AURRERAPENA

EPPK-k dio «sektore jakin bat» Patxi Ruizen egoeraz baliatu dela ezker abertzaleari «erasotzeko»

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak esan du Murtzia II-ko bere kideak saiatu direla gose greban den presoa laguntzen. Zehaztu ez duen talde bati «zenbait informazio ezkutatzea eta asmakizunak hedatzea» leporatu dio. BERRIAk bihar osorik argitaratuko du EPPKren agiria; aurrerapena da hau.

Bilboko Parte Zaharreko ‘herriko tabernan’ pintaketak, hilaren 21ean.
enekoitz esnaola
2020ko maiatzaren 29a
19:00
Entzun

BERRIAra helarazitako agiri batean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak esan du Murtzia II (Espainia) kartzelan dauden bere kideak saiatu direla Patxi Ruiz euskal presoa laguntzen, eta «konponbidea exijitu» diotela espetxe zuzendaritzari, baina Euskal Herriko «sektore jakin batek» haren egoera baliatu nahi izan duela EPPK-ko kideak, EH Bilduri, Etxerat-i, Sareri eta Sorturi «erasotzeko». «Estualdian eta egoera larrian den preso bati laguntzeko modu eraginkorrak bilatu eta lantzea baino erosoagoa zaie EPPK eta orokorrean ezker abertzalea erasotzea».

«Zenbait informazio ezkutatzea eta asmakizunak hedatzea» egotzi dio zehaztu ez duen taldeari, eta esan du «oso larria» dela haren jokabidea.

Ruiz bere gose grebaren 19. eguna betetzen ari da gaur, Murtzia II-n. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Sortuk eta EH Bilduk aferaren inguruan duten jarrera deitoratu izan du.

Ruizen egoera «salbuespenezko espetxe politika ankerraren ondorioa» dela iritzi dio EPPK-k.

Kolektiboak ontzat jo du Jaurlaritzaren proposamena

EPPK-k «aitortu eta eskertu» egin du Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta nazioartean pandemiaren garaian ere «preso politikoon giza eskubideen eta askatasunaren alde» izan diren aldarrikapenak eta adierazpenak, eta haien artean aipatu du Eusko Jaurlaritzaren azkeneko proposamena: euskal preso guztiak Euskal Herriratzekoa. EPPK-k agirian dio «bat egiten» duela eskari horiekin. «Eta espero dugu pandemiaren garapenean eta horren aitzakiaz hartu ez diren neurriak egoera arintzen ari denean hartuak izango direla».

BERRIAk bihar osorik argitaratuko du EPPKren agiria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.