Epaileak aske utzi ditu Nafarroan militar batzuei eraso egiteagatik atxilotutakoak

Hiru adingabeak asteartean bertan geratu ziren aske. Adinez nagusi diren bostak ezin izango dira militarrengandik 500 metrora gerturatu.

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko irailaren 25a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den asteartean zortzi pertsona atxilotu zituzten Munduko Futbol Kopako finalaren egunean Berriozarren (Nafarroa) Espainiako militar batzuei eraso egitea egotzita. Hiru adingabeak ziren, eta asteartean bertan askatu zituzten. Beste bostak, ordea, atzo gauean utzi zituen aske Nafarroako 2. instrukzioko epaitegiko epaileak.

Hala ere, adinez nagusi diren bost atxilotuei urruntze agindua ezarri die epaileak: ezin izango dira militarrengandik 500 metrora gerturatu. Horietatik hiru egile materialak direla uste du epaileak, eta ezohiko kautela neurria ezarri die: debekatua izango dute Berriozarrera joatea. Bat Berriozarkoa da, eta etxera sartzeko eta etxetik ateratzeko baimena izango du bakarrik. Gainera, denei pasaportea kendu diete, eta maiz epaitegira joan beharko dute.

Lesio larriak egitea, ordena publikoaren aurkako atentatuak egitea eta armak legez kanpo edukitzea egozten die epaileak. Gainera, hasierako kalifikazioan gorroto delitua ere egon daitekeela uste du epaileak.

Uztailaren 19an,  liskarra izan zen Berriozarko taberna bateko terrazan, Espainia eta Argentina Munduko Futbol Kopako finala jokatzen ari ziren bitartean, 22:15ean. Txanodun batzuek eraso egin zieten militarrei, eta, borrokan aritu ostean, korrika egin zuten ihes. Militarretako batek sinbologia nazia zeraman; zehazki, Nucleo Nacional taldearen kamiseta bat.

Denera, sei lagun inguru zauritu ziren istiluetan; batzuk larrialdi zerbitzuek artatu zituzten han bertan, eta beste batzuk osasun zentro batera eraman behar izan zituzten. Erasoa jasan zutenek salaketa jarri zuten, eta hortik heldu ziren astearte goizaldeko atxiloketak. Horiek gaitzesteko protesta jendetsuak egin zituzten egunean bertan Iruñerrian.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA