Itziar Ituño protagonista duen Argi gorriak telesaila aurkeztu zuten atzo Maria Cristina hotelean Primeran plataformako eta ETBko zenbait arduradunek, eta hori amaitutakoan eseri zen Isabel Octavio Uranga (Iruñea, 1974) galderak erantzutera. Nafarroan hazitakoa dela eta «euskararen militantea» dela aipatu zuen behin baino gehiagotan. Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak egin, eta hainbat hedabidetan kazetari lanetan ibilia da. 2013tik 2019ra Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Prentsa eta Komunikazio arduraduna izan zen. 2021eko urtarrilean, EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak irrati-telebista publikoaren estrategia eta komunikazio arduradun berria izateko hautatu zuen. Abendutik da ETBko zuzendari.
Astelehenean, estrategia digitalaren azken erabakiak aurkeztu zenituzten ikus-entzunezko sektorearen aurrean. ETB3 zena ETB1 On da orain, eta ETB4 zena ETB2 On. Zergatik egin duzue aldaketa?
EITBren digitalizazio prozesuan, hau da azken pausoa. Jakinda helburu nagusitzat daukagula euskara, euskal kultura eta gure edukiak Interneten egotea, eta batez ere gazteengana hurbiltzea, estrategia bat abiatu genuen duela urte batzuk. Horren arabera, Primeran plataforma sortu genuen; horrez gain, Makusi haurrentzat; gerora etorri zen Guau audio plataforma; gero Orain, gure albistegi digitala; Kirolakeitb.eus, gure kirol guztiak zabaltzeko eta sakelakoen bitartez gazteek kirol emanaldiak eskuragarri izan ditzaten; eta ETB On plataforma ere sortu dugu, EITB Nahieran zerbitzuaren ordez.
Azken pausoa da aste honetakoa: ETB1 eta ETB2 kateak hedapen digitalean murgiltzea, eta horretarako ETB1 On eta ETB2 On kateak sortu ditugu. Guretzat birmoldaketa bat da. Gazteengandik hurbilago egoteko ari gara. Erronka ez da gurea bakarrik; mundu osoko hedabideek duten erronka da. Gure kasuan, euskara ahul dagoela jakinda, bi kateak hedapen digitalera bideratu ditugu, uste dugulako etorkizuna hortik datorrela.
Datozen egunetan, Korrikaren zuzeneko seinaleak ETB1 On kateko ordu asko beteko ditu. Baina hilaren 30etik aurrera, nolako programazioa izango du ETB3 ordezkatu duen kateak? Eta zer eragin izango du ETB1en?
Guretzat aukera ezin hobea da Korrika Interneten eta mundu osoan zabaltzea. Ondotik, ETB1 On eta ETB2 On kateetan gaur-gaurko gaiak jorratzen dituzten albistegiak emango ditugu, baina ETB1 On katea gure herrirako garrantzitsuak izan daitezkeen ekitaldi batzuk emateko izango da batez ere. Gure irudia munduan zabaltzeko ere bai; adibidez, Euskal Herria Hegan saioa bertan emango dugu. Durangoko Azoka denean, ETB1 On hor egongo da; estropadak daudenean ere bai.
Birmoldaketa honekin, bestalde, ez gara egongo salerosketa eskubideen menpe, eta edonon ikusi ahalko dira saioak. Izan ere, erosten ditugun zenbait film eta telesail, kasurako, ezin izaten ditugu Ipar Euskal Herrian eman, baina aurrerantzean programazio osagarri bat egin ahalko dugu ETB1 On katean, eta saiatuko gara marrazki bizidunak ere ematen. Balio sozialeko edukiak ere eskuragarri egongo dira ETB1 On eta ETB2 On kateetan, eta horrek aukera emango digu esperimentazioak ere egiteko. Ikusteko, adibidez, saio batek nola funtziona dezakeen ordutegiaren arabera.
Haurrentzako programazioak zer leku izango du euskarazko bi kateetan?
Gogoratu nahiko nuke, estrategia digitalaren barne dagoelako, Makusi plataforma 2024ko apirilean jarri genuela martxan. Makusi hor dago, sendo, eta ETB3tik Makusirako trantsizioa edo bidea egina dago. Oraindik Makusi handitzeko aukera asko dauzkagu. 90.000 profil ditugu Makusin, bi milioi ordu kontsumitu dira euskarazko haurrentzako edukiekin. ETB ere Makusi da. Makusiren kontsumoaren bitartez eta antolatzen dituen ekitaldien bitartez, euskal haurren %65-70 inguruk ikusten gaitu. Urte hau amaitu baino lehen Bob Esponja eta Pocoyo euskaraz emango ditugu, eta jo ta ke lanean ari gara Bluey marrazkien eskubideak lortzeko.
«Uste dugu plataformak sortzea eta bultzatzea dela euskara Interneten eta mundu digitalean egoteko aukera bakarra. Horrek esan nahi du telebista konbentzionalen emanaldiak ez direla garrantzitsuak? Ez, noski»
Makusi aipatu duzu, baina familia askoren kexua da haien telebista adimendunetan plataforma ez dabilela.
Makusi sakelakoetan eta tabletetan ere ikusgai dago. Badakigu hobekuntza teknologikoak egin behar ditugula, eta horretan gaude.
ETB1en, baina, zer ordutegi izango dute haurrentzako edukiek?
Goizetan, 07:00etatik 09:00etara; arratsaldean, 15:30etik 17:00etara, nahiz eta batzuetan txirrindularitza egongo den; eta gauean, 20:55etik 21:20ra. Azken tarte horretan, egun Dragoi Bola daukagu. Asteburuetan, berriz, larunbatetan 07:00etatik 10:00etara eta igandeetan 07:00etatik 09:00etara emango ditugu marrazki bizidunak. ETB1 On katean, berriz, asteburuetan 07:00etatik 12:00etara emango dugu haur programazioa.
Jakinda Makusi ikus daitekeela telebistetan, sakelakoetan eta tabletetan, ETB1en errefortzua egingo dugu marrazki bizidunekin eta haur programazioarekin. Sinesten dugu gure umeak direla gure etorkizuna.
Aldatu Gidoia eta Pantailak Euskaraz talde euskaltzaleek salatu dute ETB3ren itxierak kalte handia ekar diezaiokeela euskararen normalizazioari. Pantailak Euskaraz-ek sinadura bilketa bat jarri du martxan, ETB3 ez itxi lelopean. Zer esango zenieke?
Esango nieke gure erabaki estrategikoa etorkizunari begira hartu dugula, horregatik indartu dugula ETB1en haurrentzako programazioa. Eta esango nieke Makusin esfortzu oso handia egiten ari garela, uste dugulako gure haurrak plataformetan daudela. Uste dugu hori dela aukera bakarra euskara Interneten eta mundu digitalean egoteko: plataformak sortzea eta bultzatzea. Horrek esan nahi du telebista konbentzionaleko emanaldiak ez direla garrantzitsuak? Ez, noski. Horregatik indartu dugu haurrentzako programazioa ETB1en.
Kalean ahoz aho dabilen esaldi bat da ea EITB taldearentzat bost plataforma ez ote diren gehiegi.
Gure estrategia bat da, segmentaziorako estrategia bat, nitxo desberdinetara iristeko estrategia bat, bide desberdinetatik eta esparru desberdinetan egoteko. Hori izan da gure apustua, eta guk sinisten dugu apustu horretan. Orain arte lortu ditugun emaitzak hor daude: 500.000 profil baino gehiago baditugu. 2025a, garatu dugun estrategia honen bitartez, euskarazko edukiak gehien kontsumitu diren urtea izan da.
Helburu zehatza zein litzateke?
Milioi bat profil izatea plataformetan.
Zer epetan lor daiteke hori?
Bi urte edo gehiago beharko ditugu. Gure esfortzuak eduki onetan egon behar du, euskarazko eduki erakargarrietan.
EITB Nahieran-etik ETB On plataformara ondo egokitu dira ikusleak?
Teknologikoki askoz hobea da ETB On. Oso intuitiboa da. Ondo doa.

ETB On plataforman bikoiztutako film eta telesail guztiak gaztelaniaz dira. Reality generoko eskaintza bakarra ere gaztelaniaz da: Conquis. Baten batek pentsa dezake hor euskara galtzen ateratzen dela.
Ez dut uste. Herri txiki ere hor dago, sukaldaritza ere bai, eta orain Korrika egongo da. Ez dut uste ETBn inolako joera dagoenik kate bati edo besteari laguntzeko. Ni beti saiatuko naiz biak laguntzen; gure arima biak dira.
Euskarazko saioak ekoizten dituzten batzuek aipatu izan dute Conquis-i promozio askoz handiagoa egiten zaiola euskarazko saio berri edo denboraldi berriei baino.
Ez dut uste hori horrela denik.
ETBko albistegiei dagokienez, sare sozialetan eta beste eremu batzuetan ikusle batzuek kritikatzen dute EAJrekin lerrokatuegi daudela.
Ni ez naiz ETBko albistegien arduraduna. Baina konfiantza dut gure profesional guztiengan. Gure profesionalak beti saiatzen dira ikusten dutena kontatzen. Informazioan liderrak gara.
«Kudeaketa egoki bat egin nahi dut, emakumezkoon eta nafarron ikuspegiarekin. Egonkortasuna bilatzen ari gara programazioan. Zuzenekoak asko indartu behar ditugu, aktualitatera gerturatu
»
2026ko helburuen txostenean, aipatzen da ETB1en late night-a indartzea eta lehiakorragoa eta jeneralistagoa izatea. Nola egingo duzue hori?
Lau helburu nagusi ditut: kudeaketa egoki bat egitea; guztion baliabideekin ari gara, eta kudeaketa on bat egin nahi dut. Kudeaketan nahiko nuke nabaritzea emakumeon eta nafarron ikuspegia. Bigarren helburuari dagokionez, egonkortasuna bilatzen ari gara programazioan, jendeak jakin dezan egunero zer aurki dezakeen ETB1en eta ETB2n. ETBk euskaldunon etxea izan behar du. Hirugarrenik, aktualitatera gerturatu behar dugu zuzenekoen bitartez: zuzenekoak asko indartu behar ditugu. Eta laugarrenez, momentuak bilatu behar ditugu; adibidez, aurten bi kontzertu oso berezi emango ditugu. Eklipse bat egongo da udan, eta horren berri ematen ere saiatuko gara. Momentu oso-oso berezi bat ere egongo da.
Zein?
Kontatuko dizut. Bizi natura izeneko saioa ekarriko dugu BBCtik. Hogei kamera ezkuturen bitartez, gure natura ikusteko aukera izango dugu zuzenean. Euskaldunak oso mendizaleak eta naturazaleak gara, eta Bizi natura-rena hiru asteko momentu berezi eta ederra izango da.
Late night-eko berritasunen bat aurreratu dezakezu?
Antton Telleria aurkezle dela, late night show berri bat emango dugu astearte, asteazken eta ostegun gauetan. Apustu sendo bat izango da, umoretsua.
Umorea aipatu duzula, Anjel Alkain ere itzuliko da.
Bai, Superra fikzioarekin. Faltan sumatzen nuen Alkain, nik eta beste askok.
Kike Amonarrizek duela hiru urte esandako hitzak dira hauek: «ETB1ekin egiten dugun lana neurri batean ETB2k neutralizatzen du. Hautu politiko eta sozial bat behar da euskararen alde».
Oso pozik nago Amonarrizek eta bere taldeak Tribuaren berbak saioan egin duten lanarekin. Iruñekoa naiz, eta gaztetatik naiz euskararen aldeko militantea.
Azken galdera: ETB3 ez itxi Pantailak Euskaraz-ek egin duen deialdiari jarraituz, sinadura kopurua oso handia balitz, EITBk berraztertuko luke ETB3 kentzeko erabakia?
Hausnarketa sakon baten ondorioz hartutako erabakiak izan dira. Baina ni ez naiz gauzak ezin direla aldatu pentsatzen duten horietakoa. Gure estrategia izan da Internet, gazteak, euskara, kultura... etorkizuna hortik datorrela seguru gaudelako. Horrek ez du esan nahi beti asmatu dugunik edo asmatuko dugunik. Erabakiak daukadan informazioaren arabera hartzen ditut, eta apustu honetan ere horren arabera egingo dut. Badakit hartutako erabakia aurrerakoia dela, beldurra sor dezakeela, baina benetan diot euskara, kultura, edukiak eta gazteengana hurbiltzea direla gure helburuak.
Abenduan Unai Iparragirre ETBko zuzendariak Mediaset España taldeko eskaintza bat jaso eta Madrilera joan zen. Pertsonalki nola hartu duzu ETBko zuzendari izateko ardura?
Arduraz eta ohorez. EITBko bekadun gisa hasi nintzen, Iruñeko egoitzan. Nire bizitza profesionala EITBri lotua egon da, eta, hori dela eta, niretzat erronka handi bat da. Arduraz hartzen dut, eta errespetu osoz.
Jarraitzen duzu estrategia eta komunikazio ardurarekin ere?
Bai, jarraitzen dut dena koordinatzen. Egia da talde sendoak ditudala, bai telebistan, bai komunikazio arloan, baita estrategian ere. Eta horrek asko laguntzen dit. Ez da erraza, ez bainaiz superwoman bat, eta, horregatik, pozik nago ditudan talde sendoekin.