Eusko Legebiltzarrean martxan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kalitate demokratikoa hobetzea helburu duen lantaldea. Urtarrilean hasi zuen jarduna, eta datorren urteko otsailerako amaitu nahi dituzte lanak, txosten bat osatuta. Lan hori egiteko, askotariko adituen iritziak biltzen ari dira orain. Berriki agerraldia egin dutenetako bat da Gorka Espiau (Bilbo, 1972), Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria. Parte hartzeko prozesuez hitz egin zuen, eta azpiegitura digital propioen beharra nabarmendu.
Erakundeekiko atxikimendu eta konfiantza falta aipatzen den garai honetan, zenbateraino da herritarren parte hartzea horren erantzule?
Gure ustez, parte hartzeko sistema tradizionalek areagotu egin dute herritarren eta erakundeen arteko distantzia. Normalean, erabakia hartuta dagoen zerbaiten inguruan ekarpenak egiteko planteatzen dira halako prozesuak. Prozesu transakzional moduan interpretatzen dira; ez dute benetako elkarlana edo ezer berria edo kolektiboa sortzen. Horregatik esaten dugu parte hartzeko prozesuak ezin direla era bakartu batean planteatu, baizik eta elementu zentral baten moduan. Zeren, erronka sozial gehienei aurre egiterakoan, inork ez daki aldez aurretik zein den erantzuna.
Legitimitate faltaz ari zara, beraz? Nola ematen zaio buelta horri?
Bai, hasieratik dago hutsune hori. Legitimitatea lortzen da gizarteak benetan sentitzen duenean bere iritzia funtsezkoa dela erronkari erantzuteko, ez elementu gehigarri bat, eta iritzitik ekimenera distantzia txikia dagoenean. Jendea erreta dago askotariko gaietan iritzia ematen duelako eta gero ez delako ezer gertatzen. Parte hartzeko prozesuak era kolektiboan planteatzen direnean, gizartea eta erakunde publiko zein pribatuak zerbait elkarrekin egiten ari direla sentitzean, orduan lortzen da legitimazioa.
«Parte hartzeko sistema tradizionalek areagotu egin dute herritarren eta erakundeen arteko distantzia»
Parte hartzeko prozesuak, ordea, entzute prozesuetara mugatu izan dira sarritan.
Guk entzute kontzeptua erabili ohi dugu parte hartzeko prozesuei buruz ari garenean. Eta entzutea ariketa oso sakona da, prozesu konplexua da. Eta entzutea erabat lotuta dago ekimenarekin, gainontzean ez baitu ezertarako balio: frustrazioa eragiten du, erantzun negatiboa. Beraz, entzute prozesuek eraldaketa prozesuen beste elementu bat izan behar dute, ez bakanak. Horregatik, garrantzitsua da entzute prozesua hasi baino lehen mapatze bat egitea, jakiteko zeintzuk diren eragileak eta zer egiten ari diren. Eta hori lotuta dago esperimentazioarekin ere; parte hartzeko prozesu sakon batean pertzepzio ezberdinak egonez gero, esperimentatzerakoan ere jokaleku ezberdinak planteatu behar direlako. Hori da teoria, baina praktikara eramatea zaila da. Hala ere, ez dago beste alternatibarik erronka konplexuei erantzun bat ematea nahi baldin bada.
Duela gutxi egin da entzute prozesu horietako bat, Urdaibaiko Guggenheimi buruzkoa. Agirre Lehendakaria Center bera izan da horren arduraduna. Irakaspenik ekarri dizue prozesu horrek?
Bai, prozesu aldetik pila bat. Ikusi dugu posible dela Euskal Herrian gai gatazkatsu baten inguruan entzute prozesu sakon bat egitea. Duela hogei urte akaso ez zen posible. Eta benetan diogu izugarri onak izan direla urte honetan aurkitu ditugun jarrerak, eragile guztien partetik, gainera. Eskertzekoa da. Nork bere jarrera defendatu du, eta gero jarrera kolektibo bat egon da horiek interpretatzeko. Ez da batak bestea konbentzitzeko eztabaida bat izan, baizik eta perspektibak azaleratu eta horiek interpretatzeko ahalegin bat. Eta hori, prozesuari dagokionez, oso inportantea izan da. Izan ere, normalean prozesu konplexuetan ñabardura asko egoten dira; garrantzitsua da horiek ere azaleratzea. Hala ere, konturatu gara ezinbestekoa dela beste tresna batzuez ere jabetzea, prozesuak azkartzeko.
Deliberazio unea da, akaso, prozesuko korapilorik handiena. Eta hor esparru digitalerako pausoa ematea defendatu duzu. Zergatik? Eta nola egiten da hori?
Askotariko ahotsak eta informazio iturriak maneiatzeko orduan, ezinbestekoa da tresna digitalak erabiltzea. Baina baita interpretazio eta deliberazio unean ere. Orain leku guztietan dauden bot-ak [programa informatiko automatizatuak], ondo elikatuta, erabil daitezke informazioa beste modu batera interpretatzeko; arlo teknologikoan eta zientifikoan erabiltzen dira dagoeneko; bada, aprobetxa ditzagun sistema horiek parte hartzeko prozesuetan ere. Elika ditzagun ondo, printzipio demokratikoetan oinarrituta, eta giza garapen iraunkorraren perspektiba batetik. Hartara, simulazioa garatzen ere lagunduko dute. Erronka konplexuak eta gatazkatsuak direnean jokaleku guztiak bisualizatzeko eta eztabaida sortzeko bidea ematen baitu simulazioak. Horretarako erabili behar dira; hau da, parte hartzeko prozesua aberasteko, eta ez zuzenean erabakiak hartzeko.
«Horrelako tresnak erabiltzen ikasten ez badugu, beste batzuek erabiliko dituzte; horretan ari dira dagoeneko, bereziki enpresa teknologikoak. Eta laster etorriko dira zerbitzu horiek eskaintzera»
Horrek arriskuak ere izango ditu, ala?
Bai, arriskuak izugarriak dira, eta, hain zuzen ere, beldurragatik ez dira erabiltzen gaur egun. Baina horrelako tresnak erabiltzen ikasten ez badugu, beste batzuek erabiliko dituzte; horretan ari dira dagoeneko, bereziki enpresa teknologikoak. Eta laster etorriko dira erakundeei eta gizarteari zerbitzu horiek eskaintzera. Eta zerbitzu horien oinarriak eta printzipioak ez dira eraldatzaileak izango. Ez dute giza garapenaren marko iraunkor bat. Beraz, gure planteamendua zera da: sar gaitezen eztabaida horretan, aintzat hartuta arriskuak handiak izan daitezkeela. Euskal Herrian badago jende asko aditua dena, eta badakiena prozesu horiek modu demokratikoan nola egin. Beraz, balia dezagun hori.
Horretarako, ordea, burujabetza behar da arlo digitalean.
Erabat. Eztabaida politiko bat da: erabaki behar dugu ea Euskal Herri moduan benetan gura dugun hurrengo hamarkadetan izango ditugun erronka sozial, sozioekonomiko eta sozioteknologiko horiei erantzun propio bat eman edo ez. Baiezkoa bada, gure azpiegitura propioak behar ditugu, baina baita kudeatzeko ahalmena ere. Erronkak zeintzuk diren badakigu; beraz, sor ditzagun azpiegitura horiek, edo, gutxienez, ikus dezagun ea posible ote den. Hainbat arlotan ezingo da burujabetza osoa izan, baina, gure ustez, datuen kudeaketan edo superordenagailuaren inguruan egiten diren inbertsioek zentzu osoa daukate, baldin eta prozesu horrekin lotuta badoaz.