Iruñerrian atxilotutakoak aske uzteko eskatu dute ehunka lagunek, antifaxismoa aldarri

Guardia Zibilak eta Foruzaingoak goizean egindako atxiloketek lotura dute Espainiako lau militarri uztailaren 19an Berriozarren egindako erasoarekin. Atxilotuetako hiru, behintzat, adingabeak dira. Elkarretaratze jendetsuak izan dira hainbat herritan.

Iruñerrian atxilotutakoak aske utz ditzatela eskatzeko elkarretaratzea, gaur arratsaldean, Iruñerrian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñerrian atxilotutakoak aske utz ditzatela eskatzeko elkarretaratzea, gaur arratsaldean, Iruñerrian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza - Uxue Rey Gorraiz
2026ko irailaren 22a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zazpiak jotzeko zenbait minuturen faltan, lepo bete da Txantreako Arriurdineta plaza. Adin guztietako jendea bildu da elkarretaratzean, eta egunak aurrera eginagatik, bildutakoen elkarrizketa isiletan oraindik ere nabari zitekeen kezka eta ezinegona. Zortzi lagun atxilotu dituzte gaur goizean Berriozarren, Antsoainen eta Iruñeko Txantrea eta Arrotxapea auzoetan —hiru, behintzat, adingabeak—, uztailaren 19an Espainiako lau militarri Berriozarren egindako erasoaren harira. Atxiloketa horiek gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte gaur arratsaldean Antsoainen, Txantrean eta Berriozarren, eta eskaera argia egin dute bertan bildutakoek: goizean goiz atxilotutakoak aske utz ditzatela. 

Hasi eta buka, Txantreako Arriurdineta plazan behin eta berriz tartekatu dira herritarren aldarriak. Lau kideren artean eutsi diote pankartari, eta, nekaezin, egunka lagunek behin eta berriz eskatu dute atxilotuak askatzeko. Era berean, ozen esan dute antifaxismoa ez dela «delitua». Izan ere, elkarretaratzera deitu dutenek nabarmendu dute goizeko atxiloketen helburua «gazteria langile eta borrokalaria izutzea» dela, baita «faxismoa normalizatzea» ere. Eta ohartarazpena egin dute: «Gero eta ageriagoa da ideologia, talde eta sinbolo faxistak normalizatzen ari direla. Nahiz eta Euskal Herrian normalizazio hori ez den hain bizkorra eta nabaria, ez gaude horretatik salbu».

Ez kalean, ez instituzioetan. Elkarretaratzearen antolatzaileen arabera, «antifaxismoaren izenean» agintzen duen gobernu bakar batek ere ez du horri aurre egiteko «inolako neurri eraginkorrik hartu». Horrenbestez, uste dute beharrezkoa dela «antolatzea» eta faxismoa bultzatzen duen «gizarte ereduaren aurka» borrokatzea. Hala, adierazi dute faxismoari «aurre egiteko grinez» jarraituko dutela. Goizeko atxiloketei dagokienez, jakinarazi dute haietako batzuk aske utzi dituztela, baina beste batzuk atxiloturik daudela oraindik.

Guardia Zibilak eta Foruzaingoak 06:00 aldera egin dituzte atxiloketak, eta Foruzaingoak jakinarazi du Iruñeko Auzialdiko Auzitegiak daramala ikerketa; sumario sekretua ezarri du, eta ziurrenik astearen amaierara arte mantenduko du. Adingabeetako bat Txantrean atxilotu dute, eta atxiloketaren lekuko batekin hitz egin du BERRIAk: «Plaza txiki batean izan da atxiloketa; bertaratu dira guardia zibil pila bat, 40-50 inguru, 16 urteko mutiko bat atxilotzeko... polizia sekreten lau auto eta Guardia Zibilaren bi furgoneta handi».

Etxera «modu isilean» gerturatu eta gero, ezkaratzean sartu eta etxeko atea bota dute, inori abisurik eman gabe. «Sartu dira buru berokiekin, armatuta, esnatu dituzte plazako bizilagun guztiak, eta ordubete pasatxo eman dute etxea miatzen. Gehiegizkoa izan da, bizilagunei ez zieten leihoetara ateratzen ere uzten». Naizen arabera, atxilotuaren aitari biluzik zegoela jarri dizkiote eskuburdinak. 07:30ak zirela eraman dute gaztea.

Atxilotuak askatzeko exijitzeko, elkarretaratzera deitu dute arratsalderako Faxismoaren normalizazioari ez! lelopean. Antsoainen 18:00etan egin dute, Lapurbide plazan; Txantrean 19:00etan, Kaskalluetan —Arriurdineta plaza—; eta Berriozarren 20:00etan, Euskal Herria plazan.

Hainbat eragilek gaitzetsi dituzte atxiloketak. Gazte Koordinakunde Sozialistak atxilotuak askatzea galdegin du, eta «faxismoaren eta autoritarismoaren gorakadari» aurre egitera dei egin du: «Faxismoak inpunitatea duen bitartean antifaxismoa etengabe kriminalizatua da estatuaren partetik». Ernaik, berriz, «erabat» gaitzetsi ditu atxiloketak: «Euskal Herrian ez ditugu ikur eta jarrera faxista eta espainolistak onartuko. Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez». Aske antolakundeak ere «elkartasun osoa» adierazi die atxilotuei, eta haiek askatzeko exijitu du.

Istilua militarrekin

Uztailaren 19an, hainbat lagunen arteko liskarra izan zen Berriozarko taberna bateko terrazan, Espainia eta Argentina Munduko Futbol Kopako finala jokatzen ari ziren bitartean, 22:15ean. Txanodun batzuek eraso egin zieten militarrei, eta, borrokan aritu ostean, korrika egin zuten ihes. Militarretako batek sinbologia nazia zeraman; zehazki, Nucleo Nacional taldearen kamiseta bat. Ostatu horretan maiz ibiltzen dira Aitzoaingo kuarteleko militarrak. 

Eraso egin zieten militarrak Berriozarren, uztailaren 19an. BERRIA
Eraso egin zieten militarrak, Berriozarren, uztailaren 19an. BERRIA

Guardia Zibilak jakinarazi zuen hiru militar zauritu zituztela, eta horietako bati buruan zauri bat egin eta hainbat saihets hezur hautsi zizkiotela. Denera, sei lagun inguru zauritu ziren istiluetan; batzuk larrialdi zerbitzuek artatu zituzten han bertan, eta beste batzuk osasun zentro batera eraman behar izan zituzten.

Unean bertan ez zuten inor atxilotu, baina erasoa jasan zutenek salaketa jarri zuten, eta ikerketa hasi zuen Guardia Zibilak. Auzia sekretupean dago.

Abuztuaren 25ean, Berriozarko Udalak arbuiatu egin zituen egun hartako istiluak. PSNk eta Zurekin-ek adostutako mozioa onartu zuen udalbatzak, EH Bilduren babesarekin. Onartutako idatzian, «indarkeriaren eta intimidazioaren aurkako erabateko arbuioa» aipatzen da, eta istiluetan zauritu zirenak «lehenbailehen osatzeko» nahia agertu ere bai. Horrez gain, mozioan adierazten da «bizikidetzak giza eskubideen errespetuan» duela oinarria, baita «askatasunean, aniztasunean eta indarkeriarik ezean» ere. Hala, txartzat jotzen da «jarrerak edota izaera politikoko sinboloak erabiltzea balio horien aurka jotzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA