Emakume batek Ertzaintza salatu du Intxaurrondon egin zioten eraso baten harira

Voxek karpa bat jarri izanak istiluak eragin zituen azaroaren 28an, eta ertzain batek jipoitu egin zuen A.O. inizialeko gaztea. Emakumea Topora zihoan: «Ez nintzen gogoratu ere egiten karparen kontuaz». Gaixo agiria eman diote zauriengatik.

Ertzain batek A.O. gazteari hanketan eragindako zauri bat. BERRIA
Ertzain batek A.O. gazteari hanketan eragindako zauri bat, kolpea jaso eta bost egunetara. BERRIA
xabier martin
2025eko abenduaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

A.O. donostiarra lagunekin biltzera zihoan azaroaren 28an, ostiralean, Trintxerpe auzora (Pasaia), baina Donostiako Intxaurrondoko Topoaren geltokira iritsi aurretik, aurrez aurre aurkitu zituen Voxek jarritako karpa baten harira sortutako istiluak. «Polizia asko ikusi nuen bat-batean. Ez nekien zer ari zen gertatzen, eta, halako batean, gogoratu nintzen bazela zerbait Voxen karpa bat zela eta», esan dio BERRIAri 26 urteko emakumeak. Ia ohartu ere egin gabe, trena hartu aurretik zenbait kolpe jaso zituen, eskuan, eskumuturrean eta bi izterretan, guztiak borraz. Gaixo agiria eman zioten zauriengatik, eta uste baino gehiago luzatuko zaio gaixoaldia, izterretako zauriak «oso itsusiak» direlako, «odolbildu eta guzti». 

Gazteak salaketa bat jarri du Donostiako epaitegian, jipoitu zuen ertzainaren aurka. Iker Sarriegi abokatuaren bidez egin du. «Nik ez nuen parte hartu istilu horietan. Nire betaurrekoak jarrita, nire poltsa aldean nuela, Topora nindoan. Istiluak ikustean gelditu egin nintzen, zer gertatzen ari zen ikusteko, eta gauzak pixka bat baretu zirela ikustean aurrera segitu nuen, trenera». Orduan iritsi zen erasoa, A.O. gazteak epaitegian jarritako salaketan azaldu duenez: «Topoaren geltokiaren aurrean Ertzaintzaren furgoneta bat zegoen, eta imintzio bat egin nien, mesedez lasaitasuna eskatzeko, gauzak baretuta baitzeuden jada. Ohartzerako ertzain bat niregana etorri zen korrika batean, bi aldiz bultzatu ninduen, eta eskuan borrarekin eman zidan. Ezin nuen eskua sentitu». 

Emakumeak ziurtatu du bideo bat badela, eta han argi ikusten dela zeharo harrituta dagoela bera, Topo aldera seinalatzen, ertzainari «'zertan ari zara?' galdezka bezala». Kolpea jaso eta gero, zutik geratu zen geltokiaren atearen aurrean, egin duen kontakizunari jarraikiz. «Orduantxe, Ertzaintzaren beste furgoneta bat iritsi zen; jaitsi ziren ertzainak, eta niregana etorri zen lehena oihuka hasi zitzaidan. Ez nekien zer esaten zidan ere, haluzinatuta bezala nengoen. Gauza bakarra oroitzen dut: esaten niola ez nuela zerikusirik istiluekin eta Topoa hartu nahi nuela. Baina joanda bezala zegoen, begirada beldurgarria zuen. Eta bere indar guztiaz jo ninduen».

Eskumuturra eta izterrak

Eskumuturrean jaso zuen lehen borra kolpea, eta hanketan besteak, izterretan. «Indar guztiaz eman zidan, eta ia lurrera erori nintzen. Makurturik geratu nintzen, hanketako oinazeak ez zidan-eta zutitzen uzten. Gogoratzen dut beste ertzain bat begira geratu zitzaidala, nire adineko neska ilehori bat; bere lanari baino gehiago niri begira zegoen, eta haren aurpegiak dena esaten zuen. Ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zen, nik bezalaxe».

«Indar guztiaz eman zidan, eta ia lurrera erori nintzen. Makurturik geratu nintzen, hanketako oinazeak ez zidan-eta zutitzen uzten»

A.O. Ertzaintzaren aurkako salatzailea

Erasotzailea aldendu zenean, berriro zutitu zen A.O. gaztea, eta beste ertzain bat hurbildu zitzaion, baina hark beste jarrera bat zuen: «Ikusi zuen zauriturik nengoela, eta galdetu zidan ea zer gertatzen zen. Azaldu nion Topora nindoala eta ertzain batek jipoitu egin ninduela. Besotik hartu ninduen kontu handiz, eta mesedez aldentzeko eskatu zidan».

Arratsalde horretan, pertsona bat atxilotu zuen Ertzaintzak, Intxaurrondon izandako istiluen harira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, kolpeak jaso zituzten sei ertzainek. Baina horietako inork ez zuen ospitalera joan beharrik izan.

(ID_17658234548835) A. O. ertzainak eragindako zauriak.
Ertzain batek A.O. gazteari egindako zauri bat besoan, kolpea jaso eta bost egunetara. BERRIA

Larrialdietara

Gazteak Topoa hartu zuen erasoaren ondoren, baina Trintxerpera iristean ohartu zen kasik ezin zuela ibili oinazearengatik, eta larrialdietara joatea erabaki zuen. «Beldur nintzen eskumuturreko hezur bat apurturik izango ote nuen, baina ez; eskerrak. Benda bat jarri zidaten eremu horretan, ezin bainuen mugitu; orduan uste nuen eskumuturra zela arazorik handiena, baina, egunak pasatu ahala, izterretako kolpeek eragin didate arazorik handiena. Familia medikuak esan dit zuntz haustura larriak ditudala. Hiru asterako gaixo agiria eman zidan, eta luzatu egingo didate, eskuin izterrean zauri oso handia dudalako, odolbildu eta guzti».

A.O. gazteak zer gertatu zen ikertzea nahiko luke, eta horregatik jarri du salaketa, baina esan du badakiela ez dela askorik argituko. Zertarako jarri du orduan salaketa? «Nik nahi dudana zera da: erakustea hau gertatzen ahal dela gaur egun. Esango nuke jo ninduenak inpunitate osoz jo ninduela, jakinda ez zaiola deus ere gertatuko. Nik ez nuen ezer egin Ertzaintzaren aurka, eta, hala ere, begira nola nagoen. Nola oldartu daitezke modu horretan jendearen aurka?».

Emakumeak zalantzak izan ditu salaketa jarri edo ez erabakitzean, eta osaba batengana joan da aholku eske. «Osaba ertzaina izan da; orain erretiroa hartuta dago. Biharamunean harengana joan nintzen, eta esan zidan dudarik gabe salaketa jartzeko. 'Kamerak eskatu, eskatu dena, baina ez utzi hau isilean pasatzen', esan zidan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.