Emakundek adierazi du zaintza partekatuaren legearen aldaketan «seme-alaben interes gorena eta babesa» bermatu beharko liratekeela, batez ere indarkeria matxista kasuetan. Haren arabera, zaintza partekatuaren egungo ereduak «arrisku handia» dakar emakumeen aurkako bortizkeria dagoen egoeretan, eta azpimarratu du aurrez ere gauza berbera aldarrikatu zutela: «Ez du behar besteko bermerik ematen genero indarkeriarekiko gertakari bat bizitzen ari diren kasuetarako; aditu askok uste dutenez, inposatuz gero, bikotekidearen eta seme-alaben aurka egiten ari den indarkeria iraunarazten laguntzen du».
Hain zuzen, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gaur egin du agerraldia Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren batzordean, zaintza partekatuaren legeari buruz erakundearen iritzia emateko.
Landaidak, gainera, gogorarazi du bortizkeria matxista kasuetan, seme-alaba adingabeak ere zuzeneko biktimak direla 2015az geroztik, eta, beraz, babestu egin behar direla. Erantsi du adituak ere ohartarazten dabiltzala zaintza partekatuak haurrengan dituzten «ondorio kaltegarriez», eta instantzia juridikoek, beraz, «genero ikuspegia txertatuz» jardun beharko luketela. «Ezinbestekoa da genero ikuspegia duen prestakuntza espezializatua eskaintzea epaileei eta gainontzeko bitartekari juridikoei, egoera zail horien aurrean erabakitzeko tresna egokiak izan ditzaten».