Zientzia

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko dute larunbatean

Dozenaka ekintza antolatu dituzte, hala nola tailerrak, mahai inguruak, erakusketak, jolasak eta bisitak. «Zientzia bada nesken kontua» mezua zabaldu nahi dute.

Fatima Villa, Naiara Aginako Bengoa, Ane Ruiz de Angulo, Ester Verde eta Elisa Jimenez ikertzaileak, 2021ean egindako ekimen batean. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko otsailaren 09a
11:12
Entzun

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11, larunbata. Zientziarena sektore maskulinizatua izan da mendeetan, eta emakumeek egindako aurkikuntza asko gizonen izenekin erregistratu eta ezagutu izan dira historian. Bada, emakumeen lana ikusarazteko, aitortzeko, parte hartzea sustatzeko eta erreferenteak sortzeko sortu zuten eguna; ezkutuan edo bigarren mailan geratu ohi den andreen lana nabarmentzeko, hain zuzen. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015. urtean ezarri zuen nazioarteko egun gisa. 2016an ospatu zen aurrenekoz, eta urtebete beranduago, 2017an, sortu zuten Euskal Herrian Emakumeak Zientzian egitasmoa. Helburu jakin bat du: «Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea». Xede horrekin, hainbat elkartek jarduera programa mamitsu bat osatu dute.

Antolatzaileen arabera, otsailaren 8tik 17ra bitarte egingo dituzte jarduerak, eta 50 ekintza baino gehiago biltzen dituen programa «zabal bat» diseinatu dute. «Zientzia bada nesken kontua» mezua lau haizeetara zabaltzeko asmoz, era askotako ikerketa eremuak lantzeko hautua egin dute. «Adin eta genero guztietako jendeari» zuzenduta dago programa, eta ekimenetan parte hartzeko deia egin dute. Gipuzkoan eta Bizkaian egingo dira nagusiki. Programazio osoa eta izena emateko aukera ikusgai daude Emakumeak Zientzian proiektuaren webgunean.

Ikusi gehiago: Mari Luz Guenaga: «Informatikan urtero-urtero jaisten ari da emakume kopurua»

Hala, eskainiko dituzten ekintzen artean daude, besteak beste, esperimentu tailerrak, mahai inguruak, jolasak, erakusketak, bisitak, filmen proiekzioak eta emanaldiak. Asteazkenean eman zioten hasiera egitasmoari, Donostian, erakunde eta ikerketa zentroetan lan egiten duten emakumezko zientzialari eta teknologoei egindako omenaldi batekin. Horrez gain, Ana Beloki, Marta Pascual eta Marina Kalashnikova zientzialariekin solasaldia izan zuten, Alaia Martin bertsotan aritu zen haien testigantzak jasotzen, eta Janus Lester artistak proiektuarentzat sortutako ereserkia aurkeztu zuten.

Emakumeak Zientzian ekimenaren hasiera ekitaldia Donostian, asteazkenean. Emakumeak Zientzian

Hurrengo egunetako ekintza sortaren artean, berriz, Eureka zientzia museoan emakume zientzialarien lanarekin eta aurkikuntzekin lotutako hainbat esperimentu egingo dituzte; Emakume zientzialariak atzo eta gaur izeneko hitzaldiak egingo dituzte Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta Bilboko Bidebarrieta liburutegian; bisita gidatuak egingo dituzte Biodonostia, Achucarro, CIC Biomagune eta Polymat ikerketa zentroetara, baita horietan tailer eta esperimentuak ere; ginkanak izango dira Bilbon eta Donostian; ibilbide arrakastatsua izan duten emakume zientzialarien inguruko hainbat hitzaldi egingo dituzte; eta mahai inguruak izango dira, Ezagutu neurozientzilari hauek besteak beste.

Erakusketak ere jarriko dituzte; esaterako, Mundua aldatu zuten emakumeak erakusketa egongo da ikusgai Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean, otsailaren 8tik 28ra. «Zientziaz eta teknologiaz baliatuz gizadiarentzat helburu handiak lortu dituzten emakume zientifiko eta teknologoen erakusketa» izango da.

Era berean, Euskadiko Filmategiak antolatutako Zinema eta zientzia zikloaren barruan, proiekzio bereziak programatu dituzte Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean. Aukeratutako pelikula bi aldiz Nobel Saria irabazi duen Marie Curie zientzialariaren bizitzan oinarritutako Madame Curie klasikoa da. Jatorrizko bertsioan emango dute, euskarazko azpitituluekin, eta Nerea Zabala fisikariak eta Elisa Jimenez kimikariak egingo dituzte aurkezle eta moderatzaile lanak.

Emakumeak Zientzian proiektuko antolakuntzaren arabera, emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna ezinbestekoa da pertsona guztientzat sarbide eta garapen profesional «berdinzalea bultzatzeko». Hala, ekintzetan parte hartzeko deia egin dute.

Erakundeen laguntza

24 euskal erakunderekin elkarlanean antolatu dute 2023ko Emakumeak Zientzian egitasmoa; iaz baino zazpi erakunde gehiagok hartu dute parte. Zehazki, erakunde hauek eman diote bultzada proiektuari: Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU); Achucarro; CIC Biomagune; CIC Nanogune; Deustuko Unibertsitatea; Polymat; BC3 Klima Aldaketa Ikergai; BCAM Basque Center for Applied Mathematics; BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language; Biodonostia; Ceit; Cidetec; DIPC Donostia International Physics Center; Elhuyar; Eureka zientzia museoa; Biofisika Bizkaia fundazioa; Ikerlan; Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala; Euskadiko Parke Teknologikoa; Tecnalia; Tecnun; EHUko Informatika Fakultatea; Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola; eta Kimika Fakultatea.

Beste egitasmoak

Emakumeak Zientzian programaz gain, beste hainbat egitasmo ere egingo dituzte. Elhuyarrek, esaterako, Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoa egingo du. Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako 218 saltokik hartuko dute parte, eta emakume ikertzaileen irudiak jarriko dituzte erakusleihoetan. Gainera, irudi horietan oinarrituta, hamabi emakumeren inguruko erakusketak izango dira ikusgai Eureka zientzia museoan eta Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikoan.

Iruñeko Planetarioak ere hainbat ekintza antolatu ditu. Saio bereziak egingo dituzte, eta horietan arreta berezia eskainiko diete diziplina zientifiko eta teknologiko ezberdinetan egon diren emakumeei, baita gaur egun lanean ari direnei ere. Emakume zientzialariei eskainitako erakusketa ere jarriko dute.

CIC Energigune zentroak, berriz, azoka zientifiko bat antolatu du Gasteizen. Hainbat tailer egingo dituzte; asmoa da emakumeek zientzian duten jardunaren inguruan informatzea eta inguruko zientzialariak ezagutaraztea.

Bestalde, Donostiako Cristina Enea fundazioak iragarri duenez, ibilbide profesionala zientziari lotua duten hainbat emakumeren errealitatea erakutsiko du bideo sorta baten bidez. Besteak beste, Ana Galarraga zientzia dibulgatzailearen eta Iraide Artetxe itsas biologoaren ahotsak bildu ditu.

Bi neska mikroskopio batetik begira, EHUko zientzia astearen barruan, Bizkaia aretoan. Oskar Matxin Edesa / Foku

Arrakala

Genero arrakala dago zientziaren esparruan, eta emakumeak gutxiago aritzen dira arlo horretan. Izan ere, gutxiago ikusarazten eta aitortzen da emakume zientzialarien jarduna; hortaz, urriagoak dira dituzten aukerak.

NBEren arabera, zientzialarien %33,3 dira emakumeak gaur egun, nahiz eta eginkizun garrantzitsua izan. Oraindik ere genero arrakala handia dago zientzia ikasketak aukeratzeko garaian. «Azken urteetan goi mailako ikasketetan emakumeen parte hartzea asko handitu den arren, oraindik ez daude behar bezala ordezkatuta esparru horietan», dio NBEk.

Unescok ere datu berak ematen ditu: egindako azken ikerketaren arabera, egun, hiru ikertzailetik bakarra da emakumezkoa. Halaber, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika ikasketetan graduatutakoen %35 pasatxo baino ez dira emakumezkoak.

Era beran, Nature Human Behaviour aldizkariak atera berri duen azterketa baten arabera, aldizkari zientifikoetako editoreen %14 baino ez dira emakumezkoak.

Iaz lau emakume zientzialarirekin hitz egin zuen BERRIAk Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna zela eta. Elkarrizketan nabarmendu zuten oraindik asko falta dela berdintasuna erdiesteko, eta lan handia dagoela aurretik. Argi dute: egun bakarra ez da nahikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.