukera hori prest egon arte, hotel batean egon beharko lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.