Aieteko Adierazpenak bidea ireki zion ETAren amaiera prozesuari 2011ko urriaren 17an: hiru egun geroago, erakunde armatuak behin betiko su etena iragarri zuen, eta, ia zazpi urteko prozesu gorabeheratsuaren ostean, 2018ko maiatzean desegin zen. Beraz, badira hamabost urte armak utzi zituela, eta zortzi ETA bera existitzen ez dela, baina oraindik ere haren mamua bizirik da, eta ez soilik gatazkaren ondorioen kudeaketan egiteko geratzen denaren ondorioz, baizik eta agenda politikoan noiznahi agertzen delako haren izena. Hauteskundeen inguruan ohi baino maizago aipatzen da erakundearen izena, eta, hain justu, bete-betean harrapatu dute Espainiako Gorteetarako bozek hamabosgarren urteurren hau.
Datuak begiratzea besterik ez dago ikusteko indarkeriaren inguruko kezkak beherakada nabarmena izan zuela Hego Euskal Herrian ETAren amaiera prozesua hasi aurreko urteetan, eta behin betiko su etenak joera hori indartu besterik ez zuen egin. Euskobarometroaren datuak horren isla dira: 2009ko azaroko neurketan, herritarren herenen kezka nagusietako bat zen indarkeria; 2011ko azaroan, %8rena; eta 2013tik aurrera, %2ko langatik jaitsi eta ia desagertu ere egin zen kezka nagusien zerrendatik. Gerora ere joera bera izan da, Deustobarometroaren emaitzek islatzen dutenez. «Praktikan, desagertu egin zen herritarren ohiko kezketatik», borobildu du Deustobarometroko zuzendari Maria Silvestrek.
Hala, EHUko irakasle Samara Veltek azaldu du 2018az geroztik, «beranduenez», «plano sinboliko» batean dagoela: «Orain, ‘indarkeria’ edo ‘ETA’ aipatzen ditugunean, ez gara ari jendeak egunerokoan esperimentatzen duen zerbaiti buruz, esanahi partekatu jakin batzuk hartzen dituzten sinbolo batzuei buruz baizik». Eta hor dago gakoetako bat: zerbait sinbolo bilakatzean, zer esanahi atxikitzen zaizkio?
«2026ko hauteskunde batzuetan ETA aipatzen denean, gutxitan egiten da inoren memoria gordetzeko edo omentzeko asmoz: gehienetan, sinbolo horri atxikitako konnotazio negatiboak erabili ohi dira, lehiakide politikoren bat deslegitimatzeko», erantzun du Veltek berak.
«'Indarkeria' edo 'ETA' aipatzen ditugunean, esanahi partekatu jakin batzuk hartzen dituzten sinbolo batzuei buruz ari gara»
SAMARA VELTE EHUko irakaslea
Ugari izan dira gaiari erreparatzeko heldulekuak: espetxe politika, biktimak, memoriaren kudeaketa… baina gatazkarekin loturarik ez duten beste hainbat auziz aritzean ere izan dute ahotan ETA ordezkari politikoek.
Urrun joan gabe, azken egunetan ETA eta zuzenean harekin lotzen den «indarkeria» kontzeptua Espainiako zein Euskal Herriko ordezkari politiko eta instituzionalen ahotan egon dira; hasiera batean, behintzat, haiekin zuzeneko loturarik ez luketen beste auzi batzuei lotuta. Esate baterako, Dignidad y Justicia elkarteak —Daniel Portero PPko kide eta ETAren biktima du buru— salaketa bat aurkeztu du Madrilgo Erkidegoko Gobernuaren eraikinaren alboan dagoen ETAren biktimen omenezko plaka batean «Hemen jendea torturatzen zuten» idatzi zutelako —hain zuzen, frankismoan Segurtasun Zuzendaritza Nagusiaren egoitza izan zen—, eta gertaera hori zuzenean lotu du Puerta del Solen etxebizitzaren alde egiten ari diren kanpaldiarekin.
Era berean, zuzenean aipatu ez bazuen ere, ETA presente izan zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek gobernu haren 90. urteurrena ospatzeko ekitaldian ere, Gernikako Batzar Etxean (Bizkaia). Azken hilabeteetan, eztabaida piztu da Jose Antonio Agirreren gobernuak utzitako arrastoaren gainean, eta legatu haren hariari helduta, lehendakariak adierazi zuen badirela oraindik ere «zor moralen bat» kitatzeko dutenak; berriz ere zuzenean aipatu gabe, baina ezker abertzaleari mintzatu zitzaion.
Ibilbide baten isla
Velteren esanetan, erabilera hori ez da inondik inora ere berria: «Atzera joanda, joera hori ziurrenik Ajuriaeneko Itunaren garaitik dator. Ordukoa da terroristak versus demokratak bereizketa mental eta erretorikoa, eta hurrengo bi hamarkadetan oinarri diskurtsibo hori erabili zen alderdi edo eragile jakin batzuk solaskide politiko gisa deslegitimatzeko». Eta orain ere hala egiten da, EHUko irakaslearen arabera, ETA «edo haren metonimia gisara erabili ohi den ‘indarkeria’ kontzeptu orokor eta lausoa» erabilita. Finean, uste du helburua dela «ETArekin lotura izan zuten alderdiak —lotura ideologikoa izanda ere— mintzakide politikotzat ez hartzea». Eta horrekin batera, haiekin hartu-emanetan direnak ere zaku berera batzea.
Nafarroan begiratuz gero, UPNren diskurtsoetan topatu daiteke bilakaera horren adibidea. Talde armatuak jomugan izan zituen alderdi hartako ordezkariak: 1998an Tomas Caballero Iruñeko zinegotzia hil zuen, eta 2001ean Jose Miguel Javier Mujika Leitzako hautetsia. Atentatu horiek eta Nafarroako biktimak betidanik izan ditu presente alderdi erregionalistak, baina haien memoriaren aldeko borroka zein atentatuen gaitzespena politikoki baliatu nahi izan ditu azken hogei urteetan.

Adibidez, 2007ko martxoaren 17an, UPNk eta PPk manifestazio jendetsua egin zuten Iruñeko karriketan Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren kontra Forua eta askatasuna, Nafarroa ez da negoziatzen lelopean. Presio politiko hura faktore nagusietako bat izan zen handik hilabete gutxira PSOEk atzera botatzeko PSNren eta Nafarroa Bai koalizioaren arteko gobernu akordioa.
Eta ETAk behin betiko su eten iraunkorra iragarrita ere, UPNk eta haren ingurune mediatikoak gertaera historiko hura gertatu izan ez balitz bezala jokatu nahi izan zuten. Adibidez, jazoera haren osteko UPNren lehen kongresuan, 2013an, biktimen memoria aldarrikatu zuen bai eta kontakizunaren batailaz ohartarazi ere. Orduko hizkuntzaren erabilerak islatu zuen ETAren jarduera aktibo zegoela eurentzat: «Terrorismoa da elkarbizitzaren etsairik handiena. Denok dugu hura irmo borrokatzeko betebehar eta sendotasuna demokratikoa».
Zilegitasuna ezbaian
Gaur egun, baina, zein da diskurtso horien helburua? Testuinguru politikoaren araberako bereizketa egiten du Silvestrek. Batetik, Madrilen, eta baita Nafarroan ere, gai horrek «funtzio politiko bat» betetzen du hango testuinguruan, eta xede nagusia du arerio politikoari eraso egitea: «Eskuinarentzat —PP— eta eskuin muturrarentzat —Vox— konfrontazio politiko eta elektoralerako baliabide errepikakor bihurtu da». Hala, euskal gatazkaren testuingurutik urrun dauden auzietarako ere baliatu izan dute, eta zuzenean EH Bilduri edo ezker abertzaleari mintzatu beharrean, beste eragile batzuei aurre egiteko erabili.
Etxebizitzaren aldeko mobilizazio herritarrak indarkeriarekin lotzeko saiakera horren adibide da. Halere, Madrilera eta Iruñera begiratuz gero, normalean, eskuinak beste arerio politiko bat du gogoan ETA aipatzen duenean: Alderdi Sozialista. Berriz ere denboran oso atzera jo gabe, hauteskunde aurrerapenari EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik emandako erantzunaz mintzo zen albiste bati hala erantzun zion Ester Muñoz PPk Espainiako Kongresuan duen eleduna: «Sanchezek ez ditu oraindik etakide guztiak atera».
«ETA agertzen da aliantza edo erabaki politiko batzuen zilegitasuna zalantzan jartzeko tresna gisa»
MARIA SILVESTRE Deustuko Unibertsitateko irakaslea
Hain zuzen, Muñozen esaldia joko horren adierazle argia da, EH Bilduren bitartez «ETAren oinordekoen» eta PSOEren arteko lotura egiten saiatzen direlako. Gainera, Silvestreren esanetan, erabilera politiko horrek gora egiten du «konfrontazio elektoral eta politikoko testuinguruetan»: «Orduan, ETA agertzen da iraganeko auzi bat egungo testuingurura eramateko eta aliantza edo erabaki politiko batzuen zilegitasuna zalantzan jartzeko tresna gisa». Erabakiak berdin izan daitezke memoria eta segurtasun gaiei lotuak zein etxebizitza eta lan arloetakoak.
Edo baliteke zuzenean kanpainarako lelo bihurtzea. Lau urte atzera egitea besterik ez dago erabilera politiko horren inguruko adibide argienetako bat topatzeko: Botoa zure alde, Txapotek. Xabier Garcia Gaztelu euskal presoari egindako erreferentzien bidez Sanchez ahultzea izan zuten xede.
Eslogan hura 2022ko urte amaieran hasi zen zabaltzen eskuineko eta eskuin muturreko mugimenduen artean, baina 2023a hastearekin bestelako garrantzia hartu zuen diskurtso politiko eta mediatikoetan. Hain zuzen, urte hartako maiatzean udal eta foru hauteskundeak egitekoak ziren, eta Voxek jada hartutako bideari helduta, Madrilgo Erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayusok (PP) bere adierazpenetan erabiltzeari ekin zion, PSOE kritikatzeko asmoz.
Funtsean, helburua litzateke «mobilizazio emozionala» eta «arerioaren zilegitasunik eza» lortzea, Silvestreren hitzetan. «ETAren oroitzapena erabiltzen da etsai politiko bat eraikitzeko, eta hautesleak mobilizatzeko, beldurrari, minari eta suminari helduta», adierazi du. Izan ere, azaldu du «identitate politikoak aktibatzeko eta hautesle multzo jakin bat kohesionatzeko» baliagarri izan daitekeela.

UPN eta bloke aurrerakoia
Madrilgo haize horiek badute erreplika Hego Euskal Herrian ere. Horren adierazlerik argiena Nafarroako Parlamentuan dago. Azken 11 urteetan, gehiengo oso bat egituratzeko ahalmena galdu dute UPNk eta PPk, eta bitarte horretan, Uxue Barkosen eta Maria Txibiteren gobernuei ETA zuritu izana leporatu diete etengabe, baita EH Bildurekin ETAren biktimen duintasunaren aurkako akordio politikoak egin izana ere.
Orokorrean, Veltek uste du UPNren jarrera politikoa «erabat baztertzailea» izan dela euskal kategoria duen ororekiko; «zer esanik ez euskal abertzale kategoriarekiko», nolabait «inbasiotzat» jotzeraino. Eta horri gehitu behar zaizkio azken urteetan lurralde hartan sortu diren aliantzak, «beste leku gutxitan ikusi direnak».
Hala, eskuinaren partetik kritikak nabarmenak izan dira, eta hauteskunde garaietan ahotsa are gehiago goratu du, emaitza nabarmenik eman ez badio ere. EH Bildu edo UPN, hori da hauteskunde bakoitzean planteatu duen ezbaia. Nola? Kanpainaz kanpaina, «ETAren terrorismoa gaitzesten ez duen indar politiko batekin» aliantza egitea leporatu diete Geroa Bairi eta 2019tik hona PSNri.
Tentsioak goia jo zuen 2023ko abenduan, Iruñeko Udalean Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa babesteko akordioa hitzartu zutenean. Akordioa iragarri zenean ETAri buruz galdetu zitzaion Ramon Alzorriz orduko PSNko Antolamendu idazkariari: «Azken hamar urteetan bakean bizi gara. Eskuina ez da gai elkarbizitzan aurrera egiteko; Alderdi Sozialista, bai», erantzun zuen Alzorrizek, eta aurrerago gaineratu: «Beti arlo semantikoari erreparatzen zaio, baina ETAren terrorismoaren biktimen aitortza eta erreparazioa onartu dute akordioan, ezin direla umiliatu. Aurrerapausoak dira».
Ezberdin, baina ageriko
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, normalean eskuineko ordezkariek —PP eta Vox, zehazki— sustatzen dituzte ETAren inguruan Madrilen izaten diren eztabaiden parekoak, nahiz eta Veltek uste duen Alderdi Popularra jakitun dela ez diola nahi beste mesede egiten: «Gatazka horren ondorioz sufritu duten askok —baita euren sektore politikoetan ere— ez dute nahi euren esperientzien kontura kanpaina politikoa egiterik».
Iritzi berekoa da Silvestre ere, eta hein handi batean Nafarroarako ere baliagarria den argudio bat eman du: «Euskal gizartean askotan ez zaie erreparatzen Espainiako politikako sektore batzuetatik ETAren inguruan behin eta berriz egiten diren akusazioei. Ez memoriarekiko edo iraganarekiko arduraren inguruko kezka desagertu delako, baizik eta marko sinplifikatzaile horiek zailtzen dituen esperientzia sozial eta politiko askoz konplexuago bat dagoelako».
«Euskal gizartean marko sinplifikatzaile horiek zailtzen dituen esperientzia sozial eta politiko konplexuago bat dago»
MARIA SILVESTRE Deustuko Unibertsitateko irakaslea
Izan dira, baina, auzia mahai gainean jartzeko beste modu batzuk ere. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskunde kanpainan, harrabotsa eragin zuen EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandianori Ser irrati katean egindako elkarrizketa batek. ETA zer izan zen galdetzean, hark erantzun zuen «ziklo politiko bat» izan zela aurreko 50 urteetan jazotakoa: «Zorionez atzean utzi dugu, eta uste dut duela hamabost urte baino askoz hobeto gaudela herri eta gizarte moduan».
Ez zen inondik inora hauteskunde kanpaina hartako gai nagusietako bat izan, eta irrati kate berean egindako eztabaida batean agerian geratu zen hori bera. Lehendakarigai bakar batek ere ez zuen gaia hizpidera ekarri eztabaidak iraun bitartean, nahiz eta amaieran aurkezleak «gelan zen elefanteari» aipamena egin. Halere, erantzun sorta eta gaitzespen eske luzea eragin zuen gainerako alderdietako ordezkarien partetik.
Agenden lehen lerroan ez jartzeak ez du adierazi nahi, baina, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako politikariek euren kabuz gaiaz eztabaidatzen ez dutenik. Estatuko eta, hein batean, Nafarroako testuinguruarekin dagoen aldea? Zuzenean EH Bildurekin konfrontatzea dute xede; edo zehatzago, ezker abertzalearekin.
Aipatu bezala, urte politikoaren hasieran, Agirre lehendakariaren figuraren inguruko tirabirak izan dira eztabaida horraino desplazatu dutenak. Abuztu amaieran, Zarautzen (Gipuzkoa) egindako ekitaldian, EBBko presidente Aitor Estebanek koalizio subiranistari Agirreren legatuaz aprobetxatu nahi izatea egotzi zion, eta erantzun ezker abertzalearen erreferenteak «Txabi Etxebarrieta, Argala, Gadafi, Txapote, Urrutikoetxea eta Otegi bera» direla, EH Bilduko burua eta ETAko zenbait kide esanguratsu aipatuta. Pradalesek Gernikan egindako gauza berbera egin zuen, baina modu zuzen eta zorrotzagoan, «indarkeriaren erabilera» gogora ekarrita.
Horri lotuta, Veltek uste du EAJk «ezker abertzalea deslegitimatu» eta horrekin «esparru politiko propioa markatzeko» asmoa duela, EH Bildu hauteskundeetan lehiakide zuzen bihurtu dela eta. «Horrek, batzuetan, gauza bitxiak egitera darama: adibidez, Loiuko aireportuari Agirre lehendakariaren izena jartzeko proposamenari buruzko eztabaidan indarkeriaren gaitzespenari buruzko aldarri bat txertatu zuen». EHUko ikerlariak, baina, zalantzan jarri du erabilera horren eragiteko gaitasuna: «Jendeak ez du ulertzen zer lotura daukan aireportu batek ETAren indarkeriarekin».

Halere, Silvestrek ere uste du Madrilen bereizketa bat gertatzen dela. «Euskadin, funtsean, auzia dimentsio etiko, politiko eta memoria arloari lotua geratu da: eragindako minaren aitortza, biktimen memoria eta, batez ere, ezker abertzaleak bere iraganari buruz egiteko duen ibilbide etikoari», zehaztu du Deustuko Unibertsitateko irakasleak.
Gaur duela bost urte egin zuten Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek Urriaren 18ko Adierazpena, «atsekabea eta mina» adierazteko ETAren biktimen sufrimenduagatik: «Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu ez zuela inoiz gertatu behar». Silvestreren ustez, baina, oraindik ere jazotakoa «akats bat» izan zela adierazteko «posizionamendu etiko sakon baten» inguruko eskaera bat ere bada, nahiz eta gehitu duen halako zerbaitek ez lukeela balioko zenbait lekutatik egiten den erabilera politikoa eteteko.
Biktimak eta memoria
Azkenik, baina, bada egin beharreko beste galdera bat ere: zer ondorio ditu gertatzen ari denak? Silvestreren ustez, erabilera politiko hori asmo alderdikoietarako baliagarri suerta daitekeen arren, ondorioak argiak dira. Batetik, uste du behin eta berriz erabiltzearen eraginez zilegitasuna galtzen ari dela, eta sektore jakin horietatik kanpo eragiteko gaitasuna galtzen ari dela.
«Euskal gatazkarekin loturarik ez duten gizarteko sektore zabal batzuek sufritzen dituzten 'beste' indarkeriak ere eklipsatzen ditu»
SAMARA VELTE EHUko irakaslea
Bestetik, eta Silvestreren esanetan, are kezkagarriagoa dena: «Komodin politiko bat balitz bezala erabiltzen da ETA behin eta berriz, eta horrek indarkeria bera banalizatzea eragiten du». Izan ere, salatu du edozein posizio politikori aurre egiteko tresna gisa baliatzeak jazotakoa «merezi duen larritasunez» jorratzea eragozten duela, eta biktimen memoriari kalte egiten diola. Eta hori bera salatu dute zenbait biktimak ere; nabarmenenetako bat izan da Coviteko presidente eta ETAk hildako Gregorio Ordoñezen arreba Consuelo Ordoñez. Hark gogor egin izan du PPk biktimez egiten duen erabileraren kontra, eta «bereziki mingarritzat» jo zuen Botoa zure alde, Txapotek leloa.
Veltek, berriz, azaldu du Espainiako eskuinaren lorpen nagusietako bat izan dela «indarkeria eta biolentzia termino orokorren esanahia ETArekin lotzea». Eta haren ustez, hein batean, lortu dute frankismoari eta estatu indarkeriari lotutako eztabaidak «eklipsatzea». Baina ez horiek bakarrik: «Baita euskal gatazkarekin loturarik ez duten gizarteko sektore zabal batzuek sufritzen dituzten ‘beste’ indarkeriak ere, hala nola indarkeria matxista, ekonomikoa eta migratzaileen aurkakoa».
Horri aurre egiteko, berebiziko garrantzia eman dio memoria kolektibo baterako urratsak egiten segitzeari, gutxieneko batzuk adostuz, egiteko dauden lanei izkin egin gabe: «Duela hogei urteko hemerotekak aztertzen baditugu, ohartuko gara gaur egun askoz mamu handiagoa sortu dela ETAren inguruan orduan zegoena baino».