«Epaiketa batean itzultzailea eska dezala behar duenak»

Oier Araolatzak lekuko gisa deklaratu behar zuen epaiketa batean eta uko egin zion itzultzaileari. Epaileak, euskaraz ulertzen ez, eta, lekukoari hitza kenduta, bukatutzat eman zuen auzi saioa.

Euskararen aldeko mobilizazio bat Donostiako justizia jauregiaren aurrean. JON URBE / FOKU
Euskararen aldeko mobilizazio bat Donostiako justizia jauregiaren aurrean. JON URBE / FOKU
Gotzon Hermosilla - Ekhi Erremundegi Beloki
2026ko apirilaren 30a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela egun batzuk, gaztigua eman zuen Oier Araolatza Arrieta dantzari eta ikerlariak sare sozialetan: laster, lekuko gisa agertu beharko zuen auzi saio batean, eta asmoa zuen deklarazioa euskaraz egiteko eta itzultzailerik ez eskatzeko. Esan eta egin. Berriro ere, sare sozialetan kontatu du zertan amaitu zen afera: epaileak hitza kendu, eta auzi saioa atzeratzea erabaki zuen.

Asteartean zuen zita Eibarko (Gipuzkoa) epaitegian, apirilaren 28an. Ez du beste xehetasunik eman, baina esplikatu du lapurreta baten harira zela auzia. Salaketa hark jarri zuen, eta testigu gisara deklaratzera deitua zuten. «Uztailekoa da gertaera, eta erabat ahantzia nuen. Orain dela bi hilabete jaso nuen jakinarazpena lekuko gisa deklaratzeko, eta ezin nuen ezezkorik eman», esplikatu dio egunkari honi. 

Lehenago ere gertatu zitzaion testigu gisa deklaratu behar izatea, eta joan baino lehenago Euskararen Behatokira jo zuen jakiteko nola egin zezakeen euskaraz egiteko. Erran zioten aldez aurretik baimena eskatu behar zuela, itzultzailea eskuratzeko. «Baina nik ez dut itzultzaile beharrik», ohartarazi du, eta, beraz, ez zuen eskatu. Baina epaiketa iritsi zenean, oso «bortitza» egin zitzaion, ez zegoen «prest», eta ez zuen lortu euskarari eustea. «Gustu txarrarekin» gelditu zela erran du. 

Hala, aldi honetan berriz saiakera egiteko asmoz joan zen. Sarean iragarri zuen bere gogoa, beste esperientzia batzuen berri ukaiteko, eta haiek nola jokatu zuten jakiteko. Eta, besteak beste, Elena Laka abokatuaren gomendioak jaso zituen. «Kasualitatea izan zen eguna iritsi zenean han bertan zegoela epaitegian, beste epaiketa baterako. Erran zidan bazela epaile bat euskalduna, eta hura egokitzen bazitzaidan suertea izanen nuela». Baina ez zen hala izan. 

Epailearekin eztabaidan

Araolatzak azaldu duenez, auzi aretora sartu zenean, hango funtzionarioarekin hizketan hasi zen. Euskaraz egin zion Araolatzak, eta funtzionarioak gazteleraz erantzuna; baina azkenerako lortu zuen hark ere euskaraz erantzun ziezaion. Hala ere, abisua eman zion epailea Kanaria uharteetakoa zela, eta harekin gaztelaniaz aritu beharko zuela.

Epailea iritsi zenean oinarrizko galderak egiten hasi zitzaion; Araolatzak euskaraz erantzun zion aldi bakoitzean. Itzultzailerik eskatu ote zuen galdetu zion epaileak, eta Araolatzak ezetz, ez duela behar, euskaraz beste behin. Orduan, epaileak auzi saioa geroratzea erabaki zuen, hurrengo baterako itzultzailea eskatzeko aginduta. «Nik ez daukat itzultzaile beharrik, ederki ulertzen zaitut. Itzultzailea behar duenak berak eska dezala», erran nion. Epaileak hitza kendu eta aretotik ateratzeko agindu zion.

Araolatzaren esanetan, epailearen jarrera «zakarra» izan zen: «Ez zegoen gaztelera ez den beste hizkuntzarik entzuteko prest», kontatu du sare sozialetan. Irteerara lagundu zuen funtzionarioak, eta jakinarazi zion zer leihatilatara joan behar zuen itzultzailea eskatzeko. «Hemen gauzak horrela dira», erran zion. Eztabaidan ari zirela, Laka abokatua agertu zen albora. «Ondo ari nintzela erran zidan, eta nik ez banuen nahi ez nuela zertan eskatu». Hurrengo saiorako itzultzailerik eskatu gabe irten zen Araolatza epaitegitik, eta zain geratu da, berriro ere noiz deituko ote dioten. 

Euskara kalterako

«Nire lehen hizkuntza da euskara, eta horrekin sentitzen naiz erosoen», esplikatu du Araolatzak epaitegian izandako jarrera azaltzeko. Horrelako egoeretan «bereziki garrantzitsua zaio norbere hizkuntzan mintzatu ahal izatea. «Eskubidetzat daukagun neurrian, iruditzen zait baliatu behar dugula». Bestetik, espazio anitzetan euskaldunek parean jaso ohi duten «jarrera oldarkorra» ere aipatu du. «Ahal dudan guzietan saiatzen naiz euskara atxikitzen. Erakusteko eskubidea dugula, eta haiek egin behar dutela indarra gu ulertzeko eta gurekin komunikatzeko». 

Sarean kontatzeko erabakiaz ere aritu da. «Niretzat lagungarria izaten da beste batzuetan testigantzak eta esperientziak ezagutzea. Niri beste batzuek lagundu didaten bezala, beste batzuentzat ere lagungarri izan daiteke nirea». Hala ere «oso argi du» hau posible izan dela, ez harentzat ez beste batentzat ez zelako «kaltegarri» izateko arriskurik. «Beti ez gaude prest guretzat edo beste batentzat kalte gehigarri bat eragiteko. Horrek erakusten du justizia ez dela benetako justizia, euskarazko justizia guretzat okerragoa izan behar bada».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA