Eneko Goiak urtebete egin du politikako lehen lerrotik kanpo; orain urte bat utzi zion Donostiako alkate izateari. Itzul liteke, baina: EAJren Gipuzkoako hautagaia da Espainiako Kongresurako. Euskadi Irratian izan da gaur goizean. «Politika grina» dutenek uko egin ezin dioten aukera dela aitortu du: «Horrelako erronka bat mahai gainean jartzen dizutenean, ezin ezetz esan».
Madrilera joango balitz, aipatu du badakiela aldaketa handia nabarituko duela: «Giro petrala eta nahasia dago han, ez bakarrik politikan, baita egunerokoan ere. Donostian bazegoen elkarren arteko begirunea». Iruditzen zaio Espainian gertatuko dena nekez egongo dela EAJren esku, baina beraiek «Euskadi babestearen alde» egingo dutela: «Eszenatoki bat edo beste, gure abiapuntua eta helburua gure herrian dago».
Eskuin muturra gobernura iritsiko balitz, Goiak esan du saiatuko direla eragina «ahalik eta txikiena» izan dadin. «Polarizatzeko estrategia deliberatu bat dago». Gakoa zein den aurreratu du: «Gure herriaren alde egiten dutenak hautatzea». Hauteskundeetako emaitzak iragartzen jarrita, Donostiako alkate ohiak adierazi du «bipolarizazio horrek» eragin dezakeela jada protagonismoa daukaten alderdiek protagonismo handiagoa lortzea: PSOEk, esaterako.
PSOE eta Fronte Zabalaren arteko gobernu bat sortuko balitz, nahiz eta inkestek ez duten horretarako aukera askorik ematen, Goiak esan du EAJk bat egin lezakeela, «betiere egiteko hori EAJren proiektuaren barnean badago». «Legealdi honetan ere horrela jokatu dugu estatutua garatzeko eta hainbat eskuduntza lortzeko». Orain arte lortutako transferentzietan egin du azpimarra, lortu ez direnetan baino gehiago, baina nabarmendu du «kosta» egiten dela horrelakoak betearaztea: «Garbi daukat adostasun horiek lortzen direnean, ez dela uste osoagatik izaten beraien aldetik, baizik eta beharragatik».
PPri esan dio ezin duela bere posizio politikoa markatu Voxen arabera, eta oraintxe hori egiten duela. Argudio hori dela-eta, Goiak ez du aukerarik ikusten Alderdi Popularrarekin adostasunetara heltzeko, nahiz eta ekuazioan Vox ez egon.
Dena dela, Aitor Esteban EAJko presidenteak Alderdi Egunean esan zuen ez direla hauek faxismoa geratzeko hauteskundeak, eta Goiak bere esanak berretsi ditu. «Hauteskunde estrategian polarizazioaren aldeko apustua agerikoa da, baina niretzat arduragabekeria da hori, bizikidetzari izugarrizko kaltea eragingo diolako».
Herri bat eraikitzea
Goia Madrilera joan liteke abenduan, baina ez du aipatu gabe utzi orain gutxi arte izan duen lan eremua: Gipuzkoa. Bertan, EH Bilduk EAJri aurre hartzea aurreikusten dute zenbait inkestek. Goiak, baina, uste du EAJk indarra bildu dezakeela, eta EH Bilduri berea kendu. Aipatu du EH Bilduko bozeramaileei entzun diela esaten PSOEren ezkerretara beraiek daudela, eta Goiak galdera bat egin die: «Zertaz ari gara, herri eraikuntzari buruz ala beste zerbaiti buruz? Momentu honetan, EH Bilduk daukan posizioa ez dut batere argi ikusten; beste zerbaitetan jokatzen ari dira eta, hori egiten dutenean, alde batera uzten dute, ustez, beraien helburua zen hori: gure herri hau eraikitzea».
Gaur dira 15 urte ETAk bere arma jarduera eten zuenetik. Goia Donostiako Udaleko zinegotzi zen orduan, aukeratu berria. Emozioz gogoratu du eguna: «Ikusi genuen hainbeste urtez borrokatu genuen hori lortu zela». Historia zalea dela aitortu du, eta iruditzen zaio horixe dela antidotorik onena gaur egun gertatzen diren gauza askoren aurrean.