Arabako Lurralde Auzitegiak behin-behinean aske utzi du iazko otsailaren 23ko gauean 31 urteko gizon bat hil zuen segurtasun zaindaria, Gasteizko Mitika dantzalekukoa. Akusatuak diru berme bat jarri beharko du, eta epaitegiak kontrolpean izango du epaiketa egin arte. Bide batez, hildakoaren senideek jakinarazi dutenez, epaileak esan die ez dela egongo zinpeko epaimahairik.
Akusatuak hurrengo ordu edo egunetan utziko du Zaballako (Araba) presondegia, eta hildakoaren familiak aitortu du «harrituta» daudela. Atezainari zera egotziko diote, zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delitua egitea edo heriotza ondorio izan duten lesioak eragitea. Delitu eskaera aldatu du epaileak; izan ere, kasuaren instrukzio epaitegiaren autoan homizidio delitua egozteko «zantzu sendoak» ikusi zituen, eta, ondorioz, atezaina zinpeko epaimahai batek epaitzea planteatu zuen.
Hildakoaren familiak jakinarazi duenez, baina, azkenean ez da zinpeko epaimahairik egongo, homizidio kasuetan ohikoa den bezala, eta epaiketa laburra izango da. Lehen autoaren arabera, hiltzaileak ezustean eraso zion gizonari, jakitun zen bere kolpe batek ondorio larriak eragin zitzakeela —zaindari gihartsua zen ohikoa indar probetan—, eta laguntza ukatu zion hura lurrean konortea galduta ikusi zuenean.