Ahal Dugu-k «desleialtasuna» egotzi dio Sumarri, Garcia proposatzeagatik

Sumar Mugimenduak «espazio politikoaren alde» proposatu du Alba Garcia lehendakarigai gisa, Andeka Larrea bozeramailearen arabera. Ezker Anitza-IUk Jon Hernandez proposatuko du negoziazioetan.

Andeka Larrea
Sumar Mugimendua taldeko bozeramaile Andeka Larrea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Xabier Martin - Iosu Alberdi
2024ko urtarrilaren 10a
16:55
Entzun

Ezin da jakin oraindik Ahal Dugu-k eta Sumarrek lehendakarigai bakarra aurkeztuko duten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Elkarrekin Podemos koalizioan dauden alderdiak —Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak— beren primarioak egiten ari dira, Sumarrekin negoziatzen duten bitartean. Bakoitza bere hautagaitzak proposatzen ari da, eta gaur Ezker Anitza-IUk aurkeztu du berea, Jon Hernandez legebiltzarkidea buru.

Halere, atzoko albistea da hautsak harrotu dituena. Sumarrek Alba Garcia Elkarrekin Podemoseko langile ohia proposatu zuen lehendakarigai izateko, Ahal Dugu-ko kideen «harridurarako». Izan ere, alderdi horrek Miren Gorrotxategi proposatu zuen horretarako. Beraz, koalizio bat lortzeko, ezinbestekoa izango dute akordioa. «Desleialtasuna» egotzi diote Ahal Dugu-koek Sumarri, «ez zelako alderdi bat sortu behar Ahal Dugu-ren lehendakarigai bat aurkezteko», Sumarri erreferentzia eginez. Alderdiko iturriek egindako adierazpenetan, esan dute halere negoziatzen segituko dutela, salatu duten arren Sumarren lehendakarigairako izen bat baino ez duela proposatu: «Ez du proiektu politikorik aurkeztu».

Horrenbestez, lau alderdiak izaten ari diren negoziazio errondan, ostiralean egingo dute hurrengo ahalegina. Nork bere hautagaia eramango du. Equo Berdeak taldekoek bihar jakinaraziko dute euren hautagaia. Ikusteko dago ostiralean akordio batera iritsiko diren. Ahal Dugu-k Gorrotxategi aurkeztuko du; Sumarrek, Garcia; eta IUk, Jon Hernaez.

Garcia Bilboko Udalerako Elkarrekin Podemosen zerrendan hirugarrena izan zen udal hauteskundeetan, eta atzo arte lan kontratu bat zuen koalizioarekin. Halere, Andeka Larrea Sumar Mugimenduko bozeramaileak ukatu egin du Ahal Dugu-ren kontrako mugimendu bat izatea haren izendapena: «Espazio politikoaren aldeko apustua da, eta ez Podemosen aurkakoa». 

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Larreak azaldu du «Euskadi ziklo politiko berri batean» sartzen ari dela, eta alderdiak ere «berrikuntza prozesu batean» daudela: «Batez ere belaunaldiei begira». 

«Aitzakiarik» ez

Ezker Anitza-IUko Antolaketa idazkari eta legebiltzarkide Iñigo Martinezen ustez, baina, ez dago «aitzakiarik» azken legealdian Elkarrekin Podemos-IU osatu duten taldeek berriz ere bat ez egiteko: «Ez dago arrazoi politikorik kontrako mugimendurik justifikatu dezakeenik».

Haren esanetan, Garciaren eta Gorrotxategiren hautagaitzak «indartsuak» dira, baina baita eurena ere: Jon Hernandez. Era berean, azaldu du oraingoz alderdiek ez dutela «betorik» ezarri inoren gain.

Hala, Martinezek espero du «laster» erabakitzea lehendakarigaia nor izango den, eta «ezker baskista eta federalak» hautagaitza bakarra aurkeztea bozetara. Hura «korala» izan beharko litzatekeela ere gaineratu du, bozeramailetza partekatuekin.

Ezker Anitza-IUko kideak ez du adierazi nahi izan eurek zer egingo luketen Ahal Dugu-ren eta Sumarren artean haustura bat gertatuko balitz, eta azaldu du alderdiko organoek erabaki beharko luketela: «Martxan dagoen plan bakarra da Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU, Sumar eta Equo-Berdeak batera aurkeztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.