Epaitegiak berriro erabaki du 'Bidegi auziko' kereiletako bat artxibatzea

AP-1 autobidearen Arrasate eta Eskoriatza arteko zatian ustez izandako irregulartasunei dagokie oraingo epaia. Epaitegiak ebatzi du ez zela deliturik egon, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuela kalte ekonomikorik izan.

Bidegiren ardurapeko errepide bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Bidegiren ardurapeko errepide bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko urriaren 10a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar urte baino gehiago iraun du Bidegi auziak, eta, tarte horretan, afera horrek asko gaiztotu ditu EH Bilduren eta EAJren arteko harremanak Gipuzkoan. Orain, auziak beste urrats bat egin du, Azpeitiko Instrukzioko 2. Epaitegiak berriro erabaki baitu aferaren inguruan dauden bi kereiletako bat artxibatzea.

2014an, EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian agintea eskuratu zuenean, erakundeak bi salaketa jarri zituen aurreko gobernuaren kontra (EAJ), AP-1 autobideko lanetan diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta. Kereiletako bat Arrasate eta Eskoriatza arteko zatiko lanei zegokien, eta bestea, berriz, Eskoriatza eta Arlaban arteko zatiari. Epaitegiak kereila biak artxibatu zituen behin-behinean.

Arrasate-Eskoriatza zatiko kereila iazko otsailean artxibatu zuen Azpeitiko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak; haren iritziz, ez zegoen frogatuta lanetan gainkosturik egon zenik, diru publikoa desbideratu zenik eta, beraz, aldundiari kalte ekonomikorik egin zitzaionik. Kereila horretan hiru lagun salatu zituzten: Agustin Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohia, obretako arduraduna, eta Laurena aldi baterako enpresa elkarteko ordezkari bat —enpresa elkarte horrek eraiki zuen autobidea—.

Hiru hilabete geroago, EH Bilduk iragarri zuen errekurtsoa aurkeztuko zuela kereila artxibatzeko erabakiaren aurka, argudiatuta auzian aurkeztutako bi txostenez gain —bat aldundiak eskatu zuen EH Bildu agintean zegoenean, eta bestea, berriz, erakunde berak EAJren eta PSE-EEren esku zegoenean— beste txosten bat egin behar zela, «inpartziala eta independentea».

Orain plazaratu den epaia ere Arrasate eta Eskoriatza arteko zatiko kereilaren ingurukoa da, eta han, aurrekoan esandakoa berretsi du Azpeitiko epaitegiak. Aurkezturiko txostenak aztertuta, ondorioztatu du ez dutela «lanaren benetako errealitatea» islatzen eta «kalkulu akatsak» dituztela: «Ezin dira baliagarritzat jo». Haren iritziz, aurrekontuan izandako gehiegizko gastuak «enpresa elkartearen esku ez zeuden arrazoien ondorioz» gertatu ziren, eta galera handiak ekarri zizkion enpresa elkarteari. Halaber, berretsi du horrek ez ziola kalte ekonomikorik ekarri aldundiari, eta ez dagoela delitu zantzurik enpresa elkartearen jardueran. Horregatik, kereila artxibatzea ebatzi du. Erabaki horri ere helegitea aurkezteko aukera dago.

«Jazarpen politika» 

Epaiaren berri izan bezain pronto, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du auzi horren inguruan gertatutakoa «bidegabekeria handi bat» izan dela, eta «sentsazio gazi-gozoa» duela horren harira: «Gozoa, beti argi izan dugulako ongi egin dugula lan; eta gazia, sufrimendu handia ekarri dielako auzi honekin lotu nahi izan zituzten pertsonei».

EH Bilduri mintzatu zaio Mendoza, eta «jazarpen politika» alde batera uzteko eskatu , «hamar urtez bazterrak nahasten ibili ondoren». Halaber, «zintzo aritzeko» deia egin dio koalizioari: «Estrategia oldarkor horretan tematuz gero, denok aterako gara galduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.