Mitika diskotekako gertakariak «homizidio edo hilketa gisa» epaitu behar direla ebatzi du epaileak

Instrukzio epaileak ondorioztatu du badirela delitu larri baten «zantzu sendoak», eta herri epaimahai batek epaitu beharko duela auzia.

Gasteizko Mitika aretoko sarrera, itxita, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE
Gasteizko Mitika aretoko sarrera, itxita, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE
edurne begiristain
2025eko urriaren 3a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Mitika dantzalekuko atarian hildako gaztearen auzia «homizidio edo hilketa gisa» epaitu behar dela ebatzi du Gasteizko 3. Instrukzio epaileak. Halaber, erabaki du herri epaimahai batek epaitu beharko duela kasua.

Aurtengo otsailean, Kerman Villate 31 urteko gizona Gasteizko Mitika dantzalekuaren kanpoaldean zegoela, dantzalekuko atezain batek kolpe bat eman zion buruan, barrura sar ez zedin. Gizona lurrera erori eta hil egin zen. Ertzaintzak atxilotu egin zuen atezaina, eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak erabaki zuen behin-behinean espetxeratzea.

Hasieran, gertakaria azpikeriaz egindako hilketa gisa gisa tipifikatu zuen epaileak —10 eta 22 urte artekoa da kartzela zigorra—, baina Fiskaltzak esan zuen zuhurtziagabekeriaz egindako hilketa bat izan zela — gehienez lau urteko espetxe zigorra—. Alvaro Silvan Hernandez instrukzio epaileak, alde guztiei entzun eta familiaren iritzia kontuan hartu ostean, interpretatu du atezainaren ekintza «borondatezkoa» eta «aurretik pentsatutakoa» izan zela, eta, beraz, «homizidio» edo «hilketa» moduan epaitu behar dela.

«Inolako kezka zantzurik gabe»

Epaileak autoan jasotzen duenez, akusatuak gazteari eraso egin zion hura hiltzeko asmoz, «edo gutxienez hori gertatzeko aukera handia zegoela onartuta». Eskuin eskuarekin masailezurrean «kolpe gogorra» eman, eta gazteak konortea galdu, horma edo kristal bat jo, ondoren lurrera ahuspez erori, eta minutu gutxiren buruan hil zen, autoak dioenez.

Magistratuaren arabera, atezainak —145 kilo inguruko kirolari profesionala, halterofilia lehiaketetan parte hartua eta borroka teknikak ezagutzen zituena— bazekien bere kolpe batek heriotza eragin zezakeela «ia seguru». Autoan dioenez, haren indar fisikoa «arma edo objektu astun batekin emandako kolpe baten baliokidea edo are larriagoa» izan zen.

Gainera, epaileak nabarmendu du erasotzaileak ez zuela «inolako kezka zantzurik» erakutsi: «Biktimari lagundu edo haren egoeraz arduratu beharrean, lokalaren barrualdera sartu zen». Gogora ekarri du autopsia ere argia dela: «Heriotza bortitza izan zen, aurpegian izandako traumatismo baten ondorioz, eta ez da borroka edo defentsa arrastorik agertu».

Bestalde, epaleak eskatu du Le Basque Team SM eta Explotaciones Hosteleras Neicor enpresek beren erantzukizun zibilari lotutako polizak aurkeztea, eta atezain guztiek legezko baldintzak betetzen zituztela frogatzea. Halaber, Ertzaintzari agindu dio bideozaintzako irudien analisi zorrotza egitea, erasoa gertatu zenekoa eta akusatuaren mugimenduak argitzeko.

Hori guztia aintzat hartuta, epaileak ondorioztatu du badirela delitu larri baten «zantzu sendoak», eta herri epaimahai batek erabaki beharko duela. Epailearen ebazpena ez da irmoa, eta errekurtsoa aurkez daiteke.

Epaiketa noiz egingo den ez dago oraindik zehaztuta, baina jakina da hamabost lagunek osatuko dutela epaimahaia. Epaia idaztea Arabako Probintzia Auzitegiko magistratu baten esku geratuko da.

Familiaren salaketa

Azken hilabeteotan, Kerman Villateren familiak «ardura instituzionalik eza» salatu du, eta gogorarazi gertakariak izan aurretik Gasteizko udaltzain batek ohartarazi egin zuela atezainak aurrekariak zituela, baina inork ez zuela neurririk hartu. Bestalde, Gasteizko Udalak artxibatu egin du aferaren inguruko barne ikerketa aste honetan bertan, eta ez du erantzukizunik eskatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.