Acciona enpresako presidente Jose Manuel Entrecanalesek desobedientzia delitu bat egin ote duen ikertzen ari da Espainiako Justizia, eta irailaren 4an epaile baten aurrean deklaratzera deitu dute. Birritan ez da azaldu Nafarroako Parlamentuan Entrecanales, ganberako ikerketa batzordearen deiei muzin eginda. Batzorde hori Nafarroako Gobernuaren herri lanen adjudikazioak ikertzen ari da, Cerdan auziaren harira, eta Accionako buruak informazio garrantzitsua izan dezake eduki horri buruz.
Hori horrela, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak atzo jakin zuen ikerketa batzordeak gaur bertan jakin duena: Iruñeko 5. Instrukzio Epaitegiko titularrak ebazpen bat eman du, fiskaltzak Entrecanalesen aurka egindako salaketa bati erantzuteko; salaketa hori Nafarroako Parlamentuak berak aurkeztutako jatorrizko salaketaren harira egindakoa da. Epailearen erabakiz, Accionako burua ikertua da desobedientzia auzi batean, eta irailaren 4an eman beharko ditu azalpenak epailearen aurrean.
Izan ere, Entrecanales 2026ko urtarrilaren 20rako deitu zuen Nafarroako Parlamentuak ikerketa batzordera, eta, gero, azaldu ez zenez, otsailaren 9rako. Egun horretan ere ez zen azaldu, nahiz eta legeak joatera behartzen duen. Accionak beste bi zuzendari bidali zituen orduan parlamentura: Joaquin Mollinedo eta Jose Julio Figueroa, baina batzordea ez zen konforme geratu.
Ikerketa batzordearen helburua da Nafarroako Gobernuak urteotan guztiotan Accionari eta Servinabarri adjudikatutako kontratu publikoak ikertzea. Auzi judizial bat dago irekita, komisioak kobratzea leporatzen baitzaie Santos Cerdani, Jose Luis Abalosi eta Koldo Garciari.
Acciona eta Belate
Belateko tunelaren obretan, aldi baterako enpresa elkarte bateko kide gisa aurkeztu zen Acciona, Servinabar-ekin eta Oses Construccionesekin batera. Acciona taldeak argudiatu du administrazio kontseiluari dagokiola erabakitzea nork joan behar duen ikerketa batzordera, baina legea argia da, eta batzordeak berak erabakitzen du nor deitzen duen. Hala ere, enpresak dio Acciona Construccionesi dagokiola auzi horri buruz kontuak ematea, eta ez Acciona taldeari.
Batera edo bestera, fiskaltzaren salaketaren arabera, ez dago justifikaziorik Entrecanalesek bete ez dezan Nafarroako Parlamentuaren eskaera. Enpresaburuari argi ohartarazi zioten, aldez aurretik, azaldu beharra zuela ikerketa batzordean, eta ez azaltzeak ondorio juridikoak izango zituela. Hori jakinda ere, ez zen joan batzordera.