Jose Manuel Entrecanales Accionako presidentea ez da joan Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordera

Accionak dio «eskubidea» duela ikerketa batzordera nahi duen ordezkaria bidaltzeko, eta ostiralean zuzendaritza taldeko bi kide izendatu zituen. Batzordeak berriro deitu du Entrecanales, otsailaren 9rako.

Ikerketa batzordea
Irati Jimenez ikerketa batzordeko burua, gaur goizean, haren eskuineko aulkia hutsik dagoela. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2026ko urtarrilaren 20a
10:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Accionako presidentea sokatiran dabil Nafarroako Parlamentuarekin. Jose Manuel Entrecanales ez da joan ikerketa batzordera, nahiz eta legeak joatera behartzen duen. Behin ez dela agertu egiaztatuta, ikerketa batzordeak atea itxi du «zer egin erabakitzeko», eta, azkenean, berriz joatera deitu du, otsailaren 9rako.

Ikerketa batzordearen araudiaren arabera, norbait agertzen ez bada beste deialdi bat egin behar da «hiruzpalau egunen buruan» edo, premiazko deialdia eginez gero, «biharamunean». Beraz, denbora gehiago emango dio. Ikusi beharko da Accionak sokatiran segitu nahiko ote duen. Jimenezek ez du zehaztu zer egingo duten gauza bera gertatuz gero otsailaren 9an: «Barne bilera bat egingo genuke, eta taldeek proposatutako erabakiak hartuko genituzke».  

Entrecanales, Davosen

Accionako barne iturriek atzo zehaztu zuten Entrecanales Davosen (Suitza) dagoela orain, Munduko Ekonomia Foroan; baina auzia ez da agenda arazoa. Accionak ez du nahi taldeko presidenteak agerraldi hori egiterik, eta ostiralean ikerketa batzordeari jakinarazi zion beste bi goi kargudun bidaliko zituela: Joaquin Molinedo eta Jose Julio Figueroa Gomez, biak ere zuzendaritza taldeko kideak. Taldearen arabera, administrazio kontseiluaren eskumena da nor joango den erabakitzea. 

Irati Jimenez ikerketa batzordeko burua ez dator bat ikuspegi horrekin. Gogorarazi du Jose Manuel Entrecanales deitu duela batzordeak, «eta ez Acciona pertsona juridiko moduan». Antza, batzordearen saioa hasi baino ordu erdi lehenago, Molinedo eta Figueroa bertaratu dira parlamentura, eta hori egin izana erregistratu dute. «Pertsona horiek ez ditugu deitu, eta, ondorioz, ezin ziren bertaratu», arrazoitu du Jimenezek.

«Accionak izendatutako pertsonak ez ditugu deitu, eta ondorioz ezin ziren bertaratu»

IRATI JIMENEZ Ikerketa batzordeko presidentea

Dena dela, Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen atzoko bileran, erabaki zuten Accionaren jakinarazpena aintzat ez hartzea: Molinedori eta Figueroari joatea galdegin ez zaienez, berriro ere Entrecanales deitu zuten. Accionako presidentea agertu ez denez, orain ikerketa batzordeari dagokio erabakitzea sokatiran segitu eta berriro deituko duen, edo enpresaren eskaera aintzat hartuko duen.

Batzordearen helburua da Nafarroako Gobernuak urteotan guztiotan Accionari eta Servinabarri adjudikatutako kontratu publikoak ikertzea. Auzi judizial bat dago irekita, Santos Cerdan, Jose Luis Abalos eta Koldo Garciari ustezko komisioak kobratzea leporatzen baitzaie. PSOEn zuen karguagatik arreta Cerdanengan jarri bada ere, deigarria da azpimarra ez dela egiten ustez ustelkerian aritu direnengan. Gainera, auzi judizialetan beti pertsona fisikoak ikertzen dira, eta ez pertsona juridikoak; enpresak, alegia.

Hala ere, orain batzordeak Accionaren arduradun nagusia deitu duenean, hark argudiatu du enpresari berari dagokiola erabakitzea nor joango den. Parlamentuko araudiak berak gogorarazten duenez, bertaratzen direnak egia esatera derrigortuta daude. Zigor Kodearen 502.3 artikuluak zehazten duenez, sei hilabete eta urtebete arteko espetxe zigorra ezar dakioke egia esaten ez duenari. Jimenezek oroitarazi duenez, prozedura horrek «bere bidea egin behar du».

Ez da lehena

Ez da batzordeari izkin egiten dion lehen pertsona, baina. Aurreko astean, Ebroko Ur Konfederazioko eta Kantauriko Ur Konfederazio teknikariak ez ziren joan. Argudiatu dute ezen, estatu funtzionario gisa, Espainiako Gorteetan joatera baino ez daudela derrigortuta. «Bat egiten ez dugun doktrina aplikatu nahi dute», esan du Jimenezek. Zerbitzu juridikoei txosten bat egiteko eskatu diote, juridikoki azalpen baliagarria den ikusteko.  

Entrecanales agertu ez izanak ez du baldintzatuko batzordearen bilakaera datozen bi asteetan. Bihar Justo Vicente Pelegrini Accionako eraikuntza zuzendari ohia dago deituta —Pelegrini auzi judizialean ikertua da, komisioak ordaintzea leporatuta—. Datorren astean, berriz, Antxon Alonso Servinabarreko burua dago deituta. Urtarrilaren 28an, berriz, Oses eraikuntza taldeko buruzagi bat. Eraikuntza talde horrek Accionarekin eta Servinabarrekin batera aldi baterako enpresa elkarte bat osatu zuen, eta Belateko kontratu publikoa adjudikatu zitzaien.

Sakonean badago beste auzi politiko bat. Udan, ikerketa batzordeak informazioa eskatu zuenean, hainbat erakundek uko egin zioten bidaltzeari. Azalpenak azalpen, orain zenbait ordezkarik izkin egin nahi diote deialdiari, eta zalantzan jartzen dute legebiltzarraren beraren zilegitasun eta autoritate juridikoa, haren erabaki ahalmena urratuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.