Equok Carmen Muñoz proposatu du lehendakarigai izateko

Ahal Dugu-k, Sumarrek, Ezker Anitza-IUk eta Equok hautagai bana aurkeztu dute. Bihar elkartuko dira koalizioa osatzeko aukeraz hitz egiteko.

Amaia Arenal Vidorreta eta Carmen Muñoz López
Carmen Muñoz, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 11
10:45
Entzun

Azken urteetan Elkarrekin Podemos-IUk ordezkatu duen esparru politikoan, Equo-Berdeak falta ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lehendakarigaia proposatzeko. Carmen Muñoz Bilboko zinegotzi ohia hautatu dute. Hartara, koalizio bat osatzeko negoziazio mahaian eserita dauden lau taldeek aurkeztu dituzte euren hautagaiak, eta bihar izango dute bilkura erabakitzeko posible ote den koalizio bat osatzea.

Equok asteburuan egingo du Muñozen hautagaitza berresteko batzarra. Alderdi ekologistako bozeramaileetako bat da, eta zortzi urte egin ditu Bilboko Udalean. Gainera, Espainiako Gorteetarako uztaileko bozetan, Espainiako Senaturako Sumarren Bizkaiko zerrendan izan zen, baina ez zuen eserlekurik eskuratu. Era berean, alderdiak bilkura baliatuko du militanteei jakinarazteko zer negoziatzen ari diren Ahal Dugu-rekin, Sumar Mugimenduarekin eta Ezker Anitza-IUrekin.

Muñozen beraren arabera, «inoiz ez bezalako aldi politikoa» da egungoa: «Ziklo berri batek iragartzen du Euskadi berri baten etorkizuna konfiguratuko duten aldaketa garrantzitsuak izango direla». Horregatik, uste du euren esparru politikoaren esku hartzea «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela, klima larrialdiari, desparekotasunari eta «oinarrizko eskubideen gainbeherari» aurre egiteko.

Gorrotxategi eta Garcia

Muñozen izendapena izan da esparru politiko horren barruan eginiko azkena. Aurrez, Ahal Dugu-k Miren Gorrotxategiren alde egin zuen, Sumar Mugimenduak Alba Garciaren alde, eta Ezker Anitza-IUk Jon Hernandezen alde. Indar korrelazioak kontuan izanik, Gorrotxategiren eta Garciaren hautagaitzek indarra hartu dute, eta baliteke horietako baten alde egiteko akordioa izatea koalizioa eratzeko gakoetako bat, programaren inguruko elkarrizketekin batera.

Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren lehendakarigaia izan zen Eusko Legebiltzarrerako 2020ko bozetan, eta koalizioaren bozeramaile lanak egin ditu ganbera hartan. Hura Ahal Dugu-ko primarioetan aukeratu zuten orduan, alderdiaren EAEko zuzendaritzaren hautagaitzari gailenduta. Orduan, Lander Martinez zen zuzendaritza hartako buru: egun, Sumarreko diputatua da, eta mugimendu haren aurpegirik ezagunena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Martinezek dimisioa aurkeztu zuen Gorrotxategiren hautaketaren ostean, eta politikako lehen lerrotik aldendu zen Sumar eratu arte. Harekin batera, Ahal Dugu-ren primarioetan Eusko Legebiltzarrerako hautagai izateko aurkeztu dira, besteak beste, alderdiko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido, David Soto legebiltzarkidea eta Miren Etxebeste Gipuzkoako Batzar Nagusietako eleduna.

Garcia, berriz, Elkarrekin koalizioko hautagaia izan zen iaz Bilboko Udalerako hauteskundeetan, eta koalizioarekin lan kontratua izan du orain arte; hain justu, Sumarrek bere hautagai gisa aurkeztu zuen arte. Erabaki horrek «harridura» eragin zuen Ahal Dugu-n, eta alderdi hark «desleial» aritzea egotzi dio Sumarri: «Ez zen alderdi bat sortu behar Ahal Dugu-ren lehendakarigai bat aurkezteko».

Gainera, negoziazioak noiz-eta Espainiako Gorteetan Sumarren eta Podemosen arteko haustura agerikoa denean ari dira egiten. Bozetara batera aurkeztu ziren arren, Podemosek talde parlamentarioa uztea eta talde mistora joatea erabaki zuen, kexu baitzen Yolanda Diaz Lan ministro eta Sumarreko buruak Espainiako Gobernuan eta talde parlamentario barruan utzi zion lekuaz. Ordutik, Podemosek uko egin dio Galiziako Parlamentuko bozetara Sumarrekin batera aurkezteari, eta, atzo, langabezia subsidioaren erreformarako dekretuaren kontrako botoa eman zuen Espainiako Kongresuan. Argudiatu zuen Lan Ministerioak sustatutako proposamenak murriztu egiten dizkiela kotizazioak subsidioa jasotzen duten 52 urtetik gorakoei, eta negoziatzeko deia egin zion gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.